Kazeta

G7 gailurrak trafikoa ere aztoratuko du

G7 gailurraren egunetan trafikoak aldaketak izanen ditu. Agorrilaren 24tik 26ra BAB etorbidea eta RD810 errepide nagusia ezingo direla erabili. Suprefeturak Biarritzetik Baionara urririk izanen den autobidea erabiltzeko aholkua eman du. Egunez egun gailur honek ekarriko dituen murrizketak xehetasun gehiagoz jakinarazten ari dira agintariak.

G7 gailur denboran ezarriko dituzten panel horien presentazioa egin dute. © Bob EDME
G7 gailur denboran ezarriko dituzten panel horien presentazioa egin dute. © Bob EDME

Hervé Jonathan suprefetak G7 gailurraren garaian trafikoaren murrizketa aurkeztu du. “Denboran kontzentratua, oso progresiboa, egonkorra eta aurreikusgarria”. Hala izendatu du plan hori. BAB etorbidea eta RD810 errepidea hetsita, A63 autobidea ez da ordaindu beharko Biarritzeko 4. irteeraren (La Négresse) eta Baionako 6.ren (Ipar Baiona) artean.

BAB etorbidea Biarritzeko aireportuaren eta Europa biribilgunearen artean hetsiko dute. RD810 errepide nagusia berriz, La Négresseko zubibidetik Angeluko jendarmeriaren biribilguneraino. Bi gurpileko motordun ibilgailuentzat, aterabidea RD754 eta RD254 (Arrosarioko bidea edo Chapelet) hartzea izanen da.

Biarritzen aparkalekuak hustu egingo dituzte. Beraz, autoa utzi nahi duenak Hipodromoko aparkalekuan utzi beharko du. Eremu gorrira ailegatzeko lotura autobusak jarriko dituzte.

Geltokiak hetsita

Baionako, Biarritzeko, Bokaleko, Getariako eta Hendaiako hondartzako tren geltokiak hetsita izanen dira. Biarritzen soilik Paristik jinen diren AHT guti batzuentzat idekiko da agorrilaren 23an. Tolosa-Baiona arteko ibilbidean Euskal Herrira jin nahi duen orok Pauen jautsi beharko du. Bordele-Baiona artekoan berriz, geldiunea Akizen kokatuko dute. Eskualdeko trenei dagokienez (TER), agorrilaren 23tik 26ra ez da bakar bat ere zerbitzuan izango.  

Ibilbide luzeko autobusek ere ez dute zerbitzurik eskainiko Baionan, Biarritzen eta Hendaian. Donibane Lohizuneko geltokia Ziburura mugituko dute, itsas lizeoaren ondora.

Informazio panelak

Agorrilaren 12tik landa, Tarnosetik Donibane Lohizuneraino “informaziorako, orientaziorako eta desbideratzerako” hori koloreko 225 seinale ezarriko dituzte.

Euskal Elkargo mailako murrizketek hiru egun iraungo duten bitartean (agorrilaren 24tik 26ra), Biarritzeko herritarrek egun bat gehiago pairatu beharko dituzt (agorrilaren 23a barne). Egun 7,5 tonako kamioiek agorrileko larunbatetan eta igandetan ibiltzeko duten debekua, asteleheneko 20:00ak arte luzatuko da 17 tonako kamioientzat.

Hervé Jonathan suprefetak herritarrei autoaren erabilera mugatzeko eta garraio alternatiboak erabiltzeko aholkua eman die. Mugikortasun Sindikatuak G7 gailurraren karietara garraio publikoaren egokipena agorrilaren hastapenean presentatu behar luke.