Anaiz Aguirre Olhagaray

“Kausa politikoak hiriarekiko dugun interesa desbiderarazten du”

Dominique Duguet hurrengo herri hauteskundeetarako ziburutar hautagai bat da Ensemble pour Ciboure taldean, Herriko Etxearen gobernantzarako lehiatuko diren bost taldeetako bat. La République en Marchekiko leiala bada ere, Dominique Duguet etiketa politikorik gabe presentatuko da. Bere programa urtarrilean aurkeztuko du, baina interes gehien sortzen dion gaietako bat Encan garapen eremu diferitua (ZAD) da, zeinean hiriak 2,5 milioi euroko gastua izan duen.

Dominique Duguetek Ziburuko auzapez kargua lortu nahi du. © Guillaume FAUVEAU
Dominique Duguetek Ziburuko auzapez kargua lortu nahi du. © Guillaume FAUVEAU

Zein da zure ibilbidea?

Dominique Duguet: 2005etik herriko hautetsia naiz. 2003an alderdi sozialistara batu nintzen eta 2008ko herri hauteskundeetan parte hartu nuen sozialisten primarioak irabazi ondotik. Lehen itzulian aliantza bat egin nuen Ziburu Bizirekin. Hautagaitza hau ez zen sozialisten gustukoa izan, hori erran beharra dago. Edozein gisaz, ibilmoldean arazo bat bazen. 2017an jendeak errefusatu zuen guzia agerian gelditu zen. Erran nien, “ideki behar dugu, esklerosikoak gara, ez da ongi”. Pertsonen arteko eta funtzionamendu mailako gatazketara iritsi ginen. Horrela, departamentaletara desmartxa herritarrarekin presentatu nintzen. Naizenarekin bat egiten duen ibilbide bat da, jadaneko 2002an kausa politiko batengatik baino herritarrak bildu beharraz mintzatu bainintzen. Izan ere, kausa politikoak hiriarekiko dugun interesa desbiderarazten du.

Halere, La République en Marcheko kide zara...

Bai, baina mugimendu bat da. Ezin gara karta politikorik gabe gelditu, bestela, zorigaitzez, pertsonalki, aitzinatu nahi baduzu sare batean egon beharra dago. Gainerakoan politikatik baztertua zara. Beraz, Ezkerreko Alderdi Erradikalaren karta hartu eta 2017ko hauteskundeak etorri ziren. Maila politikoan erabateko aldaketa izan zen. Frantziar Estatuaren beharrei erantzungo zien hautagai baten alde egin nuen. Horrela, alderdi zentrista batetik beste batera joan nintzen. Nahiago dut La République en Marchen aukera. Filosofian erran nahi dut, gobernuaren jarduera beste gauza bat baita... Ensemble pour Cibouren egin genuenarekin bat egiten du. Taldea 2007an sortu genuen, justuki abertzaleekin aliantza bat egin ahal izateko. Ez zen kausa politikoa, herritar abertzaleak ziren. Ez genuen akordio politiko bat egin. Herritarren arteko akordio bat egin genuen.

Hurrengo herri hauteskundeetarako hautagaia zara, baina ez En Marchen etiketarekin.

Ez, Ensemble pour Ciboure lehenago zegoen, herritar proiektu ideki bat gauzatzen ari ginen, pertsonen hurbiltasunari idekiak eta garapen jasangarritasunaren alde. 2008tik bihotz taupadaka ginen. 

Zergatik aurkeztuko zara herri hauteskundeetara?

Ziburuk merezi duelako! Gure lema hori da. Hiru mandaturen ondotik, Herriko Etxeak harturiko orientazioekin eta egiteko manerekin ez garelako ados. Gehiengoarekin elkar ulertzen eta lan egiten entseatu gara, baina ezinezkoa da. Oposizioan izanki, aitzinera egiteko bazter nahasletzat hartzen gaituzte, nahiz eta hori hala ez izan. Zinez herriaren kudeaketan ikuspegi berri bat ekarri nahi izan dugu. Guretzat garrantzitsua zen.

Ekonomia ahultzen ari da, eta baita elkarteen eremua ere. Elkarteei esleituriko diru-laguntzak %28 apaldu dira. Eskola publikoetan aski handia den biztanleriaren %25 galdu dugu eta biztanleria ere apaltzen ari da. 6.477 bizizaletan gara, 7.025 izan direnean. Ez da logikoa. Praktikan biztanleko etxe bat bada. Lehentasunez lokalak alokatu behar ditugu eta gazteendako etxebizitzak aurkitu. Euskal Elkargoan ere pisua ukan behar dugu. Hemen konplikatuagoa da... Ziburun, batzorde guzietatik baztertuak garelako. Hiru ordezkari baizik ez ditugu.

Zure ustez, zein da hauteskunde hauetako gai nagusia?

2015ean sorturiko Encan-eko ZAD. Lehen Ziburuko bihotz ekonomikoa zen, arrantzan oinarritua. Bi karriketan hogei jabetza 2.656.650 eurotan saldu ziren. Ezin dugu harago joan, Ziburuko hiriak ez du baliabiderik. EPFL-i (lur publikoen tokiko erakundea) itzuli behar dio. Orain ezin dugu gibelera egin, ondorioz, beste aterabide bat atzeman beharko dugu. Finantzatzeko, aski da saltzea. Azken batean, zorpetzen ahal gara, ez da arazorik, baina epe laburrean higiezin operazioak egin beharko ditugu. Geroz eta gehiago erosi, gehiago ordaindu beharko da, hori da arazoa. Etxebizitza sozial bat egiten baduzu, alokatzaile sozialarentzat edo pribatuarentzat prezioa ez da berdina. Ondorioa: gutxienik etxebizitza pribatuak egitera beharturik izanen gara. Baina edozein gisaz, egiten entseatuko gara.