Tram´bus: azken frogak zerbitzua abian jarri aitzin

Uztailaren 8tik irailaren 1era, Tram´bus garraiobide berriak bidaiaririk gabe 1. linea iraganen du. Ibilgailuak zerbitzuan jarri aitzinetik egiten diren frogen azken fasea da hau.

Kazeta|2019/07/10 07:05|0 iruzkin
Guz_trambus_aurkezpena_herriko-etxea_baiona_imiquelestorena02
Ibilgailuak %100 elektrikoak izanen direnez, fase honetan modu egokian zamatzen direla segurtatu nahi dute. © Isabelle Miquelestorena

Tram´bus garraiobide berria frogen azken txanpan sartua da. Uztailaren 8tik aitzina 1. linea osoa zeharkatuko du ibilgailuen eta ekipamenduen funtzionamendu egokia egiaztatzeko. Haatik, hutsik joanen dira, bidaiariek ezingo baitute irailaren 1era bitartean erabili.

Bi hilabete horiek gidarien formazioa hobetzeko, erabiltze prozedura normal nahiz okerrei eta istripu edo gorabeherei erantzuteko prozedurak frogatzeko baliatuko dituzte. Helburua da sistema osoaren funtzionamenduaren fidagarritasuna segurtatzea eta martxan ezarri aitzin guzia ongi prestatua izatea.

Zehazki, eginen diren frogek ibilgailuaren izariak egiaztatzea permitituko dute, bai eta bidegurutzeetako sistema automatizatuen funtzionamendua ere. Bidaiaren denbora estimazioak, maiztasuna, abiadura, azken geltokian zamaketa egiteko denbora... hori guzia ere zehaztu nahi dute. Gisa berean, txartelen salmenta, irratia edota bidaiarentzat informazioa bermatu eta Tram´bus linea denbora errealean gainbegiratuko duen tresna (CTM, kudeaketa tekniko zentralizatua) ongi ibiltzen dela segurtatuko dute.

Ondorioz, froga hauek guztiek zerbitzua martxan jarri aitzin izaten ahal den edozein arazo konpontzea dute xede: ibilgailu hondatuak, ibilgailuak zamatzeko arazoak... Bidaiaririk gabeko Tram´busak biltegitik Baiona Navarre eta Biarritz Javalquinto azken geltokietarainoko ibilbidea eginen du, hots, punta batetik besterakoa.