Maite Ubiria Beaumont

Urriaren 8an jakinen da Xistorren askatasun eskaerari buruzko justiziaren emaitza

Hogeita hamar urte eraman ditu jadanik preso Xistor Harambourek. Bere askatasun eskaera aztertzeko dei auzia iragan da irailaren 5ean Parisen. Erabakia urriaren 8an jakinen da.

Hogeita hamar urte daramatza preso Xistor Haranburuk. ©GuillaumeFauveau
Hogeita hamar urte daramatza preso Xistor Haranburuk. ©GuillaumeFauveau

Iragan maiatzaren 7an Zigorrak Aplikatzeko Auzitegiak Harambourek aurkezturiko bigarren prozedura aztertu zuen. Dagoeneko senpertarrak 2013an aurkeztu zuen lehenengo askatasun eskaera errefusatu zuen frantses justiziak, Naiz atariak plazaratu duenez.

Espainiar estatuan Unai Parot atzeman ondoren, Xistor Haramboure, Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot Lapurdin atxilotu zituzten. 1990an bizi osorako espetxe zigorra ezarri zien frantses justiziak.

Epai horren arabera Harambourek 2008az geroztik baldintzapeko askatasuna lortzeko eskubidea zuen. Izan ere, berme guztiak izan arren –azkeneko epaiketan Lannemezango kartzelako zuzendariaren babesa jaso zuen– prokuradoreak aukera hori behin eta berriro blokeatu du.

Prokuradorea, ildo beretik

Maritxu Paulus-Basurko abokatuak NAIZi azaldu dioenez, aurreko saioan bezala, prokuradoreak bere argudioak atxiki ditu dei auzian, Haranburu preso atxikitzeko eskaera berretsiz.

Xistor Haramboure askatzeak «orden publikoa kolokan jarriko zuela» adierazi du prokuradoreak. Hori gutxi balitz, egun 65 urte dituen presoa kartzelatik ateraz gero «berriz borrokara lotzeko arriskua» nabarmendu du.

Preso lapurtarraren abokatuak, berriz, Euskal Herriak bizi duen egoera berrian fiskalak nabarmendu dituen arriskuak ez direla sinesgarriak adierazi du. Bestalde, espainiar Estatuan kondenatua izan balitz 30 urte beteta Haranburu kalean egongo zela oroitarazi du. Aldiz, estatu frantsesean bizi osorako zigorra jaso zuenez ateratzeko datarik ez duela agerian jarri du.

Ondoren, preso senpertarraren askatasuna onartuz epaileak hartu zuen erabakia berrestea eskatu du.

Auzitegiak heldu den urriaren 8an jakitera emanen du bere erabakia.

Sostengu zabala

Gogoratu behar da prokuradoreak auzi honetan harturiko erabakia salatzeko mugimendu zabala azaldu zela, iragan uztailaren 5ean, Ipar Euskal Herrian.
Euskal Elkargoaren egoitzan besteak beste Jean-René Etchegaray lehendakaria, Lucien Betbeder Ipar Euskal Herriko Auzapezen Biltzarreko presidentea, Max Brisson senatari eskuindarra edo Emilie Dutoya (PS) eta Alize Leiziagezahar (Berdeak) Akitania Berriko eskualde kontseilariak elkartu ziren.

Prokuradoreak harturiko jokabidearen berri izan ondoren adierazpen gogorra zabaldu zuten terrorismoaren aurkako saileko jardunaz gain «frantses justiziaren politizazioa» salatuz.