Tafallako herriarekiko elkartasunez Baigorritik “auzolanean”

Joan den uztailaren 8an Nafarroako herrian izandako uholde eta kalte izugarrien ondotik, Baigorriko Herriko etxeak eta hainbat elkartek sustengu kantaldi bat antolatu dute irailaren 7rako.

Kazeta|2019/09/02 07:40|0 iruzkin
Tafalla6
Tafallan uztailaren 8an izandako uholdeetan 22 milioi euro inguruko kalte materialak izan ziren. (Iñigo URIZ/FOKU)

Azken asteetan Baigorriko herria mobilizatzen ari da Tafallarekiko elkartasunez. Izan ere, joan den uztailaren 8an Nafarroako herrian alimaleko uholdeak izan ziren, kalte handiak eraginez. Gertaera latz haietan gazte bat hil zen, laborantza eremuetan, lantokietan, komertzioetan eta etxeetan kalte material handiak eragitearekin batera.

Egoera horren aitzinean Euskal Herri osoan elkartasun eta auzolan uhin bat altxatu da, Tafallako Herriko Etxearen deiari jarraiki. Ildo horretan heldu da irailaren 7an Baigorriko Herriko Etxeak eta hainbat elkartek antolatu duten sustengu kantaldia. Gaueko 21:00etatik landa bertako elizan tokiko eta Tafallako kantari eta musikari frankok parte hartuko du.

Partaideen artean izanen dira 40 lagunez osaturiko Lagun Alai abesbatza, Erramun Martikorena, Jean-Michel Bedaxagar, Amaia Riouspeyrous, Kantiruki, Aire Ahizpak, Maitena Monaco, Xandarineko Ahizpak eta Tafallako jota kantariak nahiz musikariak. Kantaldiaren ondotik Plaza Xokon segituko du gaualdiak.

Baigorri mugaz gaindiko lankidetzarako gogoz

Antolatzaileek gogora ekarri dutenez, 70eko hamarkadatik loturak izan dira Baigorri eta Tafallaren artean. Horren adibide da jadaneko 1978an besten karietara Baigorriko eta Bidarraiko auzapezak eta beste gazte andana bat gomitatuak izan zirela Tafallako Herriko Etxera. Aurten ere, herriko dantzariak eta musikariak izan dira eta hautetsiak lotura horiek sendotzeko nahikeriaz ari dira lanean.

Baxe Nafarroako herriak ere 2014ko uztailean uholde azkarrak ezagutu zituen eta baigorriarrek aski ongi dakite elkartasunak nolako garrantzia duen. Sustengu kantaldiarekin batera, diru ekarpenak ere galdegin dituzte antolatzaileek. Gaualdian berean edo Baigorriko Herriko Etxean instalaturiko sustengu kutxan egiten ahal dira.