Anaiz Aguirre Olhagaray

Ahetzeko eta Arbonako hirigintza planak salatu dituzte

Lapurdiko bi herrietako tokiko urbanizazio planen kontra direnek prentsa aitzineko bateratuan ur garbitzearen afera mahai gaineratu zuten. Lurraldea pairatzen ari den presio demografikoa ikusirik, haien iritziz ez da aski aurreikuspenik egiten. Euskal kostaldeko Sufrider fundazioko arduradunak “ingurumenerako egiazko arriskua” salatu du.

Ahetze, Arbona eta Bidarte arteko bidegurutzean elkarturik, hirigintza planaren kontrakoek borroka berean direla irudikatu nahi izan zuten. ©Guillau0me FAUVEAU
Ahetze, Arbona eta Bidarte arteko bidegurutzean elkarturik, hirigintza planaren kontrakoek borroka berean direla irudikatu nahi izan zuten. ©Guillau0me FAUVEAU

Joan den astean uda sasoia hasi bezain fite, osasun arrazoiengatik Bidarteko hondartza bat hetsi behar izan zuten. Geroz eta ohikoagoa den egoera honen arrazoiak azaldu dituzte aheztar eta arbonar oposiziotik: uraren garbitze sistemaren saturazioa. Ekainaren 25ean Santiago Capendeguy (Ahetzen), Xabi Aphesteguy (Arbona Bihotzean) eta Domintxeneako bizitzaileen elkarteko kideak Larre Luzea etxaldearen aitzinean elkartu ziren, prentsari azalpenak emateko.

Haien arabera, hirigintza planaren bi txostenak ekainaren 29ko elkargoko kontseiluaren agendan erabakitzeko egon beharko lukete, baina ez da hala izanen. Oposizioan diren taldeek Hirigintza Plana bertan behera uzteko galdegin dute, gutienez Bidarteko ur-araztegiak abian duen bideragarritasun azterketaren aholkuak jakin arte.

Afera honek ekainaren 3ko Ahetzeko azken herri kontseilua aztoratu zuen. Capendeguyren arabera, hirigintza planak demografiaz egiten dituen proiekzioak Bidarteko ur-araztegiak egun dituen ahalekin ez dira bateragarriak. “Garbitze sareak ez dira irazgaitzak eta Bidarteko gunea saturaziora heldu da”, adierazi du.

Proposatu duenez, Euskal Elkargoak hiru hipotesi eskaintzen dituen protokolo bat aurkeztu beharko luke: ur-araztegia arraberritu, gune berri bat eraiki edo bi aukera hauen arteko uztarketa bat egin.

Itsasoa kutsatzen duen ibaia

“2017an, Eskualdeko osasun agentziak ondorioztatu zuen Uhabia ibaiaren egoera hondartzetako uraren kalitaterako mehatxu bat dela”, dio salaketara batu den Rémi Lassauvetat Euskal Herriko Surfrider fundazioko kideak.

“Ur garbitze kolektiborik ez duten etxebizitza pribatuen arteko lotura txarrak, garbitze sareen saturazioa, laborantza lurren garbiketa... Ibaia kutsatua izateko arrazoietako batzuk dira”, baieztatu du. Ondorioak ikusten direnetik hamar urte pasa omen dira. Uhabia hondartza hetsirik izan da epe horretan “ortzantza den aldi oroz, ondoko egunean eta batzuetan, egun gehiagoz”.

Lassauvetatek ingurumenerako egiazko arriskua aipatu ondotik, salatu du Ahetzeko eta Arbonako tokiko planetan ingurumenarekiko eragina ez dela kontuan hartzen. “Lurraldearen presio demografiko azkarrak garapen politika anbiziotsuak galdegiten ditu” dio eta estrategia ikuspegi batetik, Elkargoa errealitatetik urrun dela deitoratu du. MEDIABASK euri uraren eta saneamenduaren lehendakariordea den Alain Iriartekin harremanetan jartzen entseatu da, arrakastarik gabe.