Anaiz Aguirre Olhagaray eta Antton Etxeberri

Baionako musika ikastaldiko zuzendaria kontrol judizialpean

Baionako instrukzio epaile batek udan iragan behar zen musika ikastaldiaren zuzendaria sexu-jazarpenagatik akusatu du. Azterketa psikiatrikoa egiten dioten bitartean, Bordeleko Jean-Claude Dumas kontrol judizial arinpean da.

Baionako kontserbatorioan uztailean iragan behar zen 13. musika ikastaldia bertan behera gelditu da. © Guillaume FAUVEAU
Baionako kontserbatorioan uztailean iragan behar zen 13. musika ikastaldia bertan behera gelditu da. © Guillaume FAUVEAU

Azkenean, Biarritz euskal kostaldeko musika akademiako zuzendaria akusatu egin dute eta kontrol judizialpean egonen da. Informazioa uztailaren 29an eman zuen Sud-Ouest egunkariak eta Samuel Vuelta-Simon prokuradoreak berretsi egin du.

Informazio hauen arabera, Bordelekoa den eta 76 urte dituen Jean-Claude Dumas uztailaren 5ean jarri zuten polizia zaintzapean. Aldiz, akusatuak data hori ukatu egin du eta MEDIABASKi errandakoaren baitan, uztailaren 8ko astean izan zen deitua Baionako Marracq auzoan jendarmeriak duen komisariara. Bertan atxiki zuten egun osoz, auzitegira eraman aitzin.

Dumasek berak erranda, bere kontra lau salaketa jarriak izan dira, sexu-jazarpen eta erasoengatik. KAZETA.EUS-ek kasuari buruzko lehen informazioa martxoaren 28an argitaratu ondotik, uztailaren 4an 2019ko ikastaldia bertan behera gelditzen zela jakinarazi zuen.

Salaketak azkenean Baionan zentralizatu dira, nahiz eta 2018ko ikastaldiko azken egunean irakasleek Baionako komisarian jarri nahi izan zuten salaketak fruiturik ez eman. Orduko hartan, poliziek salaketak nork bere herrian jarri behar zituztela erantzun zieten.

Jean-Claude Dumasen hitzetan, salaketa hauek 2018ko ikastaldian lehenengoz kontratatuak izan ziren bi irakaslek eta bi animatzailek jarri zituzten. Aurtengo ikastaldia bere ekimenez gelditu omen da bertan behera: “Kontserbatorioak 2019ko urtarrilaren 4an uda honetarako hitzarmen baterako zirriborroa igorri zidan eta ekainaren 26an dena bertan behera gelditzen zeneko informazioa bidali nien”. 

Bere kontrako akusazioa dela eta, Dumasek dio prokuradoreak epaileari kasua iker zezan eskatu ziola. “Erreguzko mandatu baten ondotik, Baionako jendarmeek konbokatu eta zaintzapean jarri ninduten. Instrukzio epailearengana eraman eta honek kontrol judizial arina jarri zidan. Nire obligazio bakarra salaketa jarri duten lau pertsonekin harremanetan ez jartzea da”. Akusatuak leporatzen diotena ukatu du.

Lasaitasuna

Kathleen Hammami salaketa jarri duen eta lekukotasuna eman zuen emazteak MEDIABASKi erran dionez, Biarritz euskal kostaldeko musika akademiako zuzendariaren akusazioaren berri posta elektronikoz jaso zuen. Emazteak baieztatu duenez, “akusatua izateagatik lasaiago naiz, halako gehiegikeriarik errepika ez dezan”. Parte zibila izateko aukera aztertzen ari dela gaineratu du.