Hergarai ibarreko aberastasuna asteburuan gozagarri

Hergarai Bizi elkarteak astebururako prestaturiko egitarauan, irailaren 14an, larunbatarekin, ibarrean gaindi ibilaldiak eta trailak izanen dira, eta igandean berriz, besteren artean, kabalen, ekoizleen eta artisauen azoka.

Anaiz Aguirre Olhagaray|2019/09/13 08:45|0 iruzkin
Hergarai_bizi
Hergarai ibarreko hazleek beren kabalak erakutsiko dituzte Behorlegin. © Hergarai Bizi

Baxe Nafarroako Hergarai ibarrean irailaren 14 eta 15eko asteburuan hainbat aktibitate eginen dira, seigarren aldiz. Hergarai Bizi elkarteak antolaturik, ibarreko natur eta kultur ondarea ez ezik, laborantza, artisautza eta merkataritza aktibitateak sustatzeko parada emanen du ekimenak.

Larunbatean Mendibetik abiaturik ibilaldiak eta trailak egin ahal izango dira eta igandean, Donibane Garazi eta Irati artean kokaturiko ibar dinamiko honen aberastasun gastronomiko, artisanal eta komertziala ezagutzeko parada izanen da Behorlegin.

Larunbat goizean, 12, 21 eta 30 kilometroko ibilaldiak aterako dira Mendibetik. Traila egiteko aukera ere izanen da, "Behorlegi Ttutturu Trail" maratoia nahiz maratoi erdiarekin. Urtero antolatzen den lasterketa honen hamaikagarren edizioa iaz entseaturiko ibilbideetan gaindi ibiliko da, amateur zein profesionalen oniritzia jaso ondotik. Lasterketa bukatu eta, parte hartzaileek Mendiben berean jatekoak izanen dituzte, animazioekin batera. Informazio gehiago www.ttutturutrails.com web atarian aurki daiteke, izen-emateak www.pb-organisation.com atarian egin behar diren bitartean.

Igandeko egitarauari begira Hergarai gainean den Behorlegi herrian azoka antolatu du elkarteak. Egun osoan ekimen andana bat iragarri dute: gasna eta antzinako ogia eginen dute, ibarreko gasna ekoizleen arteko txapelketa, dantzak, kantuak eta musika ikusgarriak, eta baita Hergaraiko ekoizle nahiz artisauen erakusmahaiak ere. Egitarauan, argazki erakusketa, baratzeetara bisita eta haurrentzat jokoak ere iragarriak dira.

Ondare kulturala argitara

Ibarreko ondarea ere ezagutaraziko dute, besteak beste "Behorlegi eta ibarra denboran gaindi" lekukotasunekin eta herriko historia oroitzen lagunduko duten etxeetatik iraganez. Tamaina naturaleko menhir baten kopia bat ere erakutsiko dute eta "Trikuharria eta megalitikoa, ibarrean" izeneko konferentzia segitu ahalko da. Gainera, egunaren hastapenetik Hergaraiko hazleek haien ardi, behi, ahuntz, zaldi eta xerri ederrenak erakutsiko dituzte.

Goizeko 11.00etatik 13.00etara pintxoak izanen dira, Abotia ardotegiko arnoen dastaketarekin batera. Tenore horretan ibarreko sukaldarien tokiko mozkinekin egindako bazkariaz gozatu ahalko da eta gainerakoan, taloak egun osoan eskainiko dituzte.

Azkenik, 2015an Hergarai Biziko hainbat boluntariok sorturiko Sugarai kooperatibak egurraren energiaren transformazio erakustaldi bat eskainiko du, tokiko aktibitate ekonomikoa ezagutarazteko xedez.