Azkainen hautes-zerrenda berri bat martxan da

Gogoeta talde bat 2020ko herri hauteskundeetarako zerrenda berri bat osatzeko lanean ari da Lapurdiko herrian. Bere asmoak azaltzeko xedez, “Azkaine Bai Euskal Herria Ere Bai” dinamikak heldu den irailaren 26an bilkura publikoa antolatu du.

Kazeta|2019/09/05 13:56|0 iruzkin
Ber_cpazkaine_azkaine_gfauveau-1
Azkaine Bai Euskal Herria ere bai dinamikak zerrenda berri bat iragarri du hurrengo hauteskundeei begira. ©Guillaume FAUVEAU

Ezkertiarra, feminista, ekologista eta abertzalea. Horiek dira Azkainen lantzen ari diren hautes-zerrenda berriaren oinarriak. “Azkaine Bai Euskal Herria Ere Bai” dinamikak herritarren beharrei erantzungo dien herri kudeaketa berri bat sustatu nahi du. Horren guziaren berri emateko, irailaren 26an arratseko 20:30ean Bil Toki gelan bilkura publikoa antolatu du.

Agorrilean egindako prentsaurrekoan, Azkaine Baik herrian martxatzen ez den horretan egin zuen azpimarra: apezetxean diren apartamentuak errefuxiatuen esku ez jartzea, Linky kontagailuen kontrako engaiamendurik eza, bigarren etxebizitzei begira permititua den zergarik altuena jartzeko borondate falta, euskararen aldeko ekimen urriak, lurrari eta etxebizitzari dagokionez Hirigintza Planak eskas duen eraginkortasuna... Beraz, talde berria aitzinean diren erronkei aurre egiteko sortu da.

Azkaine Bai taldeak oroitarazi duenez, herrian EH Bai mugimendu politikoa da oposizioko lehen indarra. 2017ko hauteskunde legegileetan, botoen %18 eskuratu zuen. Orain, tokiko taldeak orduan lorturiko sustengu horri erantzun eta hurrengo hauteskundeetan alternatiba bat eskaini nahi dio.

Gogoeta taldea osatzen duten kideak Azkaineko eguneroko bizian engaiatuak dira, haietako batzuk dinamika munizipalean. Alta, zerrenda berri bat egin nahi dute, proiektu arraberritu bat defendatu ahal izateko. Beren xedeak dira Herriko Etxe euskaldun bat lortzea, emazte eta gizonen arteko eskubide berdintasuna eta ordezkaritza parekotasuna bermatzea, ekologia erabakietan integratzea eta hizkuntz politika eraginkor bat plantan ematea.