Gure Zirkua Kanbora heldu da irailean

Euskal artistak biltzen dituen euskarazko zirkua lehen aldiz iritsiko da Ipar Euskal Herrira. Seaskarekin eta Euskal Kultur Erakundearekin (EKE) elkarlanean, irailaren 19tik 22ra bost emanaldi eskainiko dituzte Lapurdiko herriko kirol zelaian. Sartzeak salgai dira jadaneko.

Kazeta|2019/09/04 14:06|0 iruzkin
Azpeitian__gurezirkua
Azpeitian Gure Zirkua ikusteko ilara luzeak izan ziren agorrilean. @ Gure Zirkua

Euskal Herriko hainbat herrialde iragan eta 25.000 ikusletik goiti erakarri ondotik, Ipar Euskal Herriak lehen aldikoz errezibituko du Gure Zirkuaren karabana. Zehazki Kanbo herrian instalatuko da euskal zirku ibiltaria, irailaren 19tik 22ra. Bost emanaldi eskainiko ditu kirol zelaian instalatuko duen karpan. Emanaldi hauek Seaskaren eta EKEren lankidetzaz gauzatu ahal izanen dira.

Estreinaldia irailaren 19an ostegunarekin izanen da, arratsaldeko 19.00etan. Ostiralean, 20.30ean gozatu ahalko da euskal artisten emanaldiaz eta irailaren 21ean berriz, bi saio izanen dira, 16.00etan bata eta 20.30ean bestea. Azken emanaldian irailaren 22an igandearekin eskainiko dute, goizeko 11.00etan. Sartzeak jadaneko salgai dira Interneten.

Euskal artisten topagunea

Gure Zirkua Poxpolo pailazoak, Don Martin aurkezleak, Garazi kable gaineko dantzariak, Elene eta Iraitz trapezistek, Asier magoak, Ane Miren bihurrikariak, Koldo eta Irati dantzariek, Ekain malabaristak eta Ibon eta Unai musikariek osatzen dute, antolaketan parte hartzen duten beste kideekin batera. Hain zuzen, Gure Zirkuak hori izan nahi baitu, euskal artistek lan egin ahal izateko herriz herri ibiliko den eskaintza.

Aurten haien buruari ezarritako erronken artean, orain arte iragan gabeko eskualde eta herrietara joatea zegoen. Tartean Ipar Euskal Herrira eta helburua aski ongi beteko dute Kanbon iraganen dituzten egunetan.