Kazeta

Roger Etchegaray Ezpeletako kardinala zendu da

Roger Etchegaray kardinalaren heriotza jakinarazi du barda Baionako elizbarrutiak. Euskal elizaren erreferentzia izan den ezpeletarra 96 urterekin zendu zen Kanbon. Bere hileta Baionako katedralean izanen da, irailaren 9an, goizeko 10:30ean.

Roger Etchegaray kardinala. @ Urko Aiartza
Roger Etchegaray kardinala. @ Urko Aiartza

Baionako elizbarrutiak bere web atariaren bidez Roger Etchegaray kardinala barda 96 urterekin Kanbon hil dela jakinarazi du. Zendu eta berehala, Vincent Bru Kanboko auzapez izandakoak eta kardinalaren hurbilekoak azaldu du, "eliza katolikoaren erreferente bat" zela, baina "umila zen eta bazekien bere etxean estatuburuak edo sindikalistak errezibitzen. Jendearengandik hurbil zen", erran du Bruk.

Roger Etchegaray kardinala 1922an sortu zen Ezpeletan. 1947an apez izendatu zuten bere herrian eta denborarekin eliza katolikoan kargu garrantzitsuak ukan zituen. 1970an Marseillako artzapezpiku izan zen eta 1979an izendatu zuten kardinal, 1984an Justizia eta Bakea eta Cor Unum aita sainduaren kontseiluko presidente bilakatzeko.

Urtebete berantago Marseillako artzapezpiku karguari uko egin eta Erromako kuriari eskainiko zion bere denbora. Juan Pablo II. aren hurbileko kolaboratzaile bilakaturik, azken honen erranetara munduko misio berezi eta sekretuetan mezulari lanetan aritu zen Etchegaray, tartean Irak, Kuba, Ruanda edo Txinan.

Gatazkaren konponbidean aktore

Vatikanoan diplomaziarako ardura izanik, Euskal Herriko gatazkan Etchegarayren izena usu izan da aipatua. Hainbat euskal apezpikuren aholkulari funtzioa bete zuen eta hauetako ainitzek egiten zion bisita. Gatazkari aterabidea emateko ordezkari politikoekin harremanak izan zituela ere argitaratu izan da behin baino gehiagotan. Konparazio batera, 2003-2004 urteetan PSOE eta ezker abertzalearen bitartekari izan omen zen, nahiz eta berak beti ukatu.

ETAren armagabetze egunean, hots, 2017ko apirilaren 8an Matteo Zupi irailean kardinal izendaturiko Boloniako artzapezpikua, armagabetzearen bermatzaile gisa izan zen Baionan. Ekitaldia bukatu bezain laster, Zuppik Etchegaray bizi zen Arditeyara jo nahi izan zuen. "Nik eraman nuen Matteo Zupi Kanbora. Lagun onak ziren", erran du Vincent Bruk.

Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak ere Twitter bidez bere doluminak helarazi dizkio familiari: "bere garaiko gizona zen. Euskal Herriko enbaxadore, bere jatorriaz elikatu zen, goian bego". Gisa berean, Urko Aiartza Madrilen euskal senatari izandako ezker abertzaleko kidearen iritziz, "galera handi bat gure herriarentzat. Doluminak senide eta lagunei".