“Burujabetza da justizia sozialerako eta demokraziarako bide bakarra”

G7-aren kontra-gailurraren testuinguruan, joan den agorrilaren 23an Irungo Ficobako anfiteatroa jendez bete zen. Bertaratu zirenek Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, Jean-Guy Talamoni Korsikako Parlamentuko presidentea eta Suitzan erbesteratua den Kataluniako ERC-ko Marta Rovira entzun ahal izan zituzten. “Estaturik gabeko nazioen elkar trukaketa” izan zen Maite Ubiria kazetariak animaturiko mahai-inguruaren eztabaida gaia.

Béatrice MOLLE-HARAN|2019/08/31 13:56|0 iruzkin
Otegi_talamoni_rovira
Marta Rovira, Arnaldo Otegi eta Jean-Guy Talamoni, Maite Ubiriak Irungo Ficoban animaturiko eztabaidan. © Jagoba MANTEROLA

Eztabaidaren moldea berezia izan zen, fisikoki soilik Arnaldo Otegi eta Maite Ubiria izan baitziren Ficobako anfiteatroan, Marta Rovira eta Jean-Guy Talamoni bideokonferentziaz aritu ziren bitartean. Nazioaren nozioak justizia sozialarekin uztartzeko aukerak eta burujabetzak mundu hobeago eta justuago bat eraikitzeko egin ekar dezakeena izan ziren eztabaidaren hariak.   

Jean-Guy Talamoniren iritziz, nazio auzia eta soziala estuki lotuak dira: “Corsica Libera austeritate politiken kontra izan zen hastapenetik. Korsikako Parlamentuan korrontearen kontra gaude, baina hutsuneetan justizia soziala erdigunean jarriz gure erabakiekin sistema kapitalista higatzen entseatzen gara. Gure parlamentuan bi korronte daude, hots, autonomistak eta independentistak. Halere, langabeziaren kontra epe luzera begirako neurriak hartu ditugu, garraioan erretretan direnentzat elkartasun funtsa sortu dugu, eta baita txaleko horiekin konferentzia sozial bat egin ere erregaien eta banaketa handien prezioen inguruan neurriak hartuz, horien artean 250 produkturen prezioen apaltzea negoziatzeari dagokiona. Gainera, migrazio krisiaren aitzinean Europak errefusaturiko harrera proposamenak egin genituen”. Korsikako Parlamentuko presidenteak oroitarazi zuenez, gehiengo osoz hautaturiko instituzio hau (botoen %56) ez zen “autonomia instituzio bat”.  

Rovira: “Espainiar estatua erreforma ezina da”

ERC alderdiko Marta Rovira kataluniarrarentzat independentzia da justizia soziala praktikan ezartzeko aukerarik ziurrena. Beretzat Espainiar estatua ez da tresna baliagarria herritarrentzat: “egindako inbestimendu batzuk ez dira bestelako banaketa baterako batere errealistak. Pobreziarako arriskuan gaude. Jende ainitz 900 euro baino gutxiagorekin bizi da hilabetean. Espainiar estatua erreforma ezina, oligarkikoa eta gutxiengo ttipi baten onurari begira dagoela ondorioztatu dugu. Identitate arazoetatik landa, jende ainitzek uste du independentziaren defentsak justizia sozialean aitzinatzeko aukera emanen digula. Beharrezkoa da estaturik gabeko herrien arteko sare bat eratzea”.

Otegi: “burujabetzaz mintzatzea geroaz mintzatzea da”

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak oroitarazi zuenez, partaide den koalizioa Hego Euskal Herriko bigarren indar politikoa da botoen %22arekin (350.000 bozka inguru azken udal hauteskundeetan). “Gure etxea nahi dugun lekuan eraikitzeko eskubidea dugu. Burujabetzaz mintzatzea geroaz mintzatzea da. Gero eta ezberdintasun gehiago diren mundu batean ageriko auzia gogora ekarri nahi dugu”, erran zuen euskal politikariak, memento berean oroitaraziz botere ekonomikoak ez zirela hauteskundeetara presentatu, nahiz eta pertsonen bizitzetan eragin material erabakigarria ukan. PSE alderdiarekin aliaturiko PNV alderdiarekiko indar harremanei dagokienez, Otegik sektore kontserbadoreenek haien ordez bozkatzen dutela erran zuen. “Aldaketa ezaren berme gisa aurkezten dira. PNVk PSE gabe ez luke gobernatuko. Aliantza politika honek permititzen dio boterea izatea. Guk ez dugu guzia ongi egiten, baina herri honek gure, hots ezker abertzalearen antz handiagoa du: feminista, ekologista, ezkerrekoa”.  

Publikoaren galderen txandan, parte hartzaile batek mobilizazio ezagatik “galdurik” zela erran zuen. Otegik hala erantzun zuen: “aitzineko zikloa aski gogorra izan da eta denetarako prest zen estatu baten eta jendartea “narkotizatzen” zuen PNV kontra egin genuen. Martxoaren 8an kamiseta morea jartzeko gai da, Hondarribiko alardean emazteen parte hartzearen ukazioa babesten duen bitartean! Bestalde, koalizio independentistaren buruak egun Espainiar estatuan den eskuin mutur eta autoritarioaren uhina gelditzea lehentasun bat dela erran zuen: “ezkerreko indar guzien artean elkartu behar gara, gutxieneko puntu komunak aurkituz, aliantza zabalak lortuz eta gure artean gutxiago eztabaidatuz”.

Laburtuz, Otegik euskal jendartean nagusi diren baloreen gaineko bide-orria dutela azpimarratu zuen. “Gure herriaren askapenerako proiektu nazional eta sozial bat dugula eta, jendea erakarri eta konbentzitu behar dugu”.

(KAZETA.EUSek euskarara itzulia)