Kazeta

G7: Biarritzen ezinegona emendatzen ari da

Agintarien aldetik agorrilean eginen den G7 gailurra kostaldeko hiriaren erakargarritasunari mesede eginen diola aipatzen den arren, biztanleek eta merkatariek beren interesak begiratzen dituzte, bereziki arlo finantzarioan eta pertsonalean, kontuan harturik hiria hetsita egonen dela.

G7 garaian merkatariek beren lanbidea garatzeko zailtasun handiak izanen dituzte. © Bob EDME
G7 garaian merkatariek beren lanbidea garatzeko zailtasun handiak izanen dituzte. © Bob EDME

Biarritz erabat hetsirik, biarriztarren joan-jinak zorrotz arautuko dituzte agorrilaren 24tik 26ra iraganen den G7 gailurra dela eta. Herriko Etxea munduko potentzietako agintariei ongietorria emateko detaile guziak prestatzen ari da, direnak eta ez direnak emanen baititu estatuburuak errezibitzeko.

1994ko azaroaren 7an eta 8an Frantziako presidente zen François Mitterranden gidaritzapean, Biarritzen gailur franko-afrikarraren 18. ekitaldia burutu zen. Egun horietan hirian hainbat aldaketa egin bazituzten ere, agorrilaren 24tik 26ra eginen den G7 gailurrean egoera arras ezberdina izanen da.

Gailur honen karietara, hirian, biztanleak, merkatariak eta hainbat profesional kexu dira. Erraterako, data gaizki hautatua izan dela uste dute ainitzek, uda sasoiko oporren bukaeran turista asko izaten baita Biarritzen. Aireportua eta tren geltokia aldi berean hesteak bisitariak uxatuko ditu eta ekonomia apaldu. Atzerriko politikariak baino, turistak errezibitu ohi dituen hirian arrangurak emendatuz joan dira azken asteetan.

“Daten hautapen txarra egin dute. Zergatik antolatu dute sasoi altuan jendea erakartzen duen gisa honetako ekitaldi handi bat jadaneko hori agorrilean badugunean? Konplikazioak ikusten hasi gara. Aparkalekuak lau egun lehenago hetsiko dituzte eta agorrilaren 17an hustuak izanen dira. Zer eginen dute turistek G7 aitzineko hiru egun horietan?”, galdegin du Jean-Pierre Istre Euskal Herriko ostalaritzako lanbide eta industrien batasuneko (UMIH) presidenteak.  

Merkatarien arrangura eta kexua

Beraz, gailur denboran hiria turistez hustu eginen da. Barnealdera joan beharko dute edo bestenaz haien egonaldia gibelatu. Merkatariek bezero garrantzitsuak galdu eta atzerriko delegazio nahiz kazetariak erakarri beharko dituzte. Merkatariak biziki kezkatuak dira, urteko fakturazioaren zati garrantzitsu bat galtzeko arriskua baitute. Kalte-ordainak izanen badira ere, hiru urteko aktibitatea ukaitea eta egun horietan komertzioa idekitzea ezinbestekoa da. Bilana urte hondarrean eginen da eta heldu den urtean batzorde batek dosier ezberdinak aztertuko ditu. “Batzuentzat bikaina da. Balantzan, gu, merkatari txikiak ez gara garrantzitsuak. Azken 15 egunak garrantzitsuak dira. Frantzian diru gehiagorik ez dela erraten digute baina nehoiz baino gehiago gastatzen dugu” erran du Victor Hugo etorbideko merkatari batek.

Bere aldetik, auzapezak egun horietan hiri dinamiko eta dirdiratsuaren irudia eman nahi du eta hori lortzeko merkatariengan jarria du itxaropena. Alta, kafetegiek eta jatetxeek ezingo dituzte terrazak ezarri, debekatuko baitute. Beraz, ez dute irabazi garrantzitsu hori izanen. “Hiru bilkuretara joan nintzen eta guzietan lasaitu ez nauen diskurtso bera entzun nuen. Kazetari eta jende asko izanen denez, auzapezak eta suprefeturak lan ainitz eginen dugula sinetsarazi nahi digute, baina turistak ez dira hor izanen. 2.000 edo 3.000 kazetari horiek ez digute lanik emango, Hotel du Palais inguruetan ibiliko direlako. Gure ordainsaria egiteko bi hilabete gelditzen zaizkigu eta G7aren ondorioz %20-25ean zorpeturik gaude”, dio Michel Mora Saint-Charles auzoko Cyanoko kudeatzaileak.

Libreki ezin mugitzeak buruhauste ainitz ekarriko ditu, eta baita erabakiak hartzeko zailtasunak ere. Béatrice Audion pertsonarentzat zerbitzuak eskaintzeko APEF enpresaren zuzendariak ordaindutako oporrak eman beharko ditu, bere bezero gehienek alde egingo dutelako. 40 langileetatik bik baizik ez dute lan eginen. “Menpekotasunari begirako laguntzan zentratuko gara, baina gure esku-hartzea mugatuko dugu. Nire bezeroen artean baditut Alzheimerra duten hainbat pertsona. Goizez hiru orenez gelditu ohi dira eta beste hiru arratsaldez, haiek estimulatzen baititugu, konpainia eman, erosketak egin, janaria prestatu, etxea mantendu... Lau egun horietan ezingo ditugu ongi zaindu”, deitoratu du Béatrice Audoinek.

Hiriaren erdigunetik kanpo, eremu urdineko merkatari batzuk ezingo dute lasai lanik egin. Isabelle Gaumont Prado jantzi garbitegiko kudeatzaileak eremu gorrian ezarritako entseinekin lan egiten du. “Zer erranen diguten zain gara, zirkulatu ahalko ote dugun, zer tenoretan eta nola. Ezerezean eta erabateko egoera lainotsuan gaude. Sekulako aztoramendua ez gauza handirako. Eremu gorrian ezin badugu etxera banaketa egin, hetsi beharko dut. Ez dut alferrik idekiko”, dio Gaumontek. Baionako merkatariak ere kezkatzen hasiak dira eta jadaneko jakina da merkatua ez dela hiru egunez idekiko, ezta larunbatetan karrikan instalatu ohi dena ere.

Menpekotasuna duten pertsonen egoera

Aberrazioa bere gorenera emendatzen ari da, izan ere, gailur denboran Hotel du Palais eta Hiriko Kasinora begira dauden etxeetako jabeek pertsianak zerratzeko irizpideak jaso baitituzte, ez dezaten zer pasatzen den ikus. Eta segurtasun protokoloengatik, jakina. Adineko pertsonek ere bisita gutiago izanen dituzte eta familiak momentu horiek arintzeko eta zaintza antolatzeko egokitzen ari dira. “Nire aitak erabateko menpekotasuna du. Zainketa zerbitzua ematera datozenentzat alimaleko arazoa izanen da. Biarritzen menpekotasuna duten pertsonekiko nahaspila handia ekarriko du. Nire aita ikustera jiten den kinea asaldatua da”, dio Jean-Pierre Artéon biarriztarrak.

Mediku-lanbideei dagokienez, profesionalak lanean segi dezaten estrategiak antolatzera behartuak dira. Pazientzia eta pedagogia beharko dute. “Ez naiz ni egokitu behar, nire zain egon behar diren pertsonak baizik. Haien zainketa ezin da baztertu. Uda beti zaila da, goizagotik egokitu ohi gara. Nire pazientea abisatuko dut. Beren bizitzaren parte gara. Ez dela nire errua ulertuko dute, aski ulerkorrak direlako. Egun horretan larrialdien zerbitzura deitu beharko du jendeak, edo bestela itxoin”, argitu du Denis Carapina Sain-Charles auzoko erizainak. Ospitaleak ere alertan dira, larrialdi zerbitzuak emendatzea espero baitute.

Dena dela, batzuk mediku-kabinetea hestea erabaki dute. Benoît Raynaud osteopataren kasua da hau. Barnealdetik eta euskal kostaldetik datozkion pazienteekin behar bezala lan egiterik ez du izanen. Izan ere, Biarritzetik ibiltzeko identifikazio txartel bat beharko da, baina inguruko hirietako bisitariek ezingo dute sartu. “Baldintza hauetan pertsonak behar den bezala tratatzea ezinezkoa iruditzen zait. Data oso gaizki hautatu zuten. Ekitaldi hori Biarritzera ekartzen ahal da, baina nehoiz ere udan. Nire paziente gehienek joatea erabaki dute eta hestea erabaki dut. Jende guti izanen da. Jendeak erabili ohi dituen lekuetara mugitzeko zailtasunak izanen ditu.”, iritzi dio Raynaudek.

G7a Biarritzen hartzeko iragarpenak hastapen batean sektore batzuetan sorturiko kuriositatearen eta interesaren ondotik, herritarren artean antsietatea eta zalantzak areagotzen ari dira. Dataren arazoaz harago, herritarrekin neholako kontsultarik ez egitea deitoratzen dute ainitzek. Biarriztar batzuk hiritik alde egitea erabaki dute, beste batzuk zalantzan diren bitartean. “Ekitaldian biarriztarren parte hartzea interesgarria izan zitekeen, baina ez da halakorik. G7aren ekitaldi berezi batzuetan elkarte batzuk hautatu dituzte. Herritarren inplikazioaz ez dugu deus ikusi. Jakina, kontua ez da G7ko buruekin mahaia partekatzea, baina bai gertatzen ari den horretan gure iritzia jasotzea. Gauza ainitz izanen baitira. Biarritz ez da gisa honetako gertakaria antolatzeko hiririk egokiena”, azaldu du Thomas Andro bizizaleak.

24 milioi euroko gastua

Urtero planetaren aberastasunaren bi herenaren jabe diren zazpi potentziak elkartzen ditu G7ak: Alemania, Kanada, Ameriketako Estatu Batuak, Frantziar Estatua, Italia, Japonia eta Erresuma Batua, Europar Batasuna gomitatu berezia delarik. Gailurrak estatuburuak ez ezik, ministroak eta hainbat delegazio ere biltzen ditu. Bilkuretan gai ezberdinekiko estrategia komunak finkatzea dute xede (ekonomia eta finantzak, nazioarteko defentsa eta segurtasuna, hezkuntza, ingurumena...). Delegazioetan 3.200 pertsona espero dituzte, beraz, segurtasuna maila gorenekoa izanen da bereziki Lapurdiko kostalde osoan.

Antolatzaileek polizia indarren kopuru zehatzik eman ez badute ere, milaka izanen dira errepide, karrika eta inguruetan. Horiekin batera, 5.000 bat soldadu. Baionako auzitegiak 70 abokatu ere onartu ditu pertsonak auzitegian fite defendatu ahal izateko. Gailurraren antolakuntzaren parte diren milaka jende horiek egokitzeko Euskal Herriko hoteletan 5.200 gela erreserbatuak izan dira, Biarritzeko 55 hotelak eta gelak barne. Landetan eta Pauen ere beste mila gela prest dira. Gailurra jarraitzeko milaka kazetari ere akreditatuak izan dira. Orotara, G7 gailurrak 24 milioi euroko balioa izanen duela estimatzen da.