Joseba AURKENERENA

Bordaxuriren penak eta bertsoak

IRITZIA- Familia-tragedia batek Bordaxuri galeretara eta heriotzara eraman zuen. Hori da “Galerianoaren kantuan” Hazparneko bertsolariak kontatzen diguna eta Joseba Aurkenerena idazleak gogora ekarri duena.

Joseba Aurkenerena idazlea. © Guillaume Fauveau
Joseba Aurkenerena idazlea. © Guillaume Fauveau

1.- Kantatzera nihazu alegera gabe, / ez baitut probetxurik trixtaturik ere; / nehun ebatsi gade, gizonik hil gabe, / sekulakotz galerak enetako dire. //  2.- Mila zortzi ehun ta hamabortzgarrena / ni Hazparnen preso hartu nindutena; / Plumaigaineko premu orok dakitena, / galeretan higatu beharko naizena.

Honela aurkeztu zigun bere burua Martin Larralde Iturbide Bordaxuri deituak Galerianoaren kantua izeneko lehen bi bertsoetan. Hazpandarra, Plumaigaineko premua zena, deus ebatsi gabe, nehor hil gabe eta sekulako galeretara kondenatua izan zena. Baina zer gertatu zitzaion Martin Larralderi egoera triste horretara iristeko? Ikus dezagun.

    Martin Larralde Hazparnen, Elizaberri auzategiko Plumaienea (edo Plumaigainea) izeneko baserrian sortu zen 1782ko urtarrilaren 7an. Aita Gilen Larralde zuen eta ama Marie Iturbide. Aita Bordaxuria baserriko semea zen eta ezkondua zen Plumaienera, emaztearen baserrira. Bordaxuri izengoitiaz ezagutzen zuten eta semea ere ezizen horrekin iritsi zaigu. Hiru seme-alaben artean, Martin zen premua, eta bizibidez zapatagina izan zen. Iduriz bertsotan aritzen omen zen, bere historia kontatuz aipatu bertso horiez gain Andereno bat ikusi nuen igande goizno batez izenekoak ere ezagutzen baitizkiogu. Gaia ikusirik, bere tragedia gertatu aitzinekoak direla dirudi.

 1.- Andereño bat ikusi nuen igande goizño batez; / bista berian agradatu nintzan haren begiez; / Ez dut uste baduela parerik eztitasunez: / ene bihotza tristerik dago harekin izan beharrez. // 2.- Anitz maite baduzula fama hedatu zauzu; / egun guziez maite berri bat egiten omen duzu; / horiek hola balin badira, nor fidaturen zauzu? / kanbiatu behar duzu ni nahi balin banuzu. // 3.- Baduzuia dudarik zu enetuz geroztik, / nahi ere banukeela zutaz bertze maiterik? / Ez dut uste balaitekela mundu huntan gizonik / kontent bizi laitekeenik zu kitatuz geroztik. / 4.- Mihian dutzun ele ederrak bihotzian bazintu / menturaz zure maitatzia erresoli noikezu; / bainan gero desplazerrik eman gogo baduzu, / otoizen zaitut hemen berian lurrez estal nezazu!


    Martin Larralderen ama 1809an hil zen eta orduan Martinek aitari ama zenaren baserriaren zati bat eskatu zion. Aitak ez zion inolaz ere onartu, eta orduz geroztik biziki harreman txarra izan zuen semearekin. 1815eko ekainaren 27an, Gilenek baimena eman zion Kaselarenbordako Jean Ospitali Plumaieneko lurretan belarrak bildu eta jaso zitzan. Azken hau lan horretan ari zela, baten batek tiro bat eman zion bizkarrean eta bertan hil zuen. Berehala zabaldu zen gertatutakoaren berria eta urte bereko uztailaren 4an jendarmeek Martin erruduntzat hartu eta Baionara eraman zuten preso. Azaroaren 28an Pauen epaitu zuten eta galeretara kondenatu zuten bizitza osorako. Epaiketan zazpi epaile agertu ziren deliberoaren alde eta bost, berriz, aurka. Epaiketan hainbat lekuko izan ziren, den-denak euskaldunak, frantsesez tutik ere ez zekitenak, eta zuberotar batek itzultzaile lanak egin behar izan zituen baita frantsesezko agiri guztiak idatzi ere. 1816ko agorrilaren 5ean, Rochefort hiriko galeretara eraman zuten, hogeita hamabost urte zituela, eta lan behartu horietan ari izan zen, 1821eko abenduaren 19an, Rocheforteko itsasgizonen eritegian hil zen arte. Zendu zelarik berrogei urte zituen.

    Pauen preso zegoela Galerianoaren kantuak izeneko bertso sorta idatzi zuen gertatu zitzaiona kontatuz eta aitaren aurkako erra azalduz. Osora hamaika bertso.

3.- Ala zorigaitzeko premu izaitea! / harek eman baiteraut betikotz kaltea; / aitari galdeginik sortzeko partea, / galeretan eman nau, hauxe duk dotea! // 4.- Ene aita da gizon konsideratua, / semia galeretan du segurtatua; / non-nahi otoitzean belaunikatua, / saindu iduri debru madarikatua!

Martinek, bertso autobiografiko hauetan bere errugabetasuna aldarrikatu zuen, eta, halaber, modu bortitz batez, senideekiko erresumina zigun agertu.                         

5.- Ene lehen kusia, Kadet Bordaxuri, / fagore bat banuke galdetzeko zuri; / ongi adreza zaite ene arrebari, / ene saltzeko zonbat ukan duen sari? // 6.- Aita aitzinean ta arreba ondoko, / osaba burjes hori diru fornitzek; / 
ez ordian enetzat bi sei liberako, / galeretan bederen leher egiteko! // 7.- Elizan sartzen dire debozionerekin; / iduriz badoazila saindu guziekin; / 
beren liburu eta arrosarioekin, / debruak pesta onik einen du heiekin. // 8.- Zortzigarren bertsua anaiarendako; / kontseilu bat banikek hiri emaiteko; / ontsa goberna hadi, etzaut dolutuko, / ni baitan etsenplua errex duk hartzeko. / / 9.- Zuri mintzo nitzaizu, oi aita zilarra! / Ardura dudalarik begian nigarra: / Zure eta ene arraza Bordaxuritarra, / galeretan naizeno ni bainaiz bakarra.

Iduriz, lehen erran bezala, bertsoak Pauen preso zegoela idatzi zituen, eta Hazparne herrira zituen igorri herritarrek kanta zitzaten. Hazpandar ainitzen ustez, Martin errugabea zen, ongi prestaturiko maltzurkeria baten biktima, eta Martinen bertsoak, behin eta berriz, kantatu izan zituzten. Gaur egun, oraino, Elizaberri auzotegian ainitzetan entzun daitezke. Bertso hauek ahoz aho zabaldu ziren Jose Mendiaga bertsolariak “Eskualdun kantuak”  izeneko bilduman, Txilen, 1900. urtean bildu eta plazaratu zituen arte. Ikus dezagun nola kontatu zigun hori dena Martin Larraldek azken bi bertsoetan:

10.- Kantu hauk eman ditut Paubeko hirian, / burdinez kargaturik, oi presondegian; / bai eta kopiatu denbora berian, / orok kanta ditzaten Hazparne herrian. // 11.- Hok eman izan ditut, ez xangrinatzeko; / ahaide, adixkidek, kuraie hartzeko, / eta partikulazki, aita zuretako, / kantu hok aditzean, semiaz oroitzeko.

Martin Larralderen nahigabeak oihartzun handia izan zuen lapurtarren artean eta gure literaturan ere maiz azaldu zaigu. Piarres Larzabal azkaindarrak antzezlan bat eskaini zion, errealitatea eta fikzioa nahasiz, eta XX. mendeko hirurogeiko hamarkadan hainbat herritan jokatu zuten. Amaieran, honela jarri zuen Bordaxuri aitaren ahoan: A!, malurusa ni, ene bizia ez dezaket uka... ez, ez... Bordaxuri ez daiteke umilia... Umiliatzea, itxurarik gabeko gizon bilakatzea litake... Nahiago dut hil, bizien artean hil bat bezala bizi baino... Eta zer? Ni hobendun... Baditut nik ere ene arrazoinak... Hilak, hil tonbak idek zaitezte... Hilak, mintza zaitezte... Bainan zer ikusten dut? Ala burua galtzen ari niz? Ha ene burua... Zer da eni luzatua dagon eskeleta hori?... Hortik, hortik, tonbatik... Ha!!!...
  

Pantxoa eta Peiok Martin Larralderen bertsoak Euskal Herri osora zabaldu zituzten 1975ean, heien lehen diskoan plazaratu zituztenean. Joseba Sarrionandiak 1985etik 1995era egin olerkiak Hnuy illa nyha majah yahoo izen bereziko liburuan plazaratu zituen 1995 urtean Elkar argitaletxearen bidez, eta bertan Martin Larralde izeneko olerkia plazaratu zuen. Ruper Ordorikak, geroago,  musikatu eta Dabilen harria izeneko diskoan plazaratu zuen 1998. urtean. Orduz geroztik hor dabil denon belarri-gogoetan. Balia dezadan olerki eder hau hazpandarrari eskainitako artikulu moduko honi amaiera ezin hobea emateko. Horratx:
Larre berdeak, etxe zuri teila gorriak, / jendarme auto bat / bidean bildots artean pasatzen. / Etxe elizetan otoitzak, / betiko otoitzak neguko keearen antzera / lehun igotzen. // Martin Larralde ez da sekula itzuli,
baina itzuli balitz / (arantzak barrurantza itzuliak lituzkeen sagarroia bezala)... / Itzuli izan balitz, zer? Gaur igandea da, / larre berdeak, / etxe zuri teila gorriak, jendarme autoa bidean / Bayonne 17 panopetik. // Jendea familia erretratuetan bezala / larritasuneraino / perfumaturiko arima erakutsiz doa mezara. // Inork ere ez du / (dena ohitura, dena errua, dena barkamena) / oroimenaren / korapiloa deslotzen. / Inork ere ez du
koblakaririk behar... // Martin Larralde honelako egun batez hil zen
galeretan, / begiak zabalik etzanda, agian, zerua, / itsaso zikin bat dela esanez.