Joseba AURKENERENA

Eguzkiaren besta eta lurraren indartzea

IRITZIA- Udako solstizioa gainean dugu, Donibane Gaua, Jondane Johane…, eta horien inguruko sua, dantzak, kantak eta gainerako errito zaharrak. Jadanik, herrietan besta prestatzen hasiak dira: su-metak egiten, lizar adaxkak ateburuetan jartzen, lizarra edota gereziondoa herrietako plazan ezartzen, elorrizuriko adaxkak sukaldeetan ipintzen… Eguzkia indartsu datorkigu eta laster zeruko gaina ukituko du. Ekiaren gaua da eta euskaldunok gogotik gurtzen dugu.

Joseba Aurkenerena idazlea. ©Guillaume Fauveau
Joseba Aurkenerena idazlea. ©Guillaume Fauveau

Antzinateko euskaldunen mundu-ikuskera biziki lotua zegoen izadiaren irakurketarekin, hau da, natura, mundua, giza-ibilera… interpretatzeko eta ulertzeko berezko gogoeta eta filosofiarekin. Euskaldunak bere burua izadiaren baitan kokatzen zuen. Izadia ez zen berea, gizakia ez zen izadiaren jaun eta jabea, osagai bat baizik, elementu bakan bat osotasunaren barruan.

    Ikuskera naturalista-animista honetatik abiatuz, garai bateko euskaldunak haren inguru osoa antolatu zuen: bizitokia, ehiza, jainko-jainkosekiko harremanak, gizarte bera… eta baita denbora ere. Denboraren nondik norakoak kontrolatzea eta antolatzea arras garrantzitsua zen aro zahar haietan, denboraren antolaketaren bitartez naturaren ezagutza eta gizartearen egituraketa bermatzen baitziren nolabait. Horrela sortu ziren lehen egutegiak.

1. Denboraren antolamendua, egutegi zaharrak

    Gure egutegi zaharra sortzeko euskal arbaso zaharrek solstizioak eta ekinozioak hartu zituzten ardatz, ilargiaren eta eguzkiaren balizko mugimenduei erreparatuz. Ilargi eta Eki Amalurren bi alaba handiak ziren, ortzian edo zeruan euskaldunek gurtzen zituzten bi jainkosa handiak. Lehena gauarekin, iluntasunarekin eta heriotzarekin lotua. Baliteke bere izena ere horrekin erlazionaturik egotea: (h)il + argi. Bigarrena, haren ahizpa, egunarekin, argiarekin eta biziarekin lotua. Bi dibinitate horiek funtsezkoak izan ziren euskaldunen lehen mundu-ikuskera finkatzeko orduan.

    Ama-lurra, bizidun guztien ama, dugu, zalantzarik gabe, hastapenetako euskal mitoaren erreferentzia nagusia, eta sinesmen ororen abiapuntua. Amalurren bi alaben arteko oreka desiragarria eta komenigarria izateaz gain, edozein antolaketa burutzeko ezinbesteko oinarria da, eta oreka horretatik sortzen dira Euskal Herrian ditugun urtaro edo sasoiak.

    Badirudi garai zaharretan urtea bi zatitan banatzen zutela: negua eta uda. Negua litzateke neguko solstiziotik udaberriko ekinoziora doan denboraldi hotz, ilun eta hitsa; gainerako guztia uda litzateke. Bi aro eta bi egoera ezberdin, izadiaren bi aldeak. Lehendabizikoan hotza da nagusi, bigarrenean, berriz, eguzkiak protagonismo osoa hartzen du.

    Etimologiari jarraituz, badirudi urte ur eta –te atzizkiaz osatua den hitz eratorria dela, eta uraren zikloa edo horrelako zerbait adierazi nahiko lukeela. Mendi eta bortuetako elurra urtzean hasiko litzateke  –zenbait adituren iduriz— eta berriz hau errepikatzean amaituko litzateke.

2. Urtearen zikloa eta bere aldiak

    Urtearen antolakuntzan eguzkia funtsezko elementua zen. Gure arbasoek izaki biziduna zela uste zuten, urtero zeruan ziklo bat betetzen zuena, urtero sortu eta hiltzen zena. Neguburuan (neguko solstizioan) hiltzen zela uste zuten, edo hobeto esanda, data horietan eguzki zaharra hil eta eguzki berria jaiotzen zela. Hori zen, azken finean, eguberri zaharra, eguzki berri baten sortze-eguna. Sineste hau Europa zahar osoan zabaldurik zegoen eta hori bereganatu nahian, giristinoek hortxe kokatu zuten Jesus haurraren natibitate edo jaioteguna. Horrela erlijio berriak eguzki berriaren sortzea Jesusen jaiotzaz ordezkatu zuen. Euskal Herrian izena eta guztiz bereganatu zuten. eta horrela Eguberri erabili izan dugu Jesusen  Natibitatea izendatzeko. Zuberoan, dena den, Natibitate hitza erabiltzen dute.

    Neguburuan sortutako eguzki berri indargeak neguan zehar egin beharko du aitzina, Ilargiren indar ezkorren aurka borrokatuz eta lehiatuz. Pittaka-pittaka bidea eginen du eta azkenean, udaberriko ekinozioan indarberriturik agertuko zaigu. Lehen udaren garaipena da, uda etorri berriaren irabaztea, udaberriaren etorrera. Neguan lurra lokarturik dago, hartz totemikoa, gure arbaso zaharrek Paleolito Aroan leize-zuloetan ezagutu zuten izaki miresgarria, lotan dago. Ama-lurraren kolkoan lo, lurra bezalaxe; eta gizaki zaharrak hartzaren hibernazio edo neguloa imitatu zuen hotzaren eta iluntasunaren aurkako bizimodu latz hartan. Hartzaroa da, hibernazioaren aroa, garai sakratu ilunaren tenorea.

    Olentzero horrekin uztarturik dago, eguna, pertsonaia eta baserrietako tximinietan pizten zuten Olentzero-enborra izenekoa. Su indargearen jaia da, sua pizturik iraunarazten duen pertsonaia.

    Neguarekin eta hartzaroarekin loturik bada beste kontzeptu bat: inote, inaute edo inauteria deitzen duguna, ino/inau + -te atzizkiaz osaturik dena. Hau da, eguzki indargabearen aro ilun eta luzea. Negua, hartzaroa, inautea, beraz, denboraldi bera izendatzeko euskaraz ditugun izen ezberdinak dira.

    Euskal inautea aberatsa dugu, gure lurralde guztietan zabaldua dena, urtero erritoz betea errepikatzen duguna. Gizakiak inautearen bidez izadia iratzarri nahi du eta horretarako era guztietako soinu eta burrunbak egiten ditu, joareak astinduz, adarrak joz, kantu ozenak abestuz edota dantza azkarrak eginez. Lurra esnatu beharra dago, hartza lozorrotik atera, eguzkia ama-lurraren kolkotik irtenarazi, euskal gizarte zaharrari lur azaleko antolakuntza itzuli… Eta azkenean, urtero horrela eginez, eguzkia indartuko da eta udaberria zaigu itzuliko. Bedatsearen hasiera izanen da. Belar eta kimu berrien hatsa edo hastapena. Belardiak eta pentzeak, zelaiak eta baratzak ernalduko dira eta liliak eta fruituak berriz zaizkigu agertuko.

    Hortik aitzina eguzkiak ortzian zehar urtero egiten duen ibilbideari jarraituko dio, indartuz, piztuz, berotuz… eta udaburuan, hau da, udako solstizioan, ekiak zeruko gaina joko du (eki + gaina = ekaina), bere gehien gradura iritsiz. Udagoienaren garaia izanen da.

    Udazkeneko ekinozioaren inguruan euskaldunek eta Europa zahar osoan herensugea edo suge arra (tximista edo ihurtziriaren pertsonifikazioa) gurtzen zuten. Giristinoek hor San Migel ezarri zuten, herensugea hiltzen zuen pertsonaia. Udazkeneko edo larrazkeneko ekinozioan, eguzkiak indargabetze prozesu berriari ekinen dio, eta horrela jaitsiz eta motelduz jarraituko du neguburura iritsi arte. Horixe izanen da eguzki zaharraren amaiera, bere heriotza, eta baita eguzki berri baten sortzea ere. Olentzeroren enborra, Eguberria,  su indargearen tenorea, eta ziklo edo urte berri baten hastapena. Hauxe da gure arbaso zaharrek denboraren neurketaz edo urteroko errepikaz egiten zuten hausnarketa, eta ematen zioten ibilbidea.

    Denbora banaketa honek gure mundu-ikuskera baldintzatu zuen eta errotik eraldatu. Hortik atera ziren gaur gure kulturaren adierazle bereziak diren jai eta egun esanguratsuak: Olentzero, Eguberri, Inauteria, Donibane Gaua…, eta baita haien inguruan, milurtez milurte, mendez mende, asmatu eta eraberritu ditugun kontakizun, ospakizun eta jai erritualak ere.

3. Udaburua edo udako solstizioa

    Udaburua gainean daukagu. Laster ekiak zeruko gaina joko du, sorginak suaren inguruan arituko dira dantzan, gure herrietako plazetan zortziko erritualak dantzatuko ditugu lizarraren edota gereziondo magikoaren inguruan. Eta euskaldunok, Euskal Herri zahar berritu honen seme-alabok, inkontzienteki bada ere, bozkario handiaz eta grina biziaz ospatuko ditugu horiek guztiak. Suge eta apo zikinak erre!!! Sorginak eta eguzki indartsua beude!!!

Donibaneetan, udako solstizioaren banatzailean gaude bete-betean. 21-22an betetzen bada ere, europar tradizio zaharrak 23ko gauarekin, hau da, Donibane gauarekin, lotu du oso garai zaharretatik. Euskal tradizio zaharretan erraiaten denez, San Joanetan edo Donibaneetan, eguzkiak ortziko edo zeruko goia jotzen omen du, edo beste modu batean erranik, euskaldunontzat bizitzaren jainkosa den Ekik osotasuna sinbolizatzen duen Ortzi dibinitatearen teilatu gaina ukitzen du. Zenbait adituren ustez, ekaina hilabetearen izenak horren berri garbia emanen liguke: Ekaina = Eki + gaina, hau da, Ekik zeruko gaina ukitzen duen momentu edo tenorea.


4. Donibane gaueko  sua

    Euskaldunon mundu-ikuskera zaharrean beste kosmogonia naturalista-animistetan gertatu den bezalaxe, oinarrizko lau elementuak diren  ura, sua, lurra eta haizearen berri ematen digun sinbologiak eremu handia hartu du. Oroit dezagun urtea bitan banatzen dela: negua eta uda. Negua hotzarekin, ilunarekin, loarekin eta euskaldunontzat heriotzaren jainkosa zen Ilargi edo Ilazkirekin lotua zen; eta uda berriz, beroarekin, argiarekin, uztekin, ernaltzearekin eta euskaldunontzat bizitzaren jainkosa zen Eki edo Eguzkirekin lotuta.

    Solstizioetan eta ekinozioetan, hau da, sasoi batetik bestera pasatzeko egunetan, gure arbasoek oinarrizko sinbologian azaltzen diren lau elementu horietaz baliatzen ziren, uraz eta suaz, gehienbat, zenbait errito magikoren bidez sasoi batetik besterako bideak bedeinkatzeko eta errazteko. Donibane inguruko egunek udaberritik udagoienerako (2) pausoa ahalbideratzen dute,edo beste modu batean esanda, Eguzki-begi gorenaren garaira doan bidea prestatzen digute. Normala da, beraz, suaz baliatzea biziaren momenturik gorienak adierazteko. Baina ez dezagun ahantz, negua Olentzeroren inguruan, hau da, neguko solstizioaren inguruan, Olentzero enborra piztuz hasten zela Euskal Herriko bazter aunitzetan. Sua erabiltzen da neguko solstiziorako eta baita udako solstiziorako ere.

    Sua garbitzailea da, eta horixe da bere esanahirik zabalduena. Suak amaiera ematen dio garai bati eta hasiera beste berri bati, eta horretarako aurreko garaian eduki ditugun oztopoak, ezbeharrak, etsaiak eta abar errez, errazago eginen zaigu garai berri zoriontsuago batera igarotzea. Gogora ekar dezagun horretarako herri askotan erabiltzen den azti-hitz  jokoa: San Joan, nik ez daukat / besterik gogoan, / bi arraultza kolkoan, / beste bi gehiago altzoan. / Artoak eta gariak gorde, gorde! / Sorginak eta aztiak / gure artean beude! / Sugeak eta apoak erre, erre!

5. Donibane gaueko hainbat kontu

    Gipuzkoako Anoeta herrian, San Joan hirugarrenean, hau da, ekainaren 23an, arratsaldeko laurak aldera, oilasko jokoa izaten zen herriko plazan. Jokoaren ondoren aurreskua dantzatzen zuten.

    Donostian, Gipuzkoako herri gehienetan bezala, herriko plazan lizar handi bat jartzen dute eta San Joan gauean, herriko agintariek aurreskua dantzatzen dute zuhaitzaren aurrean. Ondoren, belarrez eta zuhaitz-adaxkez egindako metari su ematen diote, eta plazan bildutakoek dantza egiten dute su-metaren inguruan hasieran eta gero jauzika aritzen dira suaren gainetik.
    
    Nafarroako Arraiotzen, San Joan bezperan, elorri zuriaren adarrak mozten dira eta San Joan-lore (3), intxaur hosto eta iratzezko sorta bat osatu. Festa eguneko mezan bedeinkatzen dira sorta horiek eta ganbaran lehortu. Ekaitza lehertzean, sorta horietako lore eskukada batzuk botatzen dira sutara, eta kandela bat pizten, eguraldia hobetu arte horrela edukitzen dena.

    Gipuzkoako Elduaien herrian, oraindik bizirik da oso goiz irteteko ohitura San Joan goizean lizar edo gorosti bila, etxe atariko bi aldeetan jartzeko. Euskal Herriko bazter askotan errepikatzen da errito hau. Egun batzuen buruan, eta lehorrak daudenean, adarrak kentzen dira. Horrela etxea babesturik dago ekaitzetatik.

    Gipuzkoako Oiartzunen Euskal Herriko edozein herritan bezalaxe, San Joan Gauaren indar magikoaz sinisten dute. Horrela frogatzen du lasto sortak erretzeko duten ohiturak. Horrek soroetako etsaien erreketa eragingo zuela espero baitzuten. “Gure soloan lapurrik ez. Badaude, erre bitez. Apoak, sugeak erre eta peste txarrak erre, erre!”

    Lapurdiko Sara herrian, bidegurutze batean egiten dute sua bezperan. Suaren inguruan ibiltzen dira bertakoak arrosarioa errezatzen, eta horrekin eguzkiari bere urteroko ibilbidean laguntzen diotela uste dute.

    Azkaine herrian, gauerdia iristean, sua pizten da herriko plazan eta herriko dantzariek mutxikoak dantzatzen dituzte bere inguruan. Ondoren, bilduta dauden guztiak soka-dantzan ibiltzen dira suaren inguruan jira-biraka, eta geroxeago jauzika suaren gainetik su-meta itzali arte.

    Donibane Lohizunen, larunbateko gauean txondorrak pizten dituzte elizaren eta herriko etxearen aitzinean, eta gero horien inguruan dantza erritualak egiten dituzte.

    Urruñan 2012. urtetik, Eki Besta egiten dute suaren inguruan Jondaine Johaine dantza eginez.

    Lapurdiko Uztaritzen eta Nafarroako Beintza-Labaienen, herriko gazteak su-metaren inguruan dantzan eta jauzika ibiltzen dira. Esaten dutenez, suak gaitz guztiak garbitzen omen ditu, baita larruko sarna ere. Hori dela eta, Uztaritzen Xarnafera! oihukatzen dute, behin eta berriro, eta Beintza-Labaienen honako hau: Sarna fuera, / gaixtuk kanpora! / Onak barrenera! Lapurdiko, Nafarroa Garaiko eta Bafarroa behereko herri ainitzetan antzeko errituala errepikatzen dute urtero.

    Zuberoan, mendietan piztutako su-meten inguruan biltzen dira, eta gau-pasa ederra egiten dute dantzan, kantan eta jauzika. Azkeneko urteetan, Mixel Etxekoparrek sortutako dantza egiteari ekiten diote. Jondane Johane Dantza izena du eta hauxe dio: 1.- Urteak jin eta bihikatzen bata / bestearen ordari, /  ihautez piztürik sü berria eki begia beilari. // 2.- Izarren hautsa zü Amalürra gaudenen / bizi-emaile. / Argizagia eta ekia zure bi haürren sortzaile. // 3.- Goren-gorenik gure izarra xuri gorri / argizale. / Ekia gaü egünen egile zü denboraren jakile. // 4.- Beherapenaren aldia da gora dagongüziari. / Üngürü-üngürü urtaroak egünak sor dü gaüari. Eta lau koblen artean, behin eta berriro, errepikatzen duten leloa: Ezker negüa, esküin argia, / jaüzi aitzina dantzari. / Doblez ützüli esküak ützi, / pikaz üngürü süari.

    Adibide hauetan garbi ikusten den bezala, antzeko erritualak dira gure geografiaren luze-zabalean, hau da, gure zazpi herrialdeetan, errepikatzen direnak.


6. Donibane gauean egin beharrekoak

    Jondane Johane edo Donibane gauean, onena da gure etxetik hurbilen pizten den su-metara hurbiltzea, eta ahal izanez gero, bere inguruan, bertan bilduta dauden beste guztiekin batera dantzatzea, eta ausartuz gero, jauziren bat egitea suaren gainetik, suak eraman ditzan berekin, urtean gertatu zaizkigun gauza txar guztiak eta gure etsaiengandik libra gaitzan. To sua,zaharra eraman tzan eta berria ekar tzan!

    Bestalde, ez dugu ahantzi behar gure ateburuetan edota ate nagusiaren bi aldeetan, lizar aldaxka bana jartzen, euskaldunon zuhaitz magikoak gure etxea eta bertan bizi garen guztiok babes gaitzan. Izan bedi ekibegia  gurekin Donibane gau magikoan, euskaldunon akelarre handian!