“Lekuko energia berriztagarria” eskaintzeko prest dago Enargia

Enargia kooperatibak iragarri duenez, uztailaren batetik aitzina, kontagailu elektriko bat duen Ipar Euskal Herriko edozein biztanleri “lekuko energia berriztagarria” eskaintzen ahalko dio.

Haritz Larrañaga|2019/06/25 07:30|0 iruzkin
Enargia_bobedme101ona
Enargiak Azkainen duen egoitzan egin zuten prentsaurekoa poriektuaren arduradun nagusiek. Bob EDME

Kooperatiba berria aurkezteko Azkainen egin zuten prentsaurrekoan Iban Lizarralde Enargiako lehendakariak, azaldu zuenez, «beste edozein hornitzailek bezala, 1.500 bezerori elektrizitatea eskaintzeko moduan gaude. Eskaintzen dugun energia % 100 berriztagarria dela eta lekuko ekoizleek sortua dela alde bakarra da», Naiz atariak azaldu duenez.

Nagusiki Biarnoko enpresa hidroelektriko batek sortutako energiaz baliatzen da egun Enargia, baina aurrera begira Euskal Herrian sortzen den «energia berdea» biltzen duten I-Ener edo GoiEner bezalako enpresekin lan egiteko asmoa dute. Hain zuzen ere, I-Ener izan zen Ipar Euskal Herrian energia berriztagarria sortzeko martxan jarri zuten lehen egitasmoa. Hasieratik zentral eguzki energia baliatzeko apustua egin zuten eta 2014tik gaur arte 15 zentral fotovoltaiko eraiki dituzte. Egun oraindik proiektu berriak martxan dituzte, hala nola, eguzki panel gehiago ezartzeko zein bestelako baliabide naturalak erabiliz energia ekoizteko.

Ordea, «I-Ener elkarteak egun eskaintzen duen energia kantitatea ez da nahiko gure eskaerari  erantzuteko« azaldu zuen Lizarraldek. GoiEner kooperatiba berriz, Hego Euskal Herrian dagoenez, eskaintzen duen energia eskuratzeko zailtasunak daude, baina Enargiako lehendakariak argitu zuenez, «aurrea begira bide hori jorratu nahi dugu, zeren I-Enerek pixkanaka geroz eta energia gehiago ekoiztuko du, eta GoiEnerekin lan egin ahal izateko eman beharreko urratsak emango ditugu».


Transferentzia erraza

Laura Dubernet Enargiako marketin arduradunak, «energia hornitzaile nagusien tarifa berberak» eskainiko dituztela iragarri zuen. Dubernetek azaldu zuenez, «gure bezero izateko jarraitu beharreko urratsak oso errazak dira, soilik “enargia.eus” webgunean dagoen formulario bat bete behar da, eta horren ostean aldaketa guk geuk kudeatzen dugu, beraz bezeroak ez du elektrizitate etenik izango eta teknikari baten bisitarik jaso gabe egingo dugu transferentzia».

Lekuko energia berriztagarria eskainiko duen lehen kooperatiba da Enargia Estatu frantsesean, eta aurrera begira, elektrizitatea bakarrik ez, gasa eskaintzeko asmoa ere badutela iragarri zuen kooperatibako lehendakariak, «zeren prozedura bera da». Edonola ere, «oraindik zehaztasunak emateko goiz» dela ohartarazi zuen Lizarraldek.


Burujabetza energetikoa

Energia sortzen den unetik bezeroei helarazten zaien arte hiru eremu bereizten dira. «Lehen eremua, energia sortzearena, irekia da, bigarrena, energia garraiatzearena soilik Estatuak egin dezake, eta hirugarrena, energia saltzearena ere irekia da», nabarmendu zuen Patxi Bergara Enargia proiektuko zuzendariak.

Lehen fasea, energia sortzearena, I-Ener elkartearekin abiatu zuten, eta hirugarren fasea berriz, hiritarrak energia berriztagarriez hornitzea, Enargiarekin egin daiteke. Izan ere, Lizarralderen hitzetan, «helburua zera da; hemen sortutako energia berriztagarriekin hornitzea bertako biztanleria». Alegia, ahal den neurrian, Euskal Herria maila energetikoan burujabe izatea.