Domingo Garat omenduko duen pastorala estreinatuko dute igandean Pagolan

“Domingo Garat” pastoralaren bidez, Frantziar Iraultza garaiko Euskal Herriko egoera gogora ekarrarazi nahi izan du Frantxoa Caset idazleak. Fabien Lechardoy errejentaren gidaritzapean egindako ikusgarria estreinatuko dute igandean 15.30ean. Bigarren emanaldi bat eskainia izanen da abuztuaren 4an.

Idoia ERASO|2019/07/27 08:45|0 iruzkin
Gar_repetitionpastorale_pagola_gfauveau-20
Frantxoa Casetek "Domingo Garat" pastoralaren testua idatzi du. ©Guillaume FAUVEAU

Urtero itzultzen da pastorala Zuberoara; Pagolara bueltatzeko, aldiz, 37 urte behar izan ditu, 1982an egin baitzen azken aldiz. Belaunaldi berriak «lana nahikunde handiarekin» hartu duela azaldu du Fabien Lechardoy zuzendariak. Herri tipia izanik, motibazioa herritar guztien artean hedatu da. 85 arizale (pastoraleko aktore) izanen dira taula gainean, baina beste lanetan ere anitz dira. Agertokia muntatzen, esaterako, 100 herritar aritu dira, eta urte osoan 10 bat emazte ibili dira jantziak egiten, Stephanie Vitte-ren gidaritzapean.

Antzerki herrikoia dugu pastorala, eta horrek taula gainera salto egin ez duten talentuak deskubritzea ahalbidetzen du. «Sekula ez nuen kantatu etxetik kanpo, sorpresa handia izan zen niretzat hautatua izatea, lotsatia bainaiz, eta ez naiz aise moldatzen jendearen aitzinean. Baina ikasi dut, Fabienek eta Sophie Larrandaburu kantu zuzendariak, kuraia eman didate», erran du Thierry Inchastoichipy sujetak.

«Beti bezala, errejent gisara, karguak banatzen ditut. Thierry hautatu nuen boza eta postura ona dituelako. Gero lotzen naiz taula jokoa egiteko, zenbaitek atzemanen dute badirela gauza batzuk kanbiaturik, baina niretako zuzen sartzen dira istorioan», aitortu du Lechardoyk.

Euskal Elkargoa

Obraren idazle Casetek pagolarrei beste gai bat proposatu bazien ere, aurretik idatzita zeukan Domingo Garatena hautatu zuten, gaurkotasunari loturik dagoelako: Euskal Elkargoaren sorrerarekin eta euskararen aldeko aldarrikapenarekin egiten dute lotura, Frantziako Iraultzan eta ondoren Domingo Garatek bi eremu horien inguruan lan egin baitzuen.

Garat anaiak ezagunak dira iraultza eta ondoko urteetan Estatu frantsesean izan zuten garrantziagatik, baina Euskal Herriari eta euskal kulturari izan zion atxikimenduarengatik pastorala Domingori eskaintzea deliberatu zuen Casetek.

Protagonistaren joan-etorriez gain, inguru historikoari tokia eman dio egileak. Lehen lau jelkaldiek Baionako portuan zegoen esklabo-merkataritza jarduera aurkezten dute. Jarraian, frantses iraultza, Lapurdik Biltzarra galdu zuelarik, eta ondoren Estatu frantses eta espainiarraren arteko gerla eta horrek Lapurdira ekarri zuen hondamena agertzen dira. Azkenik, Uztaritzeko auzapez garaia aurkezten da; «biziki inplikatua zen euskarari buruz», erran du sujetak.

«Maite dut pastoralean zerbait azkarrik kontatzea, ikas dezagun zerbait. Pastorala beti ederra duzu, baduzu magia alimalea egun hartan, eta hori ez duzu esplikatzen ahal», erran du errejentak.

 

Pastoralak Zuberoatik kanpo egitearekin ez da ados Lechardoy errejenta

Aldaketa anitz gertatzen ari dira pastoralen inguruan azken urteotan. Kokaguneari buruz Fabien Lechardoy errejentak hau adierazi du: «Horretan, puruekin ados nago. Domaia atzematen dut Zuberoatik kanpo egitea, hemen atxiki baita bizirik luzaz. Orain beste herrialdeetan egiten dute, eta han medio handiagoak dituzu».

Aldiz, bere iritziaren garrantzia erlatibizatzen du: «Hori eztabaida bat besterik ez duzu, pastorala beti biziko da, uste dut eztabaida handiena dela euskararen alde atxikitzea».

Beste aldaketari buruz, hots, emakumeen tokiaren handitzeari buruz, aldiz, «ez dut problemarik, emazte batek gizon bat balio duzu». I. E.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK