Hiru Zitxun: belaunaldien arteko harremanak eta loturak sendotuz

Heldu den agorrilaren 30ean Ainiza-Monjolosen iraganen da Hiru Zitxun antzerki, dantza eta kantu ikusgarria. Astebete lehenagoko estreinaldian, ttipi gelditu zen herriko plaza Lakarra, Gamarte eta Ainhize bereko 140 herritarrek eskainitako emanaldia ikusteko. Ikusgarrian parte hartzen duen Bicain familia osoak bere lekukotasuna eskaini du.

Iurre Bidegain|2019/08/29 13:40|0 iruzkin
Loading player...

Urte luzeko ibilbidea duen Hiruak Bat elkartea duela hiru urte berpiztu zuten Lakarra, Gamarte eta Ainiza-Monjoloseko hainbat herritarrek. Biltzen hasi ziren eta bereziki herritarrak elkartzeko beharretik Hiru Zitxun antzerki, dantza eta kantu ikusgarria proposatu zuten berantago. Arrakasta ukan dute, 140 bat lagun engaiatu baitira abentura honetan.

Hiru herrietako herritarrak bildu eta usu elkar ezagutarazi ditu Hiru Zitxun ikusgarriak. Horren adibide argia da Gamarteko Bicain familia, etxeko guziak, buraso nahiz haur baitira partaide.

Kamila alaba txikiak dantza egiten du. Bere anaia den Bettik antzezlanean parte hartzen du¡, Iban, anaia handiak Bolanteekin dantzatzen duen bitartean. Jean-Michel aitari dagokionez, kantatzeaz gain, musikaz arduratzen da Paxkal Irigoienekin. Xitoak taldeko kide ohiak bateria berriz jotzea erabaki du, hamabost urte berantago.

Antzerkian tradizioa duen Baxe Nafarroako ibar honetan jendea elkartzea xede izan badute, belaunaldi berriei euskara eta euskal kultura transmititzeari ere garrantzia eman diote. Bicain familiarentzat ikusgarrian parte hartzea esperientzia oso polita izan da. Bettik azpimarratu duenez, harremana indartu da biztanleen artean eta auzokide berriak ezagutzeko parada izan du. Pena handiz biziko du abentura honen bukaera. 

Bi istorio

Hastapen batean ikusgarriaren testua tokiko hamabost lagunen artean egitea pentsatu bazuten ere, azkenean kabalkadak idatzi izan dituen Jean-Michel Nobliak hartu zuen ardura hori. Aspaldiko iragan bateko istorioa zetorkion burura, hots, 70eko hamarkadan hiru herrietako auzapezek haien herriak batzeko zuten gogoarena, bata. Beste istorio bat ere presente zen, Gamarte eta Lakarra artean den iturriaren inguruko kalapitei lotua. Biak batuz osatu zuten ikusgarriaren haria.

Bi emanaldi prestatu dituzte agorrilaren azken bi asteburuetarako. Lehena hilaren 23an iragan zen eta sartze guziak bukatu ziren, herritarren artean izan duen harrera beroaren erakusle. Ondoko emanaldia agorrilaren 30an larunbatarekin izanen da, Ainhize-Monjoloseko plazan, gaueko 21:00etan. Jatekoak eta edatekoak izanen dira bertaratuko direnentzat.