Kazeta

Alaitz Areitioren eskaera aztertuko du Kontseilu Konstituzionalak uztailaren 23an

Kontseilu Konstituzional frantsesak Alaitz Areitio euskal presoak egindako eskaera aztertuko du uztailaren 23an iraganen den bistan. Nizan eta Parisen gertaturiko atentatu jihadisten testuinguruan, 2016an egindako lege erreforma bat frantses herritartasuna ez duten presoentzat baldintzapeko askatasuna lortzeko galarazpena izan dela argudiatuko du presoaren defentsak.

Auzia uztailaren 23an iraganen da Parisko Kontseilu Konstituzionalean. @AnttonEtxeberri
Auzia uztailaren 23an iraganen da Parisko Kontseilu Konstituzionalean. @AnttonEtxeberri

2016ko ekainaren 3an 730-2-1 lege artikuluaren aldaketa bat egin zuten Nizan eta Parisen gertaturiko atentatu jihadisten ondotik. Erreformak giza eskubideak urratu ote dituen aztertu beharko du Kontseilu Konstituzional frantsesak. Hain zuzen, uztailaren 23an Araitz Areitio euskal presoak eginiko eskaera hizpide izanen da, Garako artikuluak bildu duenez.

Maritxu Paulus Basurco abokatuaren arabera, erreferentzia gisa baliagarria izanen den Araitz Areitioren kasu zehatzaz harago doan afera da. Bere erranetan, araudi baten erreformak suposa dezakeen berdintasun ezari buruzko eztabaida juridiko zabalago bat planteatzeko parada da.

Kasazio Gorteak artikulua maila konstituzionaleko printzipioen kontrakoa ote den ebatzi dezan eskatu dio Kontseilu Konstituzionalari. Abokatuak aipatu printzipioak ekarri ditu gogora: berdintasuna, proportzionaltasuna edo birgizarteratze ikuspegian zigorraren indibidualizazioa.

Publikoari idekita izanen den auzia 09.30ean hasiko da Parisen. Tribunalak euskal presoaren kasua aztertzeaz gain, frantses herritartasunik ez duen eta betiko kartzela-zigorra duen preso baten kasua izanen ditu mahai gainean.

Maritxu Paulus Basurcori, baldintzapeko askatasunaren eskubidea aztertzeaz gain, garrantzitsua iruditzen zaio ere betiko kartzela-zigorraren kasua partikularki aztertua izatea. Izan ere, Europako Gorteak dioenez, betiko kartzela-zigorra soilik onargarria da bete beharreko gutxiengo urteak finkatzen badira, hortik aitzina askatasun eskaera egiteko aukera izateko.

"Frantses herritartasuna ez duten eta terrorismoagatik kondenatu dituzten presoentzat oztopo den disposizio hori indargabetzen ez bada, ez zaie baldintzapeko askatasuna lortzeko eskubidea ahalbidetzen. Horrek erran nahi du praktikan betiko kartzela-zigorra aplikatzen ari zaizkiela, hots, kartzelatik ateratzeko aukerarik eman gabe, eta hori frantziar eta europar legedien kontra doa", azaldu du.

Heldu den urtean ezarritako kondena beteko duen euskal presoak Frantziako Giza Eskubideen Ligaren babesa jasoko du auziaren egunean, uste baitu oinarrizko eskubideak urratzen ari direla. Justiziaren erabakia Alaitz Areitioren aldekoa bada, abokatuak legediaren berehalako indargabetzea eskatuko luke, auzitegiak Gobernuari legea aldatzeko ematen dion epea luzea izaten baita.