Anaiz Aguirre Olhagaray

Ernalketa lagunduaren aldeko Les Bascosen kanpaina abian

Baionako Les Bascos eta Paueko Arcolan LGBT+ elkarteek, Planning Familial 64-rekin batera medikuntzaz lagundutako ernalketari (PMA) buruzko bioetika lege proiektuaz azterketa egin dute. Jendea informatzeko eta sentsibilizatzeko bilkura bat eta bi konferentzia publiko antolatu dituzte.

Les Bascos elkartearentzat legea orokorki positiboa da, baina Frantziar estatua Portugal edo Espainiaren gisako herrialdeekin baizik ez litzateke parekatuko. © Guillaume FAUVEAU
Les Bascos elkartearentzat legea orokorki positiboa da, baina Frantziar estatua Portugal edo Espainiaren gisako herrialdeekin baizik ez litzateke parekatuko. © Guillaume FAUVEAU

Frantziako Asanbladak bioetika lege proiektua aztertuko du irailaren 24tik aitzina. Ministroen kontseiluan uztailaren 24an aurkeztu bazen ere, hainbat aldiz gibelatu dute haren berrikuspena. Lehen artikuluetan, testuak emazte guztiei ematen die medikuntza bidez lagundutako ernalketarako (PMA) aukera. Les Bascos, Paueko Arcolan eta Planning Familial 64-ek begi onez ikusten dute. Alta, kolektiboak zuhurtziari eusten dio, denek ezkontza izateko legearekin bezala, “gorrotoaren itzulera” gertatzen ahal delakoan. Hori dela eta, sentsibilizazio kanpaina bati ekin diote.

Lehen urratsa diputatu eta senatariekin elkartzea da. “Gure elkarteak kide ainitz dituen Landetako hegoaldeko diputatua den Lionel Caussekin izan gara. Vincent Brurekin ere luzaz hitz egin dugu. Jean-Paul Mattei [Pirinio Atlantikoetako 2. barrutiko diputatua] ere ezagutu dugu”, erran du Beñat Gachen Les Bascoseko presidenteak.

Ostegun honetan, irailaren 19an, 18.30ean kideentzat eta interesa duten pertsonentzat bilkura informatiboa eginen da Les Bascos elkartearen lokalean (Baionako Jacques Laffitte karrika, 10). Xeheki aztertu nahi dute lege proiektua, elkarteek ezagutza izan dezaten. Konferentzia publikoei dagokienez, urriaren 18an arratsaldeko 18.30ean Baionako Elkarteen etxean eginen da lehena, Martine Gross homosexual gurasotasunean aditua den soziologoaren parte hartzearekin. Urriaren 18an berriz, goizeko 10.00etan Paueko Recaborden elkartuko dira.

Filiazioa

“Orain proposatzen denarekin harriturik eta uros gaude”, erran dute Beñat Gachenek, Les Bascoseko talde sozialeko Nadine Leonardek eta tokiko Planning Familial taldeko Sarah Pietek. Testuan ageri diren hainbat elementu haien eskaerekin bat datoz. Lehen artikuluak, erraterako, salbuespenik gabe emazte guziei emango lieke PMA izateko aukera.

“Legeak azkenean burasoen engaiamenduan eta borondatean oinarrituriko seme-alabatasuna ezartzeko modua aitortuko luke”. Beñar Gachenek gaineratu duenez, “jadaneko ez gaude adopzioan, hastapenetik filiazioan baizik. Ez da deus, baina borrokatu behar izan genuen”. Beraz, legeak “gurasotasun partekatua” jasoko luke, hots, bi emazteak ama gisa aitortuak izango lirateke. Bikotea bananduko balitz, edozein bikote heterosexualek bezala, eskubide berdinak izango lituzkete.

Halere, LGBT+ kolektiboak honakoa zehaztu nahi izan du: “Soilik emazte bikoteentzat diren aurretiazko borondate adierazpen bat inposatzeko proposamenaren kontra gaude”. Adierazpen hori haurra jaio eta berehala aurkeztu beharko lukete, egoera zibila erregistratuz. Gauzak horrela, elkarteek parlamentariei zuzenketa bultzatu dezaten galdegin diete.

Informaziorako sarbidea

Elkarteek lege proiektuaren beste atal bat ere baikorki baloratu dute, hots, seme-alabek, helduak direnean, emailearen nortasuna jakin dezaten informaziorako sarbidea ukaitea. Diotenez, desmartxa hau “emeki” egin beharko litzateke, urratsez urrats eta ez emaileen bizitzan sartuz. Anonimotasunetik bat batean ateratzeak, “emaileen iheserako” arriskua ekarriko luke.

Proposamen gisa, “interesatu guzientzat plataforma digital ideki bat” iradoki dute. “Honen bidez, beren bizitzako edozein momentutan informazioa eskuragarri izanen lukete, eta baita partekatu nahi lituzketen identifikatzaileak ere”.

Edozein ebaluazio psikologikoren kontra dira elkarteak, haatik, “borondatezko laguntza psikologikoarekiko aldekotasuna” agertu dute. Finean, haur bat izateko “baimenari” ezetza ematen diote eta familia bat osatzeari berriz, baietza.

LGBT+ elkarteentzat lege proiektua hobetu daiteke. Beñat Gachenen arabera, legean aspektu batzuk ahaztu dituzte, intersexualak diren pertsonen egoera eta post-mortem PMA kasuan bezala. “Bioetika legea hainbat gauza argitzeko aukera izaten ahal da”. Lege horren behin-betiko erabakia 2020ko hastapenean hartu beharko litzateke.