Kazeta

CETA itun polemikoa berretsi du Frantziar Estatuak

Asanblada Nazional frantsesak uztailaren 23an onartu zuen Europar Batasunaren eta Kanadaren artean aski eztabaidatua izaten ari den merkataritza libreko ituna. Ipar Euskal Herriko hiru diputatuetatik bik alde eta batek kontra bozkatu zuten.

Asanblada Nazional frantsesak uztailaren 23an berretsi zuen Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko ituna.
Asanblada Nazional frantsesak uztailaren 23an berretsi zuen Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko ituna.

Azken emaitza uste zena baino estuagoa izan zen, baina azkenean Asanblada Nazional frantsesak Europar Batasunaren (EB) eta Kanadaren arteko merkataritza libreko ituna (CETA) onartu zuen. 266 diputatuk egin zuten akordio horren alde, 213k kontra eta 74 abstenitu egin ziren bitartean. Ipar Euskal Herriko hiru diputatuek ere bozketan parte hartu zuten.

Horien artean, hurrenez hurren seigarren eta bosgarren barrutiko diputatuak diren Vincent Bruk eta Florence Lasserrek itun hau berrestearen aldeko botoa eman zuten. MEDIABASKen deiak ez zituzten erantzun.

Jean Lasalle Pirinio Atlantikoetako laugarren barrutiko diputatuak berriz, testuaren kontra bozkatu zuen. Bere Facebook orrian irakurtzen ahal denez, presidente izateko hautagai izandakoak uste du “CETA laborantzan gelditzen zaigunerako, gure produktuetarako eta ezagutzarako zorigaitzezko kolpea” izanen dela.

Laborari ainitz dira CETA ituna salatzen dutenak, uste baitute bi kontinenteen arteko distantzia ikusirik mundu mailako desastre ekologikoa izanen dela. Tokiko laborariak Atlantikoaren bestaldetik inportaturiko produktuen konpetentzia ilegalaren beldur dira. Erraterako, FDSEA64 sindikatuak jadaneko bere arrangurak azaldu izan ditu aitzinetik.

Europar Batasunak eta Kanadak ituna 2016an izenpetu zuten eta atal batzuk jadaneko indarrean dira. Aldiz, osoki plantan emateko EBko estatu kideetako parlamentuek berretsi egin behar dute. Horri erantzun dio Parisen iragan den bozketak.