Martxan dago Txik Txak Ipar Euskal Herri osorako garraiobide sarea

Txik Txak Ipar Euskal Herri osorako den garraiobide sarea martxan jarri du Euskal Elkargoak. Biarritz eta Baiona artean ibiltzen den Tram’busaz gain, autobus zerbitzu zabalago bat proposatzen du.

Haritz Larrañaga|2019/09/03 13:52|0 iruzkin
Guz_trambus_aurkezpena_herriko-etxea_baiona_imiquelestorena02
Tram’busa erabat elektrikoa da. © Isabelle Miquelestorena

Euskal Elkargoak ikasturte berriarekin martxan jarri duen egitasmoak bi helburu nagusi ditu, batetik, auto kopurua murriztea, eta, bestetik, gainpopulatutako eremuetan zirkulazioa arintzea. Garraio sare berriaren mapak Ipar Euskal Herria bere osotasunean marrazten du, Garako artikuluak azaldu duenez.

Herritarrei mugikortasun eskaintza eraginkor bat egitearekin batera, kutsadura murrizten lagunduko duen plan bat aitzinatu nahi du erakunde publikoak. Izan ere, egitasmoa trantsizio ekologikoa sustatzeko eman beharreko urratsen baitan kokatzen da. Egungo bederatzi milioi erabiltzaileetatik, urtean hamaika milioi erabiltzaile izatera iristea da xedea.

Garraio sare ugari biltzen ditu Euskal Elkargoaren planak, baina berrienak atzo estreinatu zituzten Tram’busa eta Txik Txak sarea dira. Hamabost minutuero irtengo den Tram’busa erabat elektrikoa da eta, soilik hogei kilometro orduko abiadura duen arren, Biarritz eta Baiona arteko ibilbidean hamabost minutu aurrezten lagun dezake. Hasiera eta amaierako geltokietan gainera, doako aparkalekuak egin dituzte. Proiektuak, guztira, 168 milioiko kostua izan du.

Txik Txak garraio sareak ostera, autobus linea berriak eskaintzen ditu, eta, aldi berean, lehendik martxan ziren Hegobus edo Chronoplus bezalako sareak egitasmora egokitu dira, orain arteko eskaintza indartuz.

Beste berrikuntza bat, kostaldea eta barnealdea lotzeko osatu duten autobus linea da. Lehen garraio publikoa iristen ez zen hamasei herrik Txik Txak sareko ibilgailuak erabiltzeko aukera dute orain. Atzo arte 70 herrira iristen zen garraio sarea, eta, aldiz, sare berriak 86 herri hartzen ditu baitan. Eskaintza horrek, gainera, 60 lanpostu berri baino gehiago sortu ditu, gehien-gehienak, gidari postuei lotuak.

Txalupak, autoak eta ikasleak

Iragan abuztuaren hamarrean estreinatu zuten “Txalupa” ontziaren zerbitzua ere egitasmo berean kokatzen da. Aturri ibaia zeharkatzen duen ontziak arrakasta handia izan du azken asteetan, turista andana erakarri baititu. Ordea, Angelu, Bokale, Tarnose eta Baiona artean nabigatzen duten ontzien egitasmoak kritikak ere jaso ditu, bi milioi euroko kostua izan baitu.

Txik Txak garraio sareak eskaintzen dituen aukera berriez gain, ibilgailu partikularra erabiltzen jarraitu nahi dutenei ere aukera berriak eskaini dizkiete, errepideetan zirkulazioa arinagoa izan dadin, eta, ondorioz, kutsadura maila ere baxuagoa izan dadin. Horrela, Ondres eta Biriatu arteko autobidea zein Hiriburu eta Samatze arteko autobidea erabiltzen duten herritarrentzat %50eko beherapena eskaintzan duen tarifa berezia bat izango da aurrerantzean.

2018ko uztailetik Euskal Elkargoaren eskumena da eskola garraioa. Hori baliatuta, Ipar Euskal Herriko 8.700 ikasleri garraioa bermatzeko zerbitzua ere egokitu dute, proiektu orokorraren baitan sartuz.

 

Norabide onean doan proiektua izan arren, hobetu daitekeela uste dute txirrindulariek

«Trantsizio ekologikoa guztion erronka da eta erronka horren tamaina kontuan hartuta erabaki genuen mugikortasun arloa iraultzea», adierazi zuen Jean-Rene Etxhegarayk. Euskal Elkargoko lehendakariaren iritziz, «gure eskualdeak gainontzekoen jarrera garatzen lagun dezake, eta, horrela, energia xahuketa modu orokorrean gutxitzen lagun dezakegu».

Ordea, bizikletaren erabilera eta oinezkoen eskubideak bermatuak izan daitezen lan egiten duten elkarteen iritziz, Euskal Elkargoaren proiektua motz geratzen da eta airearen eta energiaren neurrizko erabilera bermatzeko LAURE legeak ezartzen dituen betebeharrak «ahaztu egin ditu». Pascal Ballatore txirrindulari eta oinezkoen AVAP sindikatuko lehendakariordearen iritziz, «arazoa da txirrindularientzako pistak jarri zitzaketen lekuetan jarri dituztela, baina ez dituztela jarri benetan jarri behar ziren lekuetan».

Era berean, geltoki inguruetan autoa uzteko aparkalekuak egokitzeak jendeari garraio publikoa erabiltzeko erraztasuna eskainiko liokeela uste du AVAP sindikatuak.H.L.