Anaiz Aguirre Olhagaray

G7: kontra gailurraren egitaraua aurkeztu dute

Euskal Herriko G7 Ez! plataformak eta Frantziar Estatu mailako Alternatives G7 ekimenak Biarritzen eginen den goi bileraren kontrako mobilizazioak aurkeztu dituzte. Urruñan, Hendaian eta Irunen agorrilaren 19tik 25era beste mundu bat aldarrikatuko dute, 10.000 lagun biltzeko aurreikuspenarekin.

G7 EZ plataformako ordezkariak Ficoban eskaini duten prentsaurrekoan. Andoni CANELLADA
G7 EZ plataformako ordezkariak Ficoban eskaini duten prentsaurrekoan. Andoni CANELLADA

Hilabeteetako “oztopoen eta debekuen” ondotik, egitarau ofiziala osatu dute G7 gailurraren kontra elkarlanean ari diren eragile sozial, sindikal eta politikoek. Munduko zazpi potentziei aurre egiteko agorrilaren 19tik 25era manifestazioak, kontra gailurra eta "ortzadar" desobedientea iragarri dituzte Hendaia eta Irun artean.

Mobilizazioei larunbat honetan emanen zaie hastapena, uztailaren 13an, hain zuzen. Hitzordua 17:00etan Gare de Midi aitzinean den Biarritzeko lorategi publikoan emana da (eta ez Hipodromoan hastapenean iragarri zen bezala). Manifestazioak hiriko karrikak zeharkatuko ditu, “ozen eta argi errateko beste mundu bat eraikitzea urgentea eta funtsezkoa dela eta ez dela deus positiborik espero G7an izanen diren estatuburuen aldetik”. 

Bezperan, 19:00etan Askapenak eta G7 Ez! Plataformak Baionako Epaiskan konferentzia bat eskainiko dute, Kongoko Patrick Mbeko ikertzaile eta kazetariaren eskutik. Mintzagaia “Afrikaren kontrol inperialista” izanen da.

Kontra gailurra agorrilaren 19tik 23ra

Urruñako Nestlé opor gune izandakoan kokatuko da jendea aterpetzeko gunea. Agorrilaren 19an eta 20an idekiko da. Bertan kanpatu, atseden hartu eta otorduak egiten ahalko dira. Bertatik, egunero Hendaia eta Irunerantz autobusak aterako dira.

Hain justu, bi herri horietan agorrilaren 21etik 23ra konferentziak, eztabaidak eta tailerrak prestatu dituzte. “Egungo munduaren arkitektura ulertzeko, ditugun desafioetan sakontzeko eta eredu berri bat sortzeko”, diote antolatzaileek.  

7 gai nagusi hartu dituzte, gisa honetan proposaturik:

- Beste mundu baten alde, kapitalismotik eta multinazionalen diktaduratik atera gaitezen.
- Gure planetaren suntsiketaren kontra, lurra babestu, biziak defendatu.
- Mundu feminista baten alde, patriarkatuarekin bukatu.
- Herrien aniztasuna eta askatasuna errespetatu, deskolonizaturiko eta diskriminaziorik gabeko mundu baten alde.
- Demokrazia sozialaren eta guzientzat eskubide berdintasunaren alde, autoritarismorik ez.
- Herrien arteko elkartasunean oinarrituriko mundu justu baten alde, gerlei eta inperialismoari ez.
- Planetan nehor ez da ilegala, gizakientzat ezarritako mugak deuseztatu.

Manifestazioa Hendaian

Agorrilaren 24an Hendaiatik manifestazioa aterako da, goizeko 11:30ean. Bi zutabetan antolatuko da, bata Pausutik abiaturik eta bestea hondartzatik, hiriko erdigunean bat egin eta Lapurdi eta Gipuzkoa lotzen dituen Santiago zubian bukatzeko.

Biharamunean berriz, egun eta ekimen koloretsua iragarri dute antolatzaileek. “Ortzadarra” deituriko ekimenaren bidez, Lapurdiko kostaldean hainbat elkarretaratze eginen dituzte manifestatzeko debekuen aitzineko desafio gisara. “G7ak eskubideak bortxatu eta mobilizazioen antolaketan oztopo nabarmenak ezartzen ditu”, erran dute plataformatik. “Desobedientzia zibilerako ekimen masiboa” egitea da antolatzaileen xedea.  

Biarritzeko erdigunera sartzeko ezarriko diren segurtasun eremu gorri eta urdinetik harago, “ortzadarrak” Angeluko, Biarritzeko eta Baionako zazpi plaza izanen ditu jendea biltzeko topaleku:

- Biarritzeko Ozeanoaren Hiriko biribilgunea.
- Bidarte / Barroilheteko (autobidearen irteera Biarritzen) biribilgunea.
- Angeluko Maignon bidegurutzea.
- Angeluko Herriko Etxea.
- Baionako Herriko Etxea.
- Angeluko Bost Kantoi (“Cinq-Cantons”) plaza.
- Angeluko Amodioaren Ganberako (“Chambre d´Amour”) hondartza.

Txaleko Horien deia

Berriki G7 Ez! plataforman sartu den Txaleko Horien mugimenduak ere mobilizaziorako deia egin nahi izan du. Bere egitaraua zehazturik ez badago ere, tailerrak, konferentziak, “tokiko ekoizpenekin jantokiak” edo kontzertuak iragarri dituzte. “Biltzeko, partekatzeko, elkartasunerako eta ekintzarako” gune bat nahi dute. Haien asmoa da Frantziar Estatuko Txaleko Hori guziak data batean biltzea “boteretsuen aitzinean gorputz bakarra izateko”.