Maite UBIRIA

Comete Sarea omendu dute Baionan eta Angelun

Bigarren Mundu Gerran Belgikatik Erresuma Batura ihes egin nahi zuten hegazkinlariak lagundu zituen Comete sarea omendu dute irailaren 13an Baionan eta Angelun. Oroigarriak jarri dituzte bi hirietan garaian Ipar Euskal Herriko herritarrek egindako lana goraipatzeko.

Baionako tren geltokian Comete sarearen omenez ezarritako oroigarria. ©Guillaume FAUVEAU
Baionako tren geltokian Comete sarearen omenez ezarritako oroigarria. ©Guillaume FAUVEAU

Ospakizun hauetan, Lapurdi hiriburuko tren geltokiaren inguruan duela hogei urte sortu zen Comete Sareko Lagunen Elkarteak eginiko lana nabarmentzeko oroigarria ezarri dute. Angelun, berriz, Lamothe plazan beste oroigarri bat inauguratu ondoren, hiriko domina eman diote elkarteko bi kideri, tartean, Jean Dassie bere presidenteari, Naiz atariak azaldu duenez.

Hegazkinlari aliatuen ihesaldiari laguntza ematen jardun zuen gehienbat Comete Sareak (1941-1944). Euskal Herrian laguntzaile apartak aurkitu zituen ehunka hegazkinlari ihes egiten lagundu zuen erresistentzia taldeak.

Pilotouk erortzen ziren tokitik jaso, naziek okupatutako lurraldeak zeharkatu, Ipar Euskal Herrira ekarri eta Bidasoa ibaia euskal mugalarien laguntzaz igaro eta gero, Gibraltarren barrena berriro Britainia Handira itzultzen zituzten.

Comete Sarearen lehen haria Belgikan ehundu zuen Andrée de Jongh-ek. Gurutze Gorrian erizain bezala sartu eta han ezagutu zuen ondoren esposatu zuen Arnold Deppé ingeniaria.

Deppé Donibane Lohizunen zinemarako soinu teknikari aritu zen urte luzetan. Euskal Herria ezagutzen zuen eta ez zitzaion oso zaila laguntzaileak aurkitzea.

Belgikako erresistentziako kidea atxilotu ondoren, sarea osatzeko ardura bere gain hartu zuen Andree de Jonghek.

«Dedee» goitizenaz ezagutua, 1941eko uztailean heldu zen Baionara. Naziengandik ihesean ziren hainbat kiderekin batera zeharkatu zuen, lehenaldikoz, Bidasoa ibaia, Tomas Anabitarte mugalari hernaniarra bere ondoan zuela.

Ondoko urteetan hamaika aldiz egin edo antolatu zuen erizain belgikarrak hegazkin gidari aliatuak salbu jartzeko zeharkaldia, 1943ko urtarrilaren 15ean atxilotu zuten arte.

Euskal sarekideak

Hain zuzen ere, muga igaro aitzin pilotu horiek atseden hartzeko baliatzen zuten Urruñako Bidegain Berri baserrian atzeman zuten «Dedee».

Bertako jabe Frantxia Usandizagarekin eta bere aterpean bizi zen Juan Manuel Larburu euskal iheslari eta sareko mugalariarekin batera atxilotu zuten Comete sareko burua.

De Jongh kontzentrazio esparruetara eraman bazuten ere, bizirik atera zen eta behin gerra amaituta ohore handiak jaso zituen. Berarekin atzeman zituzten euskal sarekide biak, ordea, kontzentrazio esparruetan hil ziren.

Euskal Herrian laguntzaile apartak izan zituen sareak. Florentino Goikoetxea Hernanin jaio eta Lapurdin errefuxiatu zen mugalaria, Saran sortu eta Donibane Lohizunen hilobiratuta dagoen Kattalin Agirre Erresistentziako kidea, arestian aipaturiko Urruñako Bidegain Berri baserriko jabea zen Frantxia Usandizaga, Hernaniko Osiñaga auzoko Tomas Anabitarte, Juan Manuel Larburu eta Martin Errazkin izan ziren horietako batzuk.

Irundik Oiartzun aldera

Euskal Herrian hainbat sarek jardun zuen nazien aurkako borrokan. Izan ere, Bidasoaren alde batetik bestera pilotuak eraman zituena da ezagunena.

Urruñako Bidegain Berri baserrian behin atseden hartuta, hegazkinlariak eta mugalariak Irun aldera abiatzen ziren. San Migeletik ibaia zeharkatu ondoren, Puntxaseko bidetik Oiartzun eta Errenteriarantz joaten ziren.

Sarobe baserrira iristen zirenean Arbide-Garaiar familiaren laguntza jasotzen zuten. Donostian berriz, garaje baten jabe zen Bernardo Arakamak gordetzen zituen.

Biharamunean britainiar Kontsulatuak bidalitako autoan Madrilera eta handik Gibraltarrera eramaten zituzten, finean Londresera itzultzen zirela berriz ere gerran sartzeko.