Mintzalasai ekimenerako motorrak berotzen ari dira

Baiona, Angelu eta Biarritz (BAB) hirigunean euskararen aldeko ekitaldiak heldu den irailaren 23tik 29ra eginen dira. Urte osoan euskara biziarazten duten eragileak argitan jarriko dituzte. Egitarauaren lerro nagusiak ezagutarazi dituzte jadaneko.

Kazeta|2019/09/10 13:25|0 iruzkin
Mintzalasai_biarritzen
Iazko Mintzalasai ekimenaren azken besta Biarritzeko Marion aintziraren inguruetan ospatu zen. © Mintzalasai

“Zazpi egunez, plazer handiz elkar kausitzeko eta euskara partekatzeko parada izanen dugu. Uste baino gehiago girelako!”. Mintzalasai ekimenaren erranaldiak irailaren 23tik 29ra euskara BAB hirigunean biziarazi eta agerrarazteko aste aberatsa iragartzen du.

Ekimenaren prestaketan ari dira bertan parte hartzen duten hamarnaka eragileak. Hori dela eta, aste horretan zehar eginen diren ekintzetan 150 laguntzaile xerkatzen dituzte, muntaketa, ostaturako, apainketarako edo bestelako lan txandetarako. Lagundu nahi duen orok web atarira jo dezake.

Azken hilabeteetan argitalpen ezberdinak argitaratu ditu Mintzalasaik eta horiek ere eskuratzeko parada izanen da irailaren 23tik 29ra, hala nola: sakelako hiztegien bilduma berria, BABeko euskarazko aktibitateen gidaliburua, “Besta euskaraz” kitaren euskarriak eta hiztegi berria.

Denetariko eskaintza prestatzen

Oraino egitarau zehatza presentatu ez badute ere, aste horretan zehar izanen diren ekimenen lerro nagusiak aitzinatzen hasiak dira antolatzaileak. Gogoetarako tarteak, haurren eguna, kulturari loturiko eztabaidak edota bestelako ikusgarriak ere izanen dira, egun bakoitzean gai bati arreta eskainiz.

Irailaren 28an larunbatarekin ekimen andana iragartzen dituzte Angelun, Biarritzen eta Baionan, besteak beste, Seaskaren 50. urteurrena kari, bazkaria eta ondotik Unama eta Montauk taldeen kontzertua. Igandean berriz, ekimenaren besta handia eginen da, familian eta lagun artean euskaraz ongi pasatzeko eskaintza zabalarekin.