Haritz Larrañaga

G7 gailurraren kontrako manifestazio jendetsua Biarritzen

G7 EZ! plataformak deituta, milatik gora lagun bildu ziren uztailaren 13an Biarritzen. Manifestariek abuztuan iraganen den hitzorduaren kontra “beste mundu bat posible” dela aldarrikatu zuten.

Manifestazioa egin du G7 EZ plataformak Biarritzeko karriketan barna. (Haritz LARRAÑAGA)
Manifestazioa egin du G7 EZ plataformak Biarritzeko karriketan barna. (Haritz LARRAÑAGA)

Arratsaldeko 17.15ean abiatu zen manifestazioa Biarrizko erdialdean dagoen Gare du Miditik, eta ordu bat beranduago iritsi zen leku berera, 18.15ean puntuan. Hasiera batean Kasino aitzinean amaitu behar zen mobilizazioa, baina, antolatzaileek azaldu zutenez, azken unean prefetak ibilbidea aldarazi zuen. Edonola ere, prefetaren debekuek ez zuten antolatzaileen aldarria isilaraztea lortu, Garako artikuluak azaldu duenez.

«Euskal Herritik beste mundu bat sortzen» goiburua euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz idatzia zuen pankartak turista eta bisitariz gainezka zeuden karrikak zeharkatu zituen, eta ibilbide osoan, abuztuan Lapurdiko herri honetan egingo den G7 gailurraren kontrako leloak entzun ahal izan ziren euskaraz nahiz frantsesez.

Manifestazioa hasi eta metro gutxira, «laster sarrera debekatua izango den Georges Clemenceau plaza hartuko dugu», iragarri zuten manifestazioaren aitzinean zihoan furgonetako bozgorailuetatik. Izan ere, G7 goi bilera gerturatu ahala, eremu gorri, laranja eta berdeetan banatuko du hiria poliziak.

Kolore eta herrialde anitzetako banderak, adin guztietako manifestariak, arlo desberdinetako militanteak beren pankartekin, eta mozorroak, denetik zegoen manifestazioan. Garbitzailez jantzita zihoan emakumea «eremu kutsagarriak desinfektatzen» ari zen, gazte kuadrilla batek petardoak botatzen zituen, banketxe batzuetan pintura gorriz betetako arrautzak ere jaurti zituzten, eta amaieran, sorginek munduaren amaiera iragartzen zuten.

Aukera zabaldu

Hitzaldi ugari izan zen amaieran, baina G7 EZ! plataformaren mezu bateratua Eñaut Aramendi eta Martine Mailfert ordezkariek irakurri zuten, euskaraz eta frantsesez. «Kapitalismoa betikotzea helburu duen» G7 gailurra Euskal Herrian egiteak duen berezitasuna azpimarratu zuten, «Euskal Herria zapalkuntza mota desberdinen erresistentzia gune» baita.

«Elkartasuna eta bestelako mundu bat eraikitzeko borondatea sustraitua eta bizirik dituen lurraldean» gailurra egiteak eskaintzen duen aukera ere nabarmendu zuten: «Desberdinkeriak, pobrezia eta hondamendi ekologiko zein klimatikoen aurrean, alternatibak partekatu eta eraldaketa posible dela erakusteko balio dezake».

Azkenik, dei egin zuten abuztuaren 19tik 23ra Hendaian izango den kontragailurrean eta abuztuaren 24an Behobiatik eta Hendaiako hondartzatik Santiagoko zubira abiatuko diren manifestazioetan parte hartzera.