Kazeta

Garikoitz Aspiazu Lannemezanera hurbildu dute

Garikoitz Aspiazu Rubina euskal preso politikoa Lannemezango presondegira lekualdatu dute. Gaur arte Arlesen bakarturik zuten preso.

Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak Garikoitz Aspiazuren senideek izandako istripua salatu zuen urtarrilean. @Iurrebidegain
Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak Garikoitz Aspiazuren senideek izandako istripua salatu zuen urtarrilean. @Iurrebidegain

Azken orenetan Frantziar Estatuan euskal preso politiko baten hurbilketa berri bat gertatu da. Garikoitz Aspiazu Rubina bilbotarra Arlesetik Lannemezanera lekualdatu dute, Etxerat elkartearen arabera. Orain arte Euskal Herritik 700 kilometro ingurura zuten Aspiazu, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kiderik gabe bakarturik.

Garikoitz Aspiazu 2008an atxilotu zuten Pirinioetako Cauterets herrian. Duela sei hilabete Hélène Davo Frantziako Justizia Ministerioko zuzendari axuantak MEDIABASKi eskainitako elkarrizketan iradoki zuen Mikel Karreraren eta Garikoitz Aspiazu ez zituztela hurbilduko, ordena publikoko arazo bat izanen litzatekeelakoan. Ipar Euskal Herriko ordezkaritzarekin abian ziren elkarrizketen etenaren testuinguruan egin zituen adierazpen hauek.

Gerora, urtarrilaren 12an Baionan egin zen mobilizazioak eta oro har Ipar Euskal Herriko gehiengo sozial eta politikoak bake prozesuaren alde agerturiko engaiamenduak, elkarrizketa horiek berrabiatzea permititu zutela erraten ahal da. Ildo horretan, Aitzol Iriondoren eta Mikel Karreraren azken asteetako hurbilketei, Garikoitz Aspiazurena gehitu behar zaie orain.

Euskal presoaren bikotekideak eta 23 hilabeteko beren semeak 2019an dispertsioak eragindako lehen istripua ukan zuten urtarrilean. Haien gibeletik zihoan beste auto batek jo zuen familiaren autoa, zauriturik eragin gabe.

Azken lekualdaketa honen ondotik, Frantziar Estatuan diren gizonezkoen artean hiru dira hurbiltzea falta diren euskal presoak: Jakes Esnal, Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea. Emazteen kasuan, zortziek dispertsaturik jarraitzen dute elkarrekin noiz jarriko dituzten zain, Marina Bernadó ekainean Espainiar Estatura estraditatu eta Madrilen aske gelditu ondotik.