Anaiz Aguirre Olhagaray

Baionako Hiriak errugbi profesionalarentzat diru-laguntza emendatu du

Uztailaren 18an Baionan buruturiko herri kontseiluan, gehiengoak Aviron Bayonnais Rugby Pro klubarentzat “komunikazio zerbitzuetarako” 290.000 euroko diru-laguntza onartu zuen. Bayonne Ville Ouverte taldeak alde bozkatu zuen, Bihar Baiona eta Baiona 2014 abstenitu ziren bitartean.

Baionako Herriko Etxeak urtero hitzarmen bat egiten du eliteko errugbia diru publikoarekin laguntzeko. © Bob EDME
Baionako Herriko Etxeak urtero hitzarmen bat egiten du eliteko errugbia diru publikoarekin laguntzeko. © Bob EDME

Baionako azken herri kontseiluan Aviron Bayonnais Rugby Pro (ABRP) klubari buruzko hainbat puntu eztabaidatu eta bozkatu ziren. 2019-2020 sasoirako 650.000 euroko laguntza onartua izan zen. Horrez gain, hiriko instituzio publikoak 290.000 euro emanen dizkio errugbi klubari “komunikazio zerbitzuengatik”. Debatean, oposizioko talde batzuk zalantzan jarri zuten proposamena.

Jean-Claude Iriart Baiona 2014ko hautetsiaren hitzetan, errugbi profesionalari eman beharreko laguntza “erregularki zalantzan jarri behar da”, erantsiz kirol elkarteak ezin dira ahanzturan utzi. 2019-2020 sasoirako laguntza “mandatua hasi zenekoa baino 128.000 euro handiagoa da”. Azpimarratu zuenez, “emendatze hau hiriko zerbitzuengatik egindako kontratuaren baitan bat batean 500.000 eurora emendatu zen 2016an, duela urte bat zentzuzko kopurura itzuli beharrean”.

Bihar Baiona taldeko Mathieu Bergék adierazi zuenez, 650.000 euro horietatik 150.000 “hezkuntza eta kohesio sozialera” zuzenduak izanen dira, eta gaineratekoak (500.000 euro), “hedabideetako aipamenera”. Kopuru horri Jean Dauger zelaiaren zerbitzu zerga kendurik (218.000 euro sasoi honetan), Bihar Baionako ordezkariak bere kalkuluak egin zituen: “beraz, hiriak 722.000 euro garbi emanen ditu errugbi profesionalarentzat eta bere eragile ABRP-rentzat”. 

“Bestetako pasetik diren irabazien bikoitza baino apur bat gutxiago da eta hori Baionako elkarteei ematen dizkiegun diru-laguntzen %25 eta %30 da”, erran zuen Bergék. Gauza bera bi aldiz diruztatzen ari ote den zalantzan jarri zuen.

Michel Soroste finantzen axuantak gogora ekarri nahi izan zuen Aviron Bayonnais 14 onenen artean dela eta baita 24 urtetan diru-laguntza errefusatu duen herri kontseilurik ez dela izan ere.

Kirol plana onartua

Jean-René Etchegaray auzapezak 2020-2025 eperako kirol plana ere bozkara eraman zuen. Txosten honek kirol aktibitate fisikoentzat hiriaren estrategia zehazten du.

Henri Etcheto Bayonne Ville Ouverteko buruak testua “disimulaturik kanpaina txosten” gisa definitu zuen eta ez zuen bozketan parte hartu. Bihar Baiona eta Baiona 2014 taldeek alde egin zuten, nahiz eta buxetean ezarritako hainbat elementuren hutsunea kritikatu. “Abian da”, erantzun zuen Agnès Duhart kirol axuantak.