Aitzina Maule arraberriturik presentatu da

Beñat Elkegaray buru duen Mauleko zerrenda bide berri batean sartu da taldean bederatzi aurpegi berri integraturik.

Goizeder TABERNA|2019/07/05 14:05|0 iruzkin
Guz_aitzina_maule03_goizedertaberna
Aitzina Maule elkarteetan engaiaturik diren pertsonek osatzen dute. ©Goizeder TABERNA

Duela bost urte, Aitzina Maulek abertzaleak, ekologistak eta ezkerreko zenbait jende biltzea lortu zuen. 2020ko herri hauteskundeei begira, idekiagoa izan nahi du. Idekidura hori orain hasiko da. Joan den ekainaren 27an Maulen izan zen presentatua norabide horretan aitzinera eraman nahi duten dinamika.

Hamabi lagun hainbat astez biltzen aritu dira eta orain haiekin bat egiteko eta 23 pertsonako zerrenda osatzeko jende gehiago konbentzitu behar dute. Aurpegi berrien artean da Christophe Arosteguy, alderdi sozialistako militantea eta 2014an Mathias Davantek gidaturiko ezkerreko zerrendako hautagai izandakoa. Posible da zerrenda kide izan zituenetako batzuk ere bere bidea segitzea. Arosteguyk bere izenean egin du hautua, ez alderdiaren izenean, baina erabakiak bi tendentzia hauek Maulen duten bilakaerarekin zerikusia izaten ahal du. “Ez dugu abertzale etiketa ezarriko, euskarazko izena dugu, euskara defendatuko dugu, baina batez ere, Maulerako lan eginen dugu. Nagusiki ezkertiarrak gara”, azaldu zuen.

Bigarren hauteskundeak izanen dira Aitzina Maulerentzat eta bere xedea da mauletarren zerbitzura izanen diren lehentasunezko proiektuak eraikitzea. “Ez da garrantzia ttipikoa hori erratea”, adierazi zuen Beñat Elkegaray, taldeko buruak eta egun hautetsi bakarrak. Hiriaren finantzak zilatzen dituzten proiektu “faraonikoak” gauzatu beharrean, kideek jendea Maulen ongi sentitzea nahi dute.

Maulek duen zorra

Etxebizitza, ekipamenduak, formazioak, bizi kalitatea eta erakargarritasuna testuinguru demografiko zail batean landu nahi dituztenez, taldea jadaneko hasia da aitzinean dituen desafioei buru egiten. Ondoko hilabeteak proposamenak zehazteko baliatuko dira. Aitzina Mauleko kideek denborarekin lan egin nahi dute proiektua sakontzeko eta buxetean ezartzeko.

Izanen dituzten trabez jabetzen dira. “Gure tamainako herriekin alderatuz, Maulek duen zorra (4 milioi) arras altua da”, erran zuen Elkegarayk. Ondorioz, azken bost urteekin konparatuz, inbestimenduak erdia baino gehiago murriztuko dira, 1,2 milioitik 544.000 eurotara. Irabarneko Gazteluen egoera finantzarioa konpontzeko beharrak eta herriak Aguerria eremurako harturiko engaiamendu arriskutsuak, non hainbat mailegu badituen, badirudi mugitu ahal izateko mugak jartzen dituztela.

Konfiantzarekin

Kanpainan izaten den bezala, hauteskundeak irabaziko balitu Aitzina Maulek arduraren ariketaren barnean “gardentasuna” eta “pedagogia” sustatu nahi ditu. Konfiantzarekin lan egin nahi du, bai Maulen bai Euskal Elkargoan. “Ezin dugu Elkargoaren exekutiboko kide izan (Michel Etchebest den bezala) eta behin Xiberora jinda, kostaldeak gurekin deus ez duela jakin nahi erran”, nabarmendu zuen Elkegarayk. Bestalde, Elkargoko hautetsiekin eta teknikariekin konfiantzaz lan egin nahiko luke eta ez “indar harreman iraunkorrean”.

Michel Etchebestek bere asmoen berri eman ez badu ere, Aitzina Maulek jakinarazi du kanpaina honetan ez duela bere kontra bataila bat ukan nahi. Egia da bere kideek ez dituztela Etchebesteren lehentasunak eta metodoa partekatzen, bate ere bere pertsonan irudikatzen baita, baina guziaren gainetik hiriarentzat haien proiektua da defendatu nahi dutena. Egungo legealdiaren esperientziarekin, Beñat Elkegarayk auzapez izateko aukeretan konfiantza du. “Gehiago ezagutzen dugu elkar, badakigu nola funtzionatzen dugun”.

Bi mandaturen ondotik, egungo taldeak hats falta lukeela uste du. Ezkerrekoa ere baden Louis Labadoten Union Citoyennen nahigabeturik diren ahotsekin ere kontatzen du. Badira sei hilabete azken honek bere bideari ekin ziola. 2014an, Etchebest eta Elkegarayren artean jokatu zen bigarren itzulira bigarren lekuan iritsi zen. Herri hauteskundeetan bozkatzeko 2.264 herritar erroldaturik dituen hiri batean, tendentziek gorabeherak izaten ahal dituzte, baina nehork ez daki zortzi hilabeteren buruan zer gertatuko den.