Haramboure, Beyrie eta Fernandez Iradiren audientziak irailean izanen dira

Bake Bideak jakinarazi duenez, hiru euskal presoak aske uzteko prozesuetan Parisko dei auzitegian audientziak izanen dira irailean zehar. Xistor Harambouren kasua gaur bertan aztertuko dute, irailaren 5ean, hain zuzen.

Kazeta|2019/09/05 07:45|0 iruzkin
Xistor-prefektura
Xistor Haramboure aske uzteko galdegin zuten Baionako suprefeturaren aitzinean, joan den uztailaren 5ean. (Guillaume FAUVEAU)

Frédéric Xistor Haramboure eta Lorentxa Beyrieren kasuan baldintzapeko askatasuna eta Ibon Fernandez Iradirenean kondenaren suspentsio eskaera aztertuko dituzte irailean zehar Parisko dei auzitegian, Bake Bideak ohar bidez ezagutzera eman duenez.

Harambouren audientzia irailaren 5ean ostegunarekin iraganen da. Kartzelaldiaren 30. urtean den eta bizi osorako zigorra duen senpertarraren baldintzapeko askatasuna onartu zuen Parisko Zigorren Aplikaziorako auzitegiak joan den uztailaren 5ean. Alta, prokuradoreak segidan helegitea jarri zuen, euskal presoa presondegian mantenduz.

Bestalde, irailaren 12an aztertuko dute 18 urte preso daramatzan Lorentxa Beyrie kanboarraren eskaera. Kasu honetan ere, uztailaren 18an Zigor auzitegiak baldintzapean aske uzteko deliberoa hartu zuen, baina prokuradoreak helegitearen bidea hautatu zuen berriz, aske ateratzeko atea hetsiz. 

Ibon Fernandez Iradik berriz, zigorraren suspentsioa galdegin du. Hamasei urte daramatza preso lasartearrak eta larriki eri da, esklerosi anizkoitza baitu. Orain arte zigorraren suspentsioa ukatu izan diote nagusiki prokuradoreak ezarritako helegiteak direla eta. 2018ko apirilean galdegin zuen azkenekoz eta audientzia irailaren 25ean dago iragarririk.

Hiru euskal presoak aske uzteko deia

Bake Bideak adierazi duenez, ez dago 30 urte presondegian, eritasun larriarekin eta kondenaren bukaeran aurkitzen diren hiru presoak preso mantentzeko jarrera justifikatzerik. “Baldintzapean askatuak izateko baldintza guziak betetzen dituzte”, dio oharrak.

Gisa berean, ministerio publikoaren jarrera gaitzetsi du, bake prozesua kontuan hartzen ez duela eta. “Euskal gizartearen nahiak kontuan ez hartzea eta eman diren indar guziak gutiestea da”, adierazi du bake prozesuaren sustapenean dabilen mugimenduak.

Guztiarekin, Haramboure eta Beyrieren baldintzapeko askatasuna eta Fernandez Iradiren kondenaren suspentsioa onartzeko eskatu du Bake Bideak.