Baionako Polo Beyriseko MVC elkarteko langileak sufrimenduan

Baionako elkarteak joan den ekainaren 29an bere Biltzar Nagusia egin baino lehen, LABek ekimen bat egin zuen, lau langile akiduragatik eta depresioagatik eri geldialdian direla salatzeko. Zuzendaritzaren gain jarri dute egoera horren ardura.

Anaiz Aguirre Olhagaray|2019/07/09 07:05
Whatsapp_image_2019-07-01_at_14.29.24
Eri geldialdian diren langileak ez ziren LABen protestan izan, Argitxu Dufauren hitzetan egoera "aski hauskorrean" daudelako.

Baionako Polo Beyris auzoko MVC elkartean lan egiten duten sei langileetatik lau (guziak emazteak) eri geldialdian dira eta bosgarren batek ere lan auzitegian prozedura hasi du. Ekainaren 29an, LABek ekintza bat egin zuen elkarteak bere Biltzar Nagusia eginen zuela baliatuz. Argitxu Dufau sindikatu abertzaleko kideak adierazi zuen zuzendari berria dagoenetik, mehatxuak, hitz gogorrak, larderia eta injustizia direla elkarte horretan bizi den giroaren ezaugarri.

“Gure sufrimendu sakona azaldu nahi dugu publikoki, oso loturik garen gure egituraren kudeaketa txarra dela eta”. Langile hauen arabera, 2018ko martxoan heldu zen zuzendariaren egiteko manerak biziki bortitzak dira. Aldiz, Jean-Marc Abadie MVC elkarteko presidentearen ustez, zuzendari berria aski konpetentea litzateke.

Langile batek izenik eman gabe bere lekukotasuna eman du telefono bidez, “egunerokoan ezinegona eta tentsio iraunkorra” jasan behar dutela deitoratuz. “Logalea galtzen hasi ginen, lanera heldu aitzin amesgaiztoak eta antsietate krisiak izaten, beldurrarekin... Ez genekien eguna nola pasako zen. Adeitsua izan zitekeen edo tentsio handikoa”, dio langileak, erantsiz, egituran beti motibaturik eta aski engaiaturik lan egin izan dutela.

Egoeraren txartzea zein punturaino iritsi den frogatzeko, langileak jakinarazi du kide batek bost lankideen kontrako salaketa jarri duela kalumniazko hitzak erabiltzeagatik. “Ez da elkarrizketarik”, dio geldialdian den langileak. Bere aldetik, Argitxu Dufauk zuzendaritzari bitartekari izateko egindako proposamenak nehoiz ez duela erantzunik izan azpimarratu zuen. “X alditan egin izan da”, erantzun di Jean-Marc Abadie presidenteak. “Langileen arteko kezkak kudeatzeko kabinete bat ekarri genuen”.

Egoera honekin bukatu

Polo Beyriseko MVC elkarteko presidentearen arabera, larunbateko Biltzar Nagusian LABeko hiruzpalau kide gomitatu zituzten. “Bilan moralaren mementoan, ez zen galderarik pausatu, ez zen interbentziorik izan”, adierazi du. Abadie konbentzitua da elkartearen barnean ez dela tentsio girorik eta ezta gatazka sozialik ere.

“Etxea giro bikainean ibiltzen da” eta hori defendatzeko, 2018ko urriaren 27an lan ikuskaritzak egindako inkesta batean oinarritzen da presidentea. Dionez, lan ikuskatzaileak txosten horren bidez ondorioztatuko luke bildutako elementuek ez dutela permititzen elkartean jazarpen morala dagoenik.

Aitzitik, eri geldian diren langileak alarma piztu dute: “Elkarteko bulegoak eta enplegatzaileak beren ardura hartu eta mina eta sufrimendua sortzen dituen egoera honekin bukatzeko erabakiak hartu behar dituzte. Gure osasuna da, baina baita elkartearena eta auzoarena ere”.