Kazeta

Urrutikoetxeak preso jarraituko du bide judizial luzeari aurre egiteko

Irailaren 11n euskal presoak galdegindako askatasun eskaera errefusatu zuen dei auzitegiak. Egun bat berantago, 2017an bera presente izan gabe ezarri zioten zortzi urteko kartzela zigorra prozesuaren hastapenera itzultzea erabaki zuen Parisko auzitegi korrekzionalak, hots, instrukzio epailearengana.

Laure Heinich et Laurent Pasquet-Marinacce abokatuak Egoitz Urrutikoetxea et EH Baiko Eneko Aldanarekin, irailaren 11n. © Goizeder TABERNA
Laure Heinich et Laurent Pasquet-Marinacce abokatuak Egoitz Urrutikoetxea et EH Baiko Eneko Aldanarekin, irailaren 11n. © Goizeder TABERNA

Josu Urrutikoetxearen bide judizial konplexu eta luzea aste honetan berrartu du justizia frantsesak. Irailaren 11n Parisko Dei auzitegiak baldintzapeko askatasunerako lau eskaera aztertu zituen, bi euro-agindu prozeduren eta beste hainbeste estradizio eskaeren testuinguruan. Azkenean ugaotarraren askatasun eskaera ukatu zuten epaileek, nahiz eta joan den ekainaren 19an auzitegiek kontrako erabakia hartu eta asteazkenean euskal presoak aske uztekotan baldintza juridikoak betetzeko prestasuna agertu. Abokatuek helegitea jarriko dutela iragarri dute.

Irailaren 12an berriz, Urrutikoetxeari 2017an toki ezezagun batean zegoela ezarri zioten zortzi urteko kartzela zigorra izan zuen aztergai auzitegi korrekzionalak. Abokatuek huts egiteak argudiatu zituzten, 2016ko atxilotze aginduak ETAko kide izatea leporatzen baitzion, ez haatik 2011 eta 2013an Norvegiako ordezkaritzaren parte izatea, eta kondenak, gertakari horri egiten dio erreferentzia. Auzitegiak irregulartasun horiek aintzat hartu eta instrukzio epaitegira itzuli du kausa. 2020ko martxoaren 17an audientzia berri bat iragarria da.

Egutegi konplexua

Aste honetako auzi saioak iragan dira baina idekirik segitzen dute. Anartean, ETAko militante ohiak auzitegi nazional espainiarrak bere kontra egindako estradizio eskaerei egin beharko die aurre, Parisko dei auzitegiko instrukzio gelak urriaren 16an aztertuko baititu “gizateriaren kontrako krimenen” akusazioa eta “Herriko Tabernei” loturikoa.

Haatik, aitzinetik, irailaren 24an Urrutikoetxea aske uzteko justizia frantsesak ekainaren 19an hartu erabakiari prokuradoreak jarritako helegitearen ebazpena ezagutuko da. Bestetik, 2010ean gaizkile taldeko kidea izatea leporaturik ezarri zioten bost urteko kondena ere aztertu behar du justizia frantsesak, baina ez dago argibiderik. Gisa berean, oraindik ere ez da jakiten 80ko hamarkadako ekintza armatuengatik Madrilek martxan jarri dituen eskaeren inguruko datarik.

Gogora ekartzekoa da Urrutikoetxea osasun egoera kaskarrean dela eta duela bi aste ebakuntza egin ziotela bere eritasuna dela eta. Anartean, hurbilekoek salatu izan dute La Santéko presondegian ez duela bere eritasunagatik behar lukeen zaintza egokirik.