Kazeta

Euskara indartzeko hitzarmena izenpetu dute EEPk eta Euskaltzaindiak

Euskararen presentzia indartzeko akordioa izenpetu dute EEPk eta Euskaltzaindiak uztailaren 8an. 2017-2022 aldiko hitzarmenari esker, besteak beste, lana euskaraz egiten duten profesionalen maila jasotzeko C1etik gorako hizkuntza-prestakuntzako moduluak antolatzen ahalko ditu EEPk Euskaltzaindiaren laguntzarekin.

Xarles Videgain, Beñat Arrabit eta Andres Urrutia, akordioa izenpetu ondotik (EEP)
Xarles Videgain, Beñat Arrabit eta Andres Urrutia, akordioa izenpetu ondotik (EEP)

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta Euskaltzaindiak 2019ko hitzarmenaren eranskina sinatu dute. Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak izenpetu du akordioa; Euskaltzaindiaren izenean, berriz, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Naiz atariak azaldu duenez.

Sinatu ostean, Urrutiak adierazi du hitzarmen honek «aukera berriak» zabalduko dituela euskararentzat Ipar Euskal Herrian: «Garrantzitsua da guretzat Ipar Euskal Herriko erakundeekin batera jardutea. Aitortza egiten diguten heinean, guk geure baliabideak haien eskura jartzen ditugu, erabil eta zabal ditzaten. 2019ko akordio honek ere helburu hori dauka, euskara sustatu nahi dugu eta gure hizkuntzaren presentzia indartu Ipar Euskal Herrian. Eta, horrez gain, bertako eragileekin batera egin nahi dugu lan hau, betidanik egin dugunez».

Ardatzak

Hitzarmen honek bi erakundeek elkar aditurik egin beharreko lanen nondik norakoak zehazten ditu, eta lankidetzaren ardatzak eta erakunde bakoitzaren betebeharrak finkatu. Hortaz, ondoko hilabeteotan, hauexek izango dira partaidetzaren lan-ildo nagusiak: lana euskaraz egiten duten profesionalen maila jasotzeko C1etik gorako hizkuntza-prestakuntzako moduluak antolatu ahalko ditu EEPk Euskaltzaindiaren laguntzarekin; EEPk Euskaltzaindiaren hizkuntza-baliabideak eskainiko ditu era bereizgarrian bere webgunean; Euskaltzaindiak toponimian trebatuko ditu euskarazko toponimiaren eta horren grafiaren arloan lan egiten duten profesionalak.

Azkenik, hiru lan argitaratuko ditu Euskaltzaindiak 2019an: 'Eñaut Etxamendiren obra narratiboa (1964-2011)'; 'Euskal Literaturaren Antologia II: Errenazimendutik ilustraziora'; eta Adrien Gachiteguyren 'Laborantza. Laborantzatik hobeki bizitzeko'.

Aspaldiko elkarlana

2008ko urtarrilaren 24an izenpetu zuten Euskaltzaindiak eta Euskararen Erakunde Publikoak lehen hitzarmen-esparrua, hots, bi erakundeen arteko lankidetza garatzeko eta egituratzeko tresna baliagarria. Bigarrena 2014ko maiatzaren 20an sinatu zuten, eta hirugarrena 2017an.

Bestalde, urtero-urtero, hitzarmen orokorrari lotutako ekitaldiko gehigarria edo eranskina izenpetu ohi da. Hitzarmen-esparru horien jarraipen eta azken urteotan burututako lanen balorazio baikorra egin ostean, indarrean den partaidetza egonkortzeko nahikaria berretsi dute bi partaideek 2019rako.