Kazeta

Euskal Selekzioa eta Argentina elkarren kontra arituko dira urriaren 13an

Ohar labur baten bidez, Euskadiko Federazioak aste honetan jakinarazi du Euskal Selekzioaren eta Argentinaren arteko gizonezkoen futbol partida jokatuko dela. Hitzordua urriaren 13an Bilboko San Mames estadioan emana da.

Euskal Selekzioak goi mailako aurkaria izanen du urriaren 13an Bilbon. (Endika PORTILLO/FOKU)
Euskal Selekzioak goi mailako aurkaria izanen du urriaren 13an Bilbon. (Endika PORTILLO/FOKU)

Bere historian lehenengoz gizonezkoen futbol selekzioak munduko txapeldun izandako selekzio bat izanen du aurkari: Argentina. Xehetasun gehiegirik eman ez badu ere, Euskadiko Federazioak aste honetako zuzendaritza bildu ondotik eman du partida honen berri. Bi selekzioen arteko norgehiagoka urriaren 13an izanen dela iragarri dute, Bilboko San Mames futbol zelaian, hain zuzen.

Euskadiko Federazioak bere ordezkariek hemendik gutira partidaren xehetasunak emango dituztela jakinarazi du. Lagunarteko partida historian bi selekzioen artean jokatuko den bigarrena izanen da. Lehena 1922an izan zen Buenos Airesen, argentinarrek aise irabazi zutelarik (4-0).

Duela urtebete hasi zen Euskal Selekzioa FIFAren egutegiaren baitan partidak jokatzen. Iazko urriaren 12an Gasteizen 4-2 gailendu zitzaion Venezuelari eta aurtengo maiatzean hutsean berdindu zuen Panaman.  

Egutegi horretan Euskal Herrira jin baino lau egun lehenago, Argentinak Alemaniaren kontrako partida jokatuko du Dortmunden eta Europara jokalari onenekin helduko dela uste izatekoa da. Alta, bere izar nagusia den Leo Messi ez da hor izanen, Amerikako Kopako azken edizioan epaileari egindako kritikengatik hiru hilabeteko zigorra ari baita betetzen.

1978an eta 1986an munduko txapeldun izandako Argentinak 2010ean Bartzelonan jokatu zuen ofizialki aitortu gabeko selekzio baten kontra, hots, Kataluniarekikoa. Udazken honetan Euskal Herriko futbolariekin neurtu beharko dituzte indarrak.