Xabier Goienetxea euskal presoa Mont-de-Marsanera hurbildu dute

Xabier Goienetxea Iragorri preso oreretarra Fresneseko presondegitik Mont-de-Marsanekora lekualdatu dute. Nicole Belloubet justizia ministro frantsesak hurbilketa berriak iragarri zituen joan den irailaren 5ean Baionara egin zuen bisitan.

Kazeta|2019/09/11 12:10|0 iruzkin
Orainpresoak-190112-bob4
Urtarrilaren 12an Baionako karriketan milaka lagun bildu ziren euskal presoen eskubideen alde. @ Bob Edme

Egun Mont-de-Marsan eta Lannemezango presondegietan ez diren bost gizonezko daude preso Frantziar estatuan: Iñaki Reta, Joseba Fernandez, Ion Kepa Parot, Jakes Esnal eta Josu Urrutikoetxea. Euskal Herritik hurbilen den Mont-de-Marsango presondegira Xabier Goienetxea hurbildu baitute azken orenetan. Orain arte Fresnesen zuten preso, Euskal Herritik 850 kilometrora. Emazteen kasuan, Frantziar estatuan diren zortzi presoak sakabanaturik segitzen dute presondegi ezberdinetan.

Xabier Goienetxea Iñaki Retarekin batera Ortzaizen atxilotu zuen polizia frantsesak 2015ean. Bi euskal presoak 2018ko abenduan epaitu zituzten Parisko auzitegi korrekzionalean. Epaileek zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zieten, zigorraren bi herenak betetzeko betebeharrarekin. Goienetxearen kasuan, zigorren konfusioa agindu zuten epaileek, beste auzi batengatik betetzen ari den 14 urteko zigorra dela eta.

Hurbilketa berri hau Nicole Belloubet justizia ministro frantsesaren adierazpenenen testuinguruan gauzatu da, zeinetan ministerioak bide horretatik segituko zuela erran baitzuen.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK