Naturan murgiltzeko ekimen andana euskal kostaldean

CPIE (ingurumenaren aldeko gune iraunkorrak) Euskal Itsasbazterrak irail osorako egitaraua osatu du, naturaz eta kulturaz gozatzeko ez ezik, jendeen ezagutzak aberasteko.

Kazeta|2019/09/10 08:31|0 iruzkin
Asporotsttipi
Asporotsttipi Erlaitzeko etxea, Hendaia eta Zokoa artean kokatua da. (CPIE)

Egitarau zabala presentatu du CPIE Euskal Itsasbazterrak ondoko asteetarako. Naturaren gozamena eta ezagupena helburu dituzten ekimenak jende guziarentzat idekiak dira, baina ingurumenaren aldeko ekintzak egiten dituen guneak arreta jarri nahi du gazteengan nahiz familiengan.

Asporotsttipi etxean erakusketak ikusi ahalko dira. Abbadia eremuko eta euskal Erlaitzeko geologia, fauna eta landare aberastasunak eta atzoko zein gaurko lekuko giza aktibitateak ezagutu ahalko dira modu interaktiboan, iraunkorki instalatua den erakusketan. Aldiz, aldi baterako, hots, irailaren 16ra bitartean ezarri dute Beñat Baylek airetik Erlaitzari egindako argazkien erakusketa.

Kostaldetik mendialdera, Ipar Euskal Herriko natur ondarea ezagutzeko parada izanen da Iratiko txaletetan ere. Euskal Elkargoarekin elkarlanetik sorturik, irailaren 28ra arte Labo Estampes kolektiboko artisten, zientzialarien eta lizeoetako ikasleen begiradak ikusi ahalko dira erakusketa eta ibilaldien bitartez.

Erlaitza Eguna irailaren 22an

Natur irteeren artean, Sara eta Etxalar inguruetako Lizarrietako pagadi nahiz hariztien ibilaldia prestatu dute irailaren 13an, bertan ehiza sareen tradizioa ere ezagutarazteko asmoz. Irailaren 21ean berriz, Gilhou basoan murgilduko dira bisitariak eta teknikari batek zuhaitz zahartuek duten aniztasun biologiko handia azalduko du. Zenbait artistak koreografia bat eginen du ere oihanean berean.

Munduko itsasbazterretan biztanleria emendatzen ari dela eta, arazo berriak sortzen ari dira. Irailaren 13an “Entre mer et terre” dokumentalaren eta ondoko eztabaidaren bidez errealitate hori ikusarazi nahi dute antolatzaileek Baionako Patagonia saltegian. Biharamun goizean, Jean Thobyk kontzertu-begetala eskainiko du Asporotsttipin, musika eta zientzia uztartuz landareek sorzen dituzten soinuez jabetzeko. Arratsaldean berriz, soinu-paseo botanikoa eginen dute.

Erlaitza Eguna izan ohi da urteko egun handietako bat Zokoa eta Hendaiako Abbadia jauregiaren artean. Goizeko 10:00etatik 18:00etara motordun ibilgailuei hetsita, irailaren 22an eskaintza zabala izanen da itsasbazter hartan. CPIE-k animazio naturalistak eta arte erakusketa antolatu du Nekateoenea artisten egoitzan.