“Justizia sozialik gabe ezingo diogu larrialdi klimatikoari aurre egin”

Philippe Martinez CGT sindikatuko idazkari nagusiak agorrilaren 22an “Munduaren amaiera, hilabetearen amaiera: borroka bera” Ficoban egindako eztabaidan parte hartu zuen. Harekin batera, besteak beste, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia mintzatu zen. Béatrice Molle-Haranek sindikalista frantsesa elkarrizketatu du MEDIABASK.EUSen.

Kazeta|2019/09/10 13:30|0 iruzkin
Capture_d%e2%80%99e%cc%81cran_2019-09-02_a%cc%80_15.45.34
Philippe Martinez CGTko idazkari nagusia, Mediabaski eskainitako elkarrizketaren memento batean.

Zein izan da G7aren kontra-gailurrean parte hartzeko arrazoia?

Philippe Martinez: egoerak indar sozialek elkarrekin eztabaidatzea galdegiten du, hots, elkarteek, ekintzaileek, sindikatuek. Zer hobeto herritarrak hobeki bizi daitezen planeta salbatzeko G7aren kontra-gailur bateko proposamenak baliatu baino? Eta hau, ikuspegi sozial eta klimatiko batetik, bazkaltzeko eta hitz egiteko milioiak xahutuko dituzten estatuburu batzuen aitzinean, baina planetan ezberdintasunak emendatzen segituko dutenak. Justizia sozialik gabe, ezingo diogu larrialdi klimatikoari aurre egin.

Justuki, zure sindikatuak txaleko horiekiko posizio bat hartu du. Nola ikusten duzu sartze soziala?

Jakitekoa da CGTn mobilizazioei eta manifestazioei ez diegula beldurrik, gure DNAn da. Ongi baitakigu mundu honetako boteretsuen aitzinean, soilik mobilizazioak direla amore ematera eramaten ahal dituztenak. Hastapenetik mobilizazioak nahi ditugu, txalekoen kolorea dena dela ere. Hilabeteetan zehar erran dugun bezala, herritarren elkarretaratzea behar dugu. Horregatik, G7aren kontra-gailurrak eztabaida posible egin du, beharrezkoa baita eztabaidatzea eta elkarrekin borroka moldeak aurkitzea, ez soilik manifestazioak. Enpresak dituztenentzat lan egiteari utzi behar diogula uste dugu, soilik horrela alda baititzakegu gauzak. Afera garrantzitsuak daude, erraterako, Frantziar gobernuak 64-65 urte bitarte lan egin dezagun nahi du, egoera onartezina da eta beraz, mobilizatu beharrean gara.

Utz diezaiogun planetaren beroketaren ardura gobernuen neurri berean herritarren bizkar jartzeari. Amazoniako oihana erretzen delarik, deforestazioaren eta soja nahiz palma olioa ezarri nahi duten multinazionalak babesten dituzten gobernuen ardura da, irabazi eta dibidendu gehiago nahi dituztelako. Enpresa batean katastrofe bat delarik, istripu deitu ohi zaio, baina langileen errua izaten ote da? Ez, nagusiak dira lan baldintzak bermatzeko erantzukizuna dutenak.  

Bortizkeria polizialari eta errepresioari buruzko eztabaida irekia da. Zer iritzi diozu?

Maiatzaren 1eko Parisko argazkiak ikusiak izanen dituzu. Lehen lerroan nintzen. Aldi oroz gauza bera da, “gu ez gara, besteak dira!” erran ohi zaigu. Eta ez dago eztabaidatzeko gogorik. Errepresioa handia da... Txaleko horiek ainitz sufritu dute. Enpresetan, egunerokoa da: ministroen eta Macronen aldetik errepresioa dago, eta baita nagusien aldetik ere. Kanporaturiko militanteak. Honek ez du mugarik.

Trantsizio ekologikoa kontra-gailurraren erdigunean kokatu da. Duela zenbait urte, gai hau dela eta, CGT uzkur ageri zen. Egun, zuentzat arazo garrantzitsu bat al da? Auzi sozialekin lotzen al duzue?

Honi buruz urteetan aritu izan gara mintzatzen. Batzuetan oharkabean pasatzen da. Baina begira iazko SNCFren gatazka, horri buruz aritu ginen soilik. Eta nor zen mobilizazioaren buruan? CGT. Egun zama trena azkartu behar dela ikusten dugu, SNCFk linea ttipiak ditu - ez dut hitz hori maite - eta geltoki berriak ideki behar dira. Nola mugituko gara trenik ez badago? Borrokan gaude eta Perpignan Rungiseko ibilbidea mantentzeko borrokatzen gara. Bestelakoan, 25.000 kamioi gehiago leudeke errepidean. Eta auzi sozial eta industrialen ikuspegitik min gutiago egiten duena zer den ezaguturik, borroka klimatiko eta ekologiko honetan gaude. Honi buruz ere eztabaidatu behar dugu: nola eskatu deus ez duten herritarrei hobe kontsumi dezaten? Jateko zerbait nahi dutenean. Energia gastua murriztea ongi da, baina Frantziar estatuan pobrezia energetikoan diren 12 milioi pertsona daude. Hortaz, bizi ona eta planetaren biziraupena uztartzen dituen diskurtso bat ukan behar dugu. Hori da CGTtik egiten entseatzen ari garena. 

Sindikalismoari dagokionez, krisi bati buruz ari gara, enplegaturiko %8 baita afiliaturik. Egoera hau gainditzeko zein dira CGTren helburuak?

Begira, ez naiz ni izanen Frantzian sindikaturik dauden jendeak ainitz direla erranen duena, ez baita aski. CGT enpresa ttipi eta ertainetan hedatzeko behar berezi bat bada, izan ere, usu langileak enpresa handiengatik izaten dira azpikontratatuak eta sindikalismoak galdu egiten du. Baina sindikaturiko %8 honen istorioak irriarazten nau. Mobilizazioak dauden bakoitzean, eta Frantzian anitz dira, honakoa erran ohi zaigu: `sindikatuak boteretsuegiak dira. Izorratzen gaituzte!´. Gibeletik, ondokoa entzuten dugu: `ez dira boteretsuak, gizajoak!”.

Bistan da, sindikalismoak gauzak hobeki egiten ahal ditu. Jakina, kide gehiago behar dira, bereziki sindikaturik ez dagoen enpresa ainitzetan. Baina munduko sindikalismoa ezagutzeko, CGT eta sindikalismoak badute oraino aura bat. Aski sindikaturik diren alemaniarrak topatzen ditut eta sindikatuak hain kide guti izanki hainbeste greba egin eta mobilizazioetan jendea biltzeko gai nola garen galdetzen didate. Ez dut erran nahi erreferentzia bat garenik, baina ainitzek beste begi batzuekin ikusten gaituzte.

Euskal Herrian egonik, zer diozu euskararen ofizialtasunari buruz?

Lehenik eta behin, zenbait kultura aitortu behar dira, bai Euskal Herrian, bai Korsikan, bai Bretainian eta eskualde frantziar guzietan. Edozein protestari ezin zaio bortizkeriarekin erantzun eta posizio onean gara txaleko horiekin mintzatzeko. Elkarrizketa eta eztabaidarako beharra dago. Katalunia ere aipatzen ahal dugu. Uste dut eztabaidatuz eta entzunez aurkitzen direla aterabide politikoak. Nehoiz ez errepresioarekin. 

Euskal presoen hurbilketari dagokionez, zer iritzi duzu?

Preso politikoen... euskal presoen egoera erreala ez dut aski ezagutzen. Erran nahi dut, kontent izaten ahal garela, tentsioak baino gehiago, hildakoak zekartzan borroka armatua bukatu delako. Ondorioz, baketze modu bat permitituko duten aterabideak aurkitu behar ditugu, non guziak entzuten ditugun, hemen Irunen gauden heinean.

Diozun bezala, Irunen gaude. Justuki Ipar zein Hego Euskal Herrian LAB sindikatua existitzen da. CGTk tentsioak zituen eta batzuk CGTren zuzendaritza nagusitik zetorren agindu bezala ikusi izan dute. Honetaz jabetzen zara eta zer ustez duzu?

Egoten ahal diren arazoez jabetzen naiz, baina berriz diot, lehenik beharrezkoa dela eztabaidatzea. Pirinio Atlantikoetan batasun departamental bat dago. Berez, Pirinio Atlantikoak Euskal Herriak eta Biarnok osatzen dute. Guretzat departamendu bat da, beraz, CGTren ordezkariak ditugu. Beste leku bateko emazte bat da idazkari nagusia. Eztabaidatu egin behar da eta uste dut beste behin mugimendu sindikalak elkartzeko beharra duela, ez zatikatu. Izan ere, Biarritzen ikusi bezala, aitzinekoak arras baturik dira. Barka adiera, baina denek beren kapera defendatzen badute, seguru gara galdu eginen dugula. Elkar topa gaitezen eta eztabaida dezagun. Horretarako modurik onena joatea da... Beraz, badakit Paueko batasun departamentala zer den eta baita Paue Biarno dela ere. Baina noizean behin, beharrezkoa da kilometro batzuk gehiago egitea aitzinatu ahal izateko.

Ondorioz, LAB eta CGT-ren arteko hurbilketa baten alde zaude...

Eztabaidatu eta elkarrekiko errespetua ukan behar dugu. LAB eta Pirinio Atlantikoetako batasun departamentalaren artean.