Agosti Xahok Lehenengo Karlistaldian idatzitako bi idatzi liburu batean

Zumalakarregi Museoak eta Nevadako Unibertsitateak 1834an eta 1836an argitaraturiko Agosti Xahoren bi idatzi liburu berean bildu dituzte, GARA egunkariak jaso duenez. Idazle, filosofo eta politikari atharraztarrak Lehenengo Karlistaldiaren testuinguruari loturik idatzi zituen bi obrak.

Kazeta|2019/06/24 13:55|0 iruzkin
Presentazioa
Xahoren idatziak biltzen dituen liburuaren aurkezpena Donostian egin zuten. (Gipuzkoako Aldundia)

Zumalakarregi Museoak, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroarekin elkarlanean, Agosti Xaho (Atharratze, 1811-Baiona, 1858) idazlearen bi testu argitaratu ditu “Escritos sobre la Primera Guerra Carlista: Palabras de un vasco. Viaje a Navarra” liburuan, GARAren artikuluak berri ematen duenez. Bi idatziak Lehenengo Karlistaldi betean idatziak izan ziren. Edizioaren ardura Xabier Irujo historialariarena izan da eta liburuak –jatorrizko frantsesez eta gaztelerara itzulirik– Patri Urkizuren hitzaurrea ere badu.

“Paroles d’un Biskaïen” idatzia Parisen 1834an argitaraturiko testu laburra da eta euskaldunen askatasunaren aldeko borroka aldarrikatzen du, Karlistaldiaren sakoneko arrazoiak ulertzeko. Bigarrena berriz, Euskal Herriari buruzko eleberri erromantikoaren gailurra da, “Voyage en Navarre pendant l’insurrection des Basques (1830-1835)”, 1836an argitaratua. Bertan, Karlistaldi bete-betean Nafarroara egindako bidaia kontatzen du, Tomas Zumalakarregiren irudi erromantikoa eskainiz.

Argitalpen honek badu, haatik, aurrekaririk. Zumalakarregi Museoaren eta Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroaren arteko elkarlanaren bigarren emaitza da atzo Donostiako Koldo Mitxelenan aurkezturikoa. Izan ere, 2015ean Fredereick Henningsenen “The Most Striking Events of a Twelvemonth’s Campaing with Zumalacarregui in Navarre and the Basque Provinces” argitaratu zen.

Zumalakarregirekin “elkarrizketa”

“Paroles d’un Biskaïen” testu labur bat da eta bere itzulpen mekanografiatua Koldo Mitxelenako fondotik erreskatatu dute orain.

Bigarrena, haatik, Xahok berak Nafarroara egindako bidaia baten kontaketa da, euskal erromantizismoaren gailurra litzatekeen eleberria, hain zuzen.

Zumalakarregi Museoko zuzendari Mikel Alberdiren arabera, Agosti Xahok eskaintzen duena Lehen Karlistaldiaren interpretazio desberdina da. “Bere iritziz karlistak dira guda horretako euskaldun bakarrak, nahiz eta liberalen artean euskaldunak ere baziren. Berak ere bere burua euskalduntzat jotzen duenez, karlisten alde egingo du”, nabarmendu zuen. Ikuspegi bitxia, izatez, Xahok berak bere burua ezkertiartzat, errepublikanotzat eta antiklerikaltzat baitzuen.

Baionatik Lekunberrira, ikusten duen ororen irakurketa erromantikoa egiten du Xahok eleberrian, batez ere Zumalakarregiren irudiari dagokionez. Bukaeran ere Zumalakarregi berarekin izandako elkarrizketa bat agertzen da, Alberdiren ustez ziur aski asmatua izan zena. “Ez da ziurra elkar ezagutu zuten edo ez. Liburu amaieran Zumalakarregirekin izandako elkarrizketa bat idatzi zuen, baina suposatzen da asmatua dela”. Alberdik gaineratu zuenez, litekeena da Xahok Zumalakarregi ezagutu ez izana, edo hura ezagutzeko aukerarik ez izatea, bere pentsamendu errepublikano, ezkertiar eta antiklerikalagatik.