Kazeta

2024ko Olinpiar Jokoak: surf probak Biarritzera ekarri nahian

2024ko Parisko Joko Olinpikoen baitako surf lehiaketa Biarritzen jokatzeko eskaera egin zuen bertako Herriko Etxeak eta orain, Euskal Elkargoak babes ofiziala eman dio hautagaitza horri.

Biarritzen munduko longboard txapelketa bitan ospatu izan da.
Biarritzen munduko longboard txapelketa bitan ospatu izan da.

Lapurdi kostaldeko hiriak 2024ko Joko Olinpikoen surf probak hartzeko aukera izatea da Euskal Hirigune Elkargoaren nahietako bat, uztailaren 10ean Jean-René Etchegaray instituzioko lehendakariak adierazi zuen bezala.

Biarritzeko hautagaitzari babesa emateko xedez, Etchegarayk 2024ko Parisko Joko Olinpikoen antolakuntza batzordeko presidentea den Tony Estangueti gutuna idatzi dio. Lapurdi kostaldeko hiria surf probak jasotzeko Capbreton, Hossegor, Seignosse eta Landetako departamenduarekin batera presentatu zen. Gisako kirol ekitaldi garrantzitsuak antolatzeko Biarritzen “trebetasuna” goraipatu zuen agintariak, adibidetzat hartuz 2017an eta 2019an ospatu ziren munduko longboard txapelketak.

“Gertakari hau gurea bezalako eskualde batentzat bereziki azpimarragarria litzateke, gidatzeko ohorea dudan Euskal Herriko elkargoak garapen ekonomikorako itsasoari loturiko aktibitatea bere lau alor estrategikoen artean kokatua baitu. Lurraldean surf ekosistemarentzat funtsezkoa den eragileen talde erreal bat bada”, erran zuen Jean-René Etchegarayk.

Biarritz eta Hossegor “lehian”

Bi hiriek kirol probak hartzeko eskaera bateratua egitea deliberatu zuten. Asmoa emazteen probak Biarritzen eta gizonezkoenak Hossegorren antolatzea zen. Baina ez da hala izanen. Izan ere, bete beharreko baldintzen artean, lehiaketak leku berean eta bakarrean egin behar direla jasotzen da.

Ondorioz, hastapenetik hala nahi ez bazuten ere, bi hiriak lehia egoera batean dira orain. Edozein gisaz, elkarlanean aritzeko prest agertu dira, besteren artean, zaleentzat animazioak antolatzeko garaian edo kirol lehiaketa hartuko ez lukeen hirian proba guziak emanez.