Patxoki ere prest da Baionako bestak errezibitzeko

Uztailaren 24tik 28ra bitartean, Baionako Patxoki ostatua idekia izanen da. Kontzertuek, bestak eta aldarrikapenak bat eginen dute leku enblematiko honetan.

Kazeta|2019/07/24 09:00|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2018-07-19_a_16.27.38
Euskal kantuekin batera, goizero arroltze eta xingarra dastatzeko aukera izanen da Patxokin. © Patxoki ostatua

Baionako besten karietara, urtero bezala Patxokik ere bere egitaraua izanen du. Egunero 12:00etatik goiti euskal kantuen hitzordua finkatua da, arroltze eta xingarra dastatzeko aukerarekin.  

Kontzertuei dagokienez, estilo ezberdineko taldeak ikusi ahalko dira Baiona Ttipian kokaturik den gune ezagunean. Besten hastapen egunean, hots, uztailaren 24an, Los Bistros Volantes eta Selecter Pum Pee Doo taldeek joko dute gaueko 23:00tatik aitzina.

Biharamunean 19:30ean ekingo zaio musika emanaldiari, afro-jazza jotzen duten Totem Lasai Project taldearekin. Ondotik arituko dira The Very Small Orchestra baionarrak eta DJ Basatik hetsiko du bigarren eguneko egitaraua.

Sister Simone & The Holly Balls eta haien 70eko hamarkadako bluesak idekiko du ostiraleko kartela, 19:30ean ere. Ondotik, Suhuskuneko Torheit metal taldeak hartuko du segida, Zeze taldearekin bukatzeko.  

Uztailaren 27an, larunbatarekin, kontzertuak oren erdi bat aitzinetik hasiko dira, 19:00etan, hain zuzen. The Drunkonnes, Fetiche eta Dj K-Pux izanen dira Tonneliers karrika girotzeko ardura izanen duten taldeak. Igandean 16:00etatik goiti Banda Hasta, Xubung eta Dj Poule Up taldeek emanen diote bukaera Baionako bestetarako Patxokik prestatu duen egitarauari.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK