Haritz Larrañaga

Lorentxa Beyrie: prokuradoreak helegitea aurkeztu du

Askatasunen epaileak Lorentxa Beyrieren baldintzapeko askatasuna onartu ondotik, prokuradoreak errekurtso bat aurkeztu du uztailaren 18an. Elkarretaratze bat antolatu dute ostiral honetan 18.30ean Kanboko herriko etxearen aitzinean.

Lorentxa Beyrieren alde egindako ekimena Kanbon. ©Isabelle Miquelestorena
Lorentxa Beyrieren alde egindako ekimena Kanbon. ©Isabelle Miquelestorena

Prokuradoreak Lorentxa Beyrie presoa baldintzapean askatzearen kontrako helegitea ezarri zuen uztailaren 18an. Gauzak honela, Euskal Herritik 683 kilometrora Roanneko espetxean dagoen Kanboko presoak giltzapean jarraitu beharko du, berriz ere bere baldintzapeko askatasun eskaera aztertua izan arte. William Bourdon abokatuak argitu duenez, «hurrengo Dei Epaiketa hemendik bi hilabetera izango da», Naizeko artikuluaren arabera.

Jada 18 urte preso daraman euskal presoak baldintzapeko askatasun eskaera egiten zuen hirugarren aldia zen, eta aurreko bietan ez bezala, azken honetan epailea Beyrie kalera ateratzearen alde agertu zen, «zainketa elektronikoarekin».

Michel Tubiana, LDH (Ligue des Droits de l'Homme) taldeko eta Bake Bidea mugimenduko ordezkariak prokuradorearen jarrera gaitzetsi du AFPk berri eman duenez: «Bake prozesuarekiko jarrera arduragabea da, mendeku ekintza bat da, fiskalak ez ditu kontuan hartu egungo testuingurua eta azken urteetan eman diren urratsak».

Lorentxa Beyrieren familiak atzo NAIZi jakinarazi zionez, pozik ziren epaileak hartu zuen erabakiarekin, baina oso urduri ziren prokuradoreak izan zezakeen jarrerarekin. Fiskalak ez zuen ohiko moduan epaia kaleratu eta berehala helegieta jarri, beraz denborak aurrera egin ahala Beyrie kaleratzeko itxaropena handituz zihoan, prokuradoreak gaur gauerdia aitzin errekurtsoa jartzen ez bazuen Kanboko presoa espetxetik ateratzeko aukera baitzegoen.