Goizeder TABERNA

Josu Urrutikoetxea hainbat prozedurari buru egin beharrean

Ekainaren 19an abiaturik, Josu Urrutikoetxearentzat auzi saioak bata bestearen gibeletik heldu dira. Frantziar prozedurez gain, espainiar autoritateek idekitako beste hiru ere aztertu beharko ditu justizia frantsesak.

Josu Urrutikoetxea Euskal Herritik eta nazioartetik babes zabala jasotzen ari da.
Josu Urrutikoetxea Euskal Herritik eta nazioartetik babes zabala jasotzen ari da.

Maiatzaren 16an Savoia Garaian atxilotua izan zenetik, Josu Urrutikoetxearen kontrako hainbat prozesu judizial martxan ezarri dira. Bera egon gabeko erabaki judizialei helegitea jarri ondotik, euskal preso politikoa berriz epaitua izaten ahal da, eta horiei espainiar autoritateek galdegindako hiru entrega eskaera gehitu behar zaizkie.

1) Frantziar Estatuan bi prozedura

Frantziar justiziak Josu Urrutikoetxearen kontrako bi zigor ezarri zituen, nahiz eta bera hor ez izan. Lehena 2010ekoa da eta bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten “asmo terroristak dituen gaizkile taldeko” kide izateagatik. Parisko Zigor Auzitegiak ebatzi zuen, bere hatz-aztarnetan oinarriturik.

Bigarren zigorra 2017koa da. Zortzi urtekoa izan zen, “gaizkile terroristen erakundeko kide izatea” leporaturik. Kasu honetan ere auzitegi berak hartu zuen deliberoa. ETAren baitan 2011n eta 2013an mantendutako aktibitateak egotzi zizkioten, justuki, Urrutikoetxea Oslon bi estatuekin negoziatzeko erakundearen ordezkaritzaren partaide izan zen garai berean.

2) Urrutikoetxeak elegitea aurkeztu du

Bere burua defendatzeko aukerarik izan ez zuela ikusirik, ETAko militante ohiak bi epaiketa horien kontra egin du. Auzitegi korrekzionalak eskaera horri buruz ekainaren 28an hartuko du erabakia eta epailea alde egonen balitz, auzitegiak bi epaiketak errepikatzen ahalko lituzke.

2010ekoaren kasuan, ministerio publikoak memento hartan helegitea jarri zuen eta bigarren erabaki judizial batek zazpi urtera emendarazi zuen kartzela zigorra. Prozedura horri loturik, ekainaren 19an Laure Heinich-Luijer eta Laurent Pasquet-Marinacce defentsaren abokatuek egindako eskaera onartu ondotik, Parisko Dei Auzitegiak dosierra auzitegi korrekzionalari uztea adostu zuen.

Ekainaren 19an berean, auzitegi horrek askatasunen eta atxilotzeen epaileak Urrutikoetxea kartzelatzeko harturiko erabakia bertan behera utzi eta kontrol judizialpean berehala aske uzteko agindu zuen.

3) Kasazio-errekurtsoa

Parisko helegiteen gorteko prokuradoreak ekainaren 19ko hiru erabakien aitzinean kasazio-errekurtso bat presentatu zuen, hots: Josu Urrutikoetxearen askapenari, kontrol judizialpean jarri izanari eta 2010eko epaitua izan zenekoa kentzeari loturik.  

4) Autoritate espainiarren hiru eskaerak

Espainiar autoritateek egindako hiru entrega eskaera direla eta, bere askapena ebatzi eta berehala, Josu Urrutikoetxea berriz atxilotu zuen Barne Segurtasun Zuzendaritza Nagusiak (DGSI). Zehazki, bi estradizio eta euro-agindu eskaera bat dira. Lehen bietan 1980an Michelin taldeko arduradun baten heriotza eta 1987an Zaragozan buruturiko ekintza armatu bat leporatzen zaizkio.

Hirugarrenak “gizadiaren kontrako krimena” jasotzen du akusazio gisa. ETA erakundeak 2004ko urritik 2010era egindako ekintza armatuei loturik, zeinetan 12 pertsona hil baitziren. Bere hurbilekoen arabera, bigarren euro-agindu bat abian litzateke.

Prozedura horiek guziak aztertu bitartean, ekainaren 20an instrukzio ganbarako presidenteak ugaotarra presondegian mantentzea erabaki zuen. Ekainaren 26an, ganbara berak kontrol judizialpeko askatasunaz eman beharko du epaia.