Joseba AURKENERENA
Gar_josebaaurkenerena_urruna_gfauveau01
Joxe Mari Murga, jauntxo, ibiltari eta idazle

IRITZIA- XIX. Mendearen hastapenetan orientalismoa pil-pilean zegoen mendebaldeko Europan eta ainitz izan ziren etxea eta familia utzirik, arabiar zibilizazioaren bila abiatu zirenak. Orduko gizarte estuaren itomenetik ihes egiteko modua zen. Ibiltari horietako bat izan zen Joxe Mari Murga jauntxo bizkaitarra.

2019/07/22 09:00 | 0 iruzkin

XIX. mendearen hasieran, Ipar Afrikako eta Asiako herri arabiarrekiko zaletasuna Europa osora zabaldu zen. Kultura arabiarra ezezaguna eta exotikoa zen europarrentzat, eta honek bidaiari ainitz bultzatu zituen Ipar Afrikara eta Arabia aldera. Horietako asko asperturik zeuden Europako bizimodu petral eta aspergarriaz, beste asko orduko bizimoduaren estresak eta eginbeharrak jota, eta horregatik, Europan zituzten lanbide eta erosotasunak utzirik, Ipar Afrikara igaro eta hortik barrena abiatzen ziren ezezagunaren bila.

Horietako bat izan zen Domingo Badia Leblich katalana (1767-1818). Aitaren lanbidea zela eta, familia osoa Bartzelonatik Almeriara aldatu zen eta hantxe piztu zitzaion Domingo gazteari mundu arabiarrekiko zaletasuna. 1803. urtean hasiera eman zion bidaia luze bati. Marokotik abiatuz, Aljeria eta Libia zeharkatu zituen eta Egiptora iritsi, gero Arabia, Palestina eta Siriatik barrena ibili ondoren, Turkiaraino iritsi zen. Bidaia hau egin ahal izateko Ali Bei al-Abassi izen arabiarraz ezkutatu zen. Nortasun faltsu horrekin Mekara sartu ahal izan zen eta deskribapen zehatza egin zuen geroxeago plazaratu zuen bere bidaia-liburuan.

    Badia bezalakoek mundu arabiarrekiko sukarra zabaldu zuten Europa osoan, eta ugari izan ziren, horrelako ibilerak egiteko prest azaldu zirenak. Horietako bat izan zen Joxe Mari Murga abenturazale bilbotarra.

1.- Joxe Mari Murgaren nondik norakoak

    Joxe Mari Murga Mugartegi Bilbon sortu zen 1827. urtean, Aiala leinuko familia aitor-seme batean. Aita, Manuel Murga Zaldua, Xemeingo Bidarte dorretxeko jauntxoa zuen eta ama, Anbroxi Mugartegi Mazarredo. Madrilen eta Loiolan ikasi ondoren, ikasketa militarrak egin zituen eta horri esker, Konstantinopla ezagutu ahal izan zuen. Hortxe ezagutu zuen lehen aldiz kultura musulmana, eta ordutik harekiko zaletasun handia erakutsi zuen. Geroztik arabiera ikasi zuen Parisen eta medikuntza ikasketak egin zituen Madrilen, kirurgia arloko titulua atzemanez. 1859an, Afrikako Gerra zela eta, Murga komandante graduazioarekin ibili zen Ipar Afrikan eta hor izan zen 1863an gerra bukatu zen arte. Horren ondotik armada utzi eta Bilbon testamentua eginda utzirik, aspalditik buruan zebilkion bidaiari hasiera eman zion.


2.- Joxe Mari Murgaren lehen bidaia

     1863an Marokora abiatu zen eta Tangerretik Hach Mohamed el Bagdadi izen faltsua erabiliz, sekulako bidaia egin zuen. Bidaia horretan denetik egin behar izan zuen bizimodua aitzina ateratzeko; merkatari, erromes, ipuin kontalari, eskale, sendagile, emagin… izan zen eta lanbide horiei guztiei esker, bidaia luzea burutu ahal izan zuen. Bidaian ikusitakoa eta ezagututakoa idazten zuen, era guztietako zehazkizun etnografiko eta kulturalak bilduz.   Ama 1865ean hil zitzaionez, itzultzea erabaki zuen eta 1867an berriz Bizkaian zegoen.  1868an “Recuerdos marroquies del moro vizcaino” (Bizkaiko mairuaren marokoar oroitzapenak) izeneko liburua plazaratu zuen, non bidaian egindakoak eta ikusitakoak kontatu zituen.
1870 eta 1872 artean, Bizkaiko Ahaldun Nagusia  izan zen.


3.- Murga eta arrantzale naufragoak

    Joxe Mari Murga poliglota zen eta euskaraz gain, espainiera, frantsesa, latina, greziera klasikoa, ingelesa eta arabieraz ederki mintzatzen zen. Arabieraz ongi jakiteak izugarri lagundu zion bere bidaietan, eta musulmanek arabiarra zela pentsatzen zuten. Horrek, zalantzarik gabe, behin baino gehiagotan bizia salbatu zion.

    Liburuan pasadizo eta datu etnografiko ainitz kontatzen ditu, horietako batean, behin, Turkiako kostaldean gertatu zitzaiona azaldu zuen. Turkia eta Errusiaren arteko gerra garaiak ziren eta itsasaldeko herrixka batean zebilela, turkiar soldadu batzuekin egin zuen topo. Hauek naufrago batzuk topatu zituzten bazterreko hondartza batean eta errusiar espioiak zirelakoan preso hartu. Naufragoak ez zeuden oso pozik eta azalpenak ematen saiatzen ziren, behin eta berriz, baina mintzaira ulergaitz batez mintzo zirenez gero, inork ez zien tutik ere ulertzen. Hori ikusirik, soldadu turkiarrek bertan fusilatzeko deliberoa hartu zuten.

    Murgak naufragoak ikusi orduko, errusiarrak ez zirela ikusi zuen. Haien itxura, haien jantziak… ezagunak egiten zitzaizkion. Halako batean horietako batek, arras etsiturik eta zerura begiratuz,  Jaungoikoa!  erran zuen ozenki. Euskaldunak ziren, Ondarruko arrantzaleak. Murga naufrago ondarrutarrekin mintzatu ondoren, gaizki ulertua konpondu zuen, eta turkiar soldaduek askatu zituzten.

4.- Joxe Mari Murgaren bigarren bidaia

    1873an, politika utzirik, Marokora joan zen bere bigarren bidaiari hasiera emateko. Hainbat hilabetetan Marokon barrena ibili zen, baina sukar handi batez gaixotu, eta Bizkaira itzuli behar izan zuen. Bigarren karlistada hasi berria zen, eta Murga boluntario ibili zen liberalekin, karlistak Bilbo inguruetatik usatuz.

1876ean Cadizera joan zen, berriz ere, hirugarren bidaia bati ekiteko prest. Marokora joateko asmoa zuen, baina sukarrak gaiztotutako gibelak aski zela erran zion, eta Andaluziako hiri hartan zegoela, urte bereko abenduaren lehenean zendu zen.  Hortxe amaitu ziren betiko Bizkaiko mairuaren ibilerak.