Haritz Larrañaga

Lorentxa Beyrie: baldintzapeko askatasunaren eskaera onartu du epaileak

Ekainaren 21ean baldintzapeko askatasunaren eskaera aztertu ondotik, galdea onartzea erabaki du epaileak. Prokuradoreak dei egin dezake.

Lorentxa Beyrieren sustengu komiteak deiturik, jende andana bat bildu zen ekainean Kanbon.
Lorentxa Beyrieren sustengu komiteak deiturik, jende andana bat bildu zen ekainean Kanbon.

Ekainaren 21ean aztertu zuten Lorentxa Beyriek egindako hirugarren baldintzapeko askatasun eskaera. "Baldintza zorrotzekin", baina euskal presoa aske uztearen aldekoa da askatasunen epailea, Naizeko artikuluak azaldu duenez.

Orain prokuradorearen esku dago baldintzapeko askatasun hori gauza dadin uztea edo trabak ezartzea. Helegitea jartzeko hamar egun izango ditu prokuradoreak. Errekurtsoa lehen 24 orduetan ezartzen bada Beyriek preso jarraitu beharko du, baina, 24 ordu pasata errekurtsorik jartzen ez bada Kanboko presoa baldintzapean kaleratua izateko prozedura abiatuko da eta epairen berri espetxetik kanpo jakin ahal izango du.

Amaia Beyrie, Kanboko presoaren ahizpak azaldu duenez, "berri ona da, baiezkoa jaso duen lehen aldia baita, baina orain, prokuradoreak zer egingo ote duen zain egitea zaila da". Aurrez bi bider egin zituen baldintzapeko askatasunak Lorentxa Beyriek eta bi kasuetan eskaerak errefusatuak izan  ziren.