Kazeta

“47ak herrian, denak herrian” aldarria entzungo da irailaren 14an Bilbon

Irailaren 16an hasiko da Madrileko Auzitegi Nazionalean 47 euskal herritarren kontrako 11/13 makro-prozesua. Agorrilaren 31n agerraldi jendetsua egin zuten Azpeitian, auzipetuei babesa adieraztera beste auzietan zigorturiko euskal herritarren parte hartzearekin. Irailaren 14an manifestazio erraldoi baterako deia luzatu dute Bilbon.

Makro-prozesuko auzipetuak eta babestu dituzten herritarrak jendaurrera agertu ziren Azpeitian. © Irtenbidera 47ak Herrian
Makro-prozesuko auzipetuak eta babestu dituzten herritarrak jendaurrera agertu ziren Azpeitian. © Irtenbidera 47ak Herrian

Urte luzez jardun dira borondatez lanean Espainiar estatuaren jazarpena pairatu duten herritar nahiz senideekin, errepresaliatuen sufrimendua arintzeko asmoz. Hori da 11/13 makro-prozesuan auzipetutako 47 herritarrei leporatzen dietena. Irailaren 16an hasiko da haien guztien kontrako auzia Madrileko Auzitegi Nazionalean. Bi egun aitzin, elkartasun hauspo gisa, Bilbon mobilizazio erraldoia dago iragarrita. Deialdia aspaldi egin bazuten ere, larunbatean egin zuten aurkezpen ofiziala Azpeitian, irailaren 1eko GARAko artikuluak jasotzen duenez.

“47ak herrian, denak herrian” izanen da mobilizazioaren aldarria. 11/13 sumarioaren baitan epaituko dituztenak ez ezik, preso eta iheslariak ere etxera itzultzea eskatuko baitute.

Makro-prozesuan auzipetutako Haizea Ziluagak eta Imanol Karrerak hartu zuten hitza Azpeitian, auzipetuei sustengua agertzeko bertaratutako 80 kideak ondoan zituztela, guziak ere Espainiar estatuaren bortizkeria pairatutakoak edo urteotan “bidelagun” izandakoak. Preso ohiak, torturatuak, senideak, euskal eragileen kontrako prozesuetan auzipetuak, abokatuak, medikuak, psikologoak, Herrira mugimenduko kideak... ziren tartean.

Besteak beste, honako hauek izan ziren Azpeitian: Martxelo Otamendi eta Iñaki Uria (“Egunkaria auzia”); Miren Odriozola (“Udalbiltza auzia”), Oihana Agirre (“Amnistiaren Aldeko Mugimendua auzia”), Carlos Trenor (“18/98 auzia”), Jon Telleria (“Segi auzia”), Ino Galparsoro (“ANV auzia”), Joseba Permach (“Batasuna auzia”), Idoia Ayastui (“EHAK auzia”), Amaia Izko (“11/13 auzia”), Mati Iturralde (medikua), Aitor Ibero (abokatua), Saioa Agirre (torturatua), Tomas Karrera (preso ohia), Mari Angeles Artola (erbesteratu ohia) eta Ramon Oñederra (GALen biktimaren senideak).

Auzipetutako 47 herritarrak eskertuta agertu ziren jasotako babesa ikusita. “Eskuetatik joan zaigu, ez genuen hainbeste jende espero”, onartu zuen antolatzaileetako batek ekitaldia hasi baino lehenago. Oholtza ttipi gelditu zitzaien.
 
Justizia, askatasuna eta bakea

Haizea Ziluaga eta Imanol Karrera auzipetuek hitza hartu zutenean, nabarmendu zuten ez dietela uko egingo beraien printzipio eta aldarrikapenei, pertsonekin egin dutelako lan eta pertsonok zein ingurukoek sufritu duten mina “arintzea” izan dutelako helburu. “Onartzen dugu sufrimendua arintzeko hartutako konpromisoa”, azpimarratu zuten.

Madrilen jazarpena eta bortizkeria pairatu duten lagunen sufrimendua “erreparatua izatea nahi dugu. Hori izanen da berme nagusia gatazka konpontzeko, bakerako eta elkarbizitzarako”. Espainiar estatuak bide horretan pausoak emango zituela ziurtatu zuen arren, “kontrako norabidea” hartu duela ohartarazi zuten Azpeitian.

Aipatutakoaren froga 11/13 makro-prozesua bera dela ekarri zuten gogora. Izan ere, errepresioaren eta jazarpenaren ondorioak mahai gainean jarri, gizartea saretu eta mobilizazio “erraldoiak” antolatzeagatik egingo da 47 lagunen aurkako epaiketa. Era berean, etorkizunari ilusioz begiratzen diotela nabarmendu zuten, nahiz eta euren aurkako zigor eskaerak gogorrak izan. Izan ere, 601 urteko kartzela eskatzen dizkiete orotara auzipetuei.

“Justizia, askatasuna eta bakea” dute jomuga eta eskubide kolektibo indibidualak errespetatzea dute aldarri, “elkarbizitza eta bakerako”. Giza eskubideak, askatasuna eta etorkizuna bermatzen dituen herria aldarrikatu zuten prentsaurrekoan.

Elkartasuna jaso eta adierazi

Azken hilabeteotan jasotako babes mezu oro eskertu nahi izan zuten eta beraien elkartasuna adierazi zieten jazarritako gainontzeko eragileei: “Presoei, deserriratuei eta senideei; Altsasuko gazteei eta Katalunian jazarriak izaten ari direnei; espetxe arriskuan dauden sindikalista nafarrei; jarraituak eta mehatxatuak izan diren migratzaileei; kolaborazio eskaerekin presionatu dituzten gazteei; azken asteotan jarraipenak eta miaketak salatu dituztenei; G7aren aurkako mobilizazioetan atxilotu dituztenei, 500 laguneko zerrenda beltzean daudenei; jazarpen homofobo eta matxistak jasaten dituztenei... Finean, jazarpena eta injustiziak bizi dituzten guztiei gure babesa eta elkartasuna”.

Bilboko manifestazioa jendetsua izatea espero dute. Baina ez da hitzordu bakarra. Irailaren 14ra bitartean ere izanen dira 11/13 sumarioko auzipetuei babesa eskaintzeko aukerak, bereziki haietako bakoitzaren herri eta auzoetan.