Kazeta

Mugaz gaindiko lehen errugbi liga larunbatean erabakiko da

Euro Basque Rugby Challenge-Euskal Errugbi Ligaren lehen edizioaren finala irailaren 7an jokatuko da Ordiziako Altamira estadioan. Baionako Aviron, Biarritzeko Olympique eta Angelurekin batera, Ordiziako taldea izanen dira txapelketa lortzeko lehiatuko direnak.

Biarritzek eta Ordiziak agorrilean neurtu zituzten indarrak, lapurtarrak gailendu zirelarik. @ORDIZIARUGBY
Biarritzek eta Ordiziak agorrilean neurtu zituzten indarrak, lapurtarrak gailendu zirelarik. @ORDIZIARUGBY

Lehen aldikoz jokatzen ari den mugaz gaindiko Euskal Errugbi Ligaren lehen edizioa bere une erabakigarrira iritsiko da irailaren 7an larunbatez Ordizian jokatuko den finalarekin. Bi partida jokatuko dira. 12.00etan Biarritz Olympique eta Baionako Aviron kluben artekoa izanen da, eta Angelu eta Ordiziaren artekoa berriz, 16.00etan. Partida horietan eta txapelketa osoan zehar puntu gehien lortu dituen taldea izanen da txapelduna.

Euskal Liga agorrilaren 7an jarri zen martxan eta hilabete honetan aurreikusitakoak baino gorabehera gehiago izan ditu, bereziki Biarritzen iragandako G7 gailurrak hiru partida bertan behera uztera eraman dituelako antolatzaileak. Horrekin batera, txapelketan izan den parekotasunak finalaren formatua aldatzea eragin du. Partida bakarrean erabaki behar bazen ere, azkenean ezohiko formula erabaki dute.

Finalera iritsi diren taldeekin batera, Getxo, Hernani eta Bera Bera klubek ere parte hartu dute mugaz gaindiko kirol ekimen honetan. Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa biltzen dituen Euroeskualdea izan da txapelketaren sustatzaileetako bat eta heldu diren urteetan hainbat hilabetez luzatzeko asmoa azaldu dute. “Esperientziak erakutsi digu elkarrekin joanda indartsuagoak garela” erran zuen Iñaki Laskurain Euskal Errugbi Federazioko presidenteak adierazi zuen aurkezpen egunean.

Asmoen artean, EBRC- Euskal Errugbi Ligak emazteen txapelketa bat izanen du, eta baita bigarren mailako bat ere. Ondoko hilabeteetan emanen dute horren guziaren berri.