Biarritzeko bizikleta errailaren aferak segitzen du

Victoria erreginaren etorbidearen berregokipenak Bizi!-ren begiradapean jarraitzen du. Mugimendu ekologistak salatu duenez, tindatu den bizikleta errailak Baliagarritasun Publikorako Adierazpenean iragarritako ezaugarriekin ez du bat egiten.

Iurre BIDEGAIN|2019/07/12 14:05|0 iruzkin
Bizikleta_eta_kotxea
Txirrindularientzat gisa honetako arriskuez ohartarazi ditu Bizi! mugimenduak.

Bizikleta errail batek bi metroko zabalera izatea aholkatzen da, Frantziako ekologia, energia, garapen jasangarri eta espazioaren planifikaziorako ministerioaren arabera. Alta, Bizi! mugimenduak salatu du Biarritzeko Victoria erreginaren etorbidean tindatu den erraila arras lanjerosa dela eta ez dituela aholku horiek betetzen. Hori dela eta, borroka horrekin segituko dutela iragarri du.

Etorbide ezagun honi loturiko bi afera daude mahai gainean. Maiatzaren 15ean, Grenelle ingurumenerako funtsaren desbideratzea salatu zuten ekintzaile ekologistek. Haien arabera, trantsizio ekologikorako funtsak autobusek beren leku propioa behar luketen errail bat arraberritzeko erabili zen. Txetx Etcheverry Bizi!-ko bozeramaleak Biarritzeko Herriko Etxeari eskatu dio Grenelle proiektuari aurkezturiko dosierra publika dezan. MEDIABASKek Mugikortasun Sindikatuari dosierra eskatu arren, egun ez du haren berririk.

Gisa berean, mugimenduak arraberritze lanek baliagarritasun publikorako adierazpenarekin (DUP) ez dutela bat egiten deitoratu du. Prozedura administratibo honen baitan, 1,5 metroko bizikleta errailak errail partekatuaren eta aparkatzeko errailaren artean egon behar luke. Neurri horiek ez dira errespetatzen.

“Txirrindulariak autoen ezkerraldetik pasatzera behartuak dira eta zinez lanjerosa aparkaturiko autoen eskuinetik pasa behar izatea da. Seguruenik istripu bat ukanen dute. Jendeak autoa aparkatzen duenez, ez du begiratzen eta txirrindulariek atearen kontra jotzeko arriskua izanen dute”, dio Etcheverryk. Bozeramaleak lehen ezbeharrak izan direla adierazi du. “Eskandalagarria da, prozedura publikoetan idatzi dutena ez dute errespetatzen. Gezur borobila da”.

MEDIABASK Michel Veunac auzapezarekin harremanetan jarri da eta honek akusazioa alde batera utzi nahi izan du: “Entzun, hau ez da mintzagai bat. Guzia arauen barnean egin da.” Alta, Bizi!-k ez du amorerik emateko asmorik eta borrokan segituko du bizikletentzat errail duin bat lortu arte. Mugimenduak Grenellen aurkezturiko proiektuan zehazturikoa gauza dadin aldarrikatzen du. “Istripu bat balego, segurua da horren arduradun nagusia Veunac bilakatuko dugula”, adierazi dute.