Herriaren eta abertzaletasunaren geroaz gogoetatu dute Baionan

Atzo, uztailaren 1ean, Iratzar fundazioak Udako Euskal Unibertsitatearekin batera, XXI. mendeko abertzaletasunaz mahai ingurua antolatu zuen Baionan. Herri izatea ez dela aski nabarmendu zuten hiru hizlariek, ekiteak duen garrantzia lehen lerrora ekarriz.

Kazeta|2019/07/02 14:25|0 iruzkin
Mahai_ingurua1
Eusko Ikaskuntzak Baionan duen gela jendez bete zen abertzaletasunari buruzko mahai ingurua arretaz jarraitzeko. @Gure_Esku.

“Zer da XXI. mendeko abertzaletasuna?”. Erantzun bakarrik ez duen galdera konplexu horrek jarri zien atzoko mahai inguruan hizlari ziren lagunei hizpidea. Baionako hitzordura Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendaria, Amalur Alvarez Gure Esku Dago herri mugimenduko bozeramalea eta Eduardo Apodaka EHUko soziologia irakaslea gomitatu zituzten Iratzar Fundazioak eta UEUk. 

Abertzaletasunaren kontzeptuarekin ez ziren guztiz “eroso” Agirre eta Apodaka, kontzeptua beraren jatorriagatik edo usu garai bateko tradizioari lotu izan zaiolako. Nahiago izan zuten herriaz eta herrigintzaz mintzatu, nahiz eta bereziki ezkerreko abertzaletasunak herriaren alde egin izan duen ibilbidea balioan jarri.

Lorea Agirrek gogora ekarri nahi izan zuen bere aitzineko belaunaldia tradizio euskaltzale batekoa zela, hots, hizkuntzari, kulturari eta lurraldeari oso lotua. Baina zentzu zabal batean iraultzailea ere bazen, faxismoaren kontra zegoelako, berdintasunaren alde edota ekologista ere. Eduardo Apodakak berriz, ezkerreko abertzaletasunak homogeneizazioa trabatu eta “beharbada nahi gabe” heterogeneotasun berri bat landu duela nabarmendu zuen.

Testuinguru zaila, baina aukerez betea

Munduan gertatzen ari denari begira jarrita, hiru hizlariak bat etorri ziren egun oinarrizko eskubideen murrizketa “basati” baten aitzinean aurkitzen garela. “Estatua eta merkatua bereiztea geroz eta zailagoa da, estatua bera pribatizatzen ari delako eta munduan inperio komertzialak nagusitzen ari direlako”, erran zuen Eduardo Apodakak, egoera horren aitzinean demokratizazioa helburuetako bat izan behar dela proposatuz.

Testuinguru horretan, haatik, abertzaletasuna ulertzeko modu berriak agertzen ari direla azalerazi zuen Amalur Alvarezek eta bereziki begiratu zien burujabetza prozesuak garatzen ari diren herriei. Horien artean da Eskozia, zeinean erabakitzeko ahalmena ardatz, azken urteetan kultura politiko berri bat sortzen ari den. Gainera, Brexitak Gales eta Irlandan ere ideia horrekiko aldekotasuna indartu duela uste du Gure Esku Dago ekimeneko bozeramaleak.

Menpekotasunak eta erabakiak ezin hartzeak azkartu zuen Kataluniako prozesua. 2006ko “estatut” berri baterako proposamenak Madriletik jasotako ezezkoaren ondorioz, “kataluniarrek sentitu zuten beraien erabaki ahalmena urratzen ari zela. Azken urteetako prozesuak jendartean mentalitate aldaketa sakon bat ekarri du eta egungo belaunaldian hori atzeraezina da”, baieztatu zuen.     

Erabakitzeko ahalmena erdigunera

Euskal Herrian ere erabakiak hartzeko gaitasuna aldarrikapenaren zentroan ezarri behar denaren ustearekin, herri ekimenaren ibilbidean jarri zuen arreta donostiarrak, azken urte hauetan Euskal Herrian egin den ariketa “ahalduntze” prozesutzat hartuz. Bide horretan mobilizazioetan milaka jende biltzea eta bereziki 208 herri galdeketa egin izana oso garrantzitsutzat jo zituen.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenak fase berri bat ideki du martxoaren hondarrean. Erreferenduma proposatu du ondoko hilabete eta urtetako ardatz gisa. “Oinarrizko eskubideak gero eta zapalduago direnean, gure burua gobernatzeko ideia eta emantzipazioa indartu nahi ditugu”. Alor ezberdinetan lanean ari diren sektore emantzipatzaileekin zubiak eraiki nahi dituzte, “gai guziez erabaki eta gai guzien aterabiderako erreferenduma tresna gisa proposatuz. Islatu nahi dugu hemen gehiengo bat badela, herritar, eragile eta erakundeekin lan eginez”, argitu zuen.

Intersektorialitatearen garrantzia

Justuki, burujabetza prozesu batean borroka edo sektore ezberdinak kontuan hartzeko hariari heldu zion Lorea Agirrek. Azken urteetan ezaguna egin den “intersektorialitatea” kontzeptuaren jatorrira jo zuen lehenik, Ameriketako Estatu Batuetako emazte beltz “txiroen” borroka oroituz. Ildo horretan, Angela Davisek egindako ekarpena nabarmendu zuen, generoa, arraza eta klasea lotu baitzituen jasaten zuten eta egun oraino jasaten duten zapalkuntza hirukoitzari buru egin eta alternatiba berriak eraikitzeko.

“Guretzat zertarako balio du?” galdetu zuen Agirrek. “Gutasun” bat badugula azpimarratuz, menpekotasun egoeran, “tasun” horrek ekiteko modu ezberdinak eman behar dituela defendatu zuen, “tasun” ainitz dagoelako eguneroko bizian. “Gure gorputzetan eraikitzen da identitatea, zer garen, non gauden, nola janzten garen, zer motako harremanak ditugun... Sare horretan dauden desberdinkeria horiek guziak gainditzeko herrigintza beharrezkoa da”, erran zuen.

Ideia hori aniztasunaren kontzeptuarekin lotu zuen segidan. “Aniztasuna ez da desberdinen bilduma hutsa”. Burujabetza prozesu batean ezberdin pentsatzen eta jarduten duten horiek guziak artikulatzea jarri zuen erronkatzat, betiere guziak kontuan hartuz.    

Behetik gorako lana

“Herritik, herriarekin, herriarentzat” ikuspegiarekin, herria eta bere gibelean den guzia politizatzeko beharraz mintzatu zen Eduardo Apodaka, abertzaletasunaren lan estiloa behetik gorakoa izan behar dela gaineratuz. Mundu mailan ematen ari den testuinguru larriaren aitzinean, “herri gisa nola iraun eta gure burua nola berrasmatzen dugun” galderak pausatu zituen.

Homogeneizazioa eta heterogeneotasuna hizpide hartu zituen bere hitzartzean. Zentzu horretan, herri izatea heterogeneotasunak batzea erran nahi duela azpimarratu zuen, betiere homogeneizatu gabe. Bere ustez, beste herrialde batzuetan azken hau gertatzen ari da eta gurean ere gisako tendentziak izanen direla irizten dio Apodakak.

Euskara batuaren adibidearekin argitu nahi izan zuen ideia. Euskara heterogeneoa da euskalki eta adiera ainitz dituelako Euskal Herrian, baina euskara batuarekin batasun bat lortu zen. “Gakoa elkarren osagarri bilakatzea da, ez elkarren kontra jartzea”. Politika mailan batera jokatzeko tresnak behar ditugula iradoki zuen.

Lorea Agirreren “etorkizuna badugu eta ondorengoek ziur egingo dute” esaldiarekin bukatu zen abantzu bi oren iraun zuen debatea. Alta, eztabaida ez zen hor bukatu, bildutakoek zintzur bustitze baten inguruan giro lasaiagoan jarraitu baitzuten solasean.