Xan Idiart

Luhusoko haurtzaindegiko zuzendaria kanporatu du presidenteak

Veronique Goenagak kanporatze jakinarazpena jaso zuen ekainaren 12an. Benjamin Gomes haurtzaindegiko presidenteak dosierrak emateari uko egitea eta etxetik lan egitea leporatu dio.

Luhusoko haurtzaindegiko zuzendari ohiak maiatzaren 22tik 31rako soldata ere galdu du.
Luhusoko haurtzaindegiko zuzendari ohiak maiatzaren 22tik 31rako soldata ere galdu du.

Jadaneko Luhusoko Kaoliñoak haurtzaindegiko zuzendari ohi den Veronique Goenagak kargutik kanporatua izateko jakinarazpena ekainaren 12an jaso zuen. Azken deliberoa hartu bitartean maiatzaren bukaeratik bere lanean suspenditua zen. Benjamin Gomes haurtzaindegiko presidenteak eta Goenagaren ilobak burasoen dosierrak eta plangintzak ez ematea, etxetik lan egitea eta dirua nahiz ordainketa moduak haurtzaindegitik etxera eramatea leporatu dio.

Veronique Goenagak akusazio hauek osoki errefusatu ditu. Ama eskolaren eta haurraren babesarekin (PMI) mintzatu ondotik, haurtzaindegiko presidente batek legalki ez luke eskubiderik familiei loturiko dosierrak gainbegiratzeko. “Aldi oroz plangintzak jakinarazten nizkion eta etxetik hamabost hilabetez lan egin nuen, bulegorako astean zortzi orenetarako norbaiti egin behar zitzaion kontratua ez zelako nehoiz gauzatu”. Diruaren akusazioaz honakoa dio: “ez genuen segurtasuna ematen zuten kutxa gotorrik edo altzaririk, ezin nuen diru hori bulegoan utzi”. Bere aldetik, Benjamin Gomesek ez die MEDIABASKen deiei erantzun.

Burasoek afera honen lanbrotasuna salatzen dute. “Zuzendariaren suspenditzea eta kanporatzea ez dira ofizialki jakinaraziak izan”, erran du Sandrine Etchebarnek, 2017tik bere haurra haurtzaindegian duen amak. “Gainera, presidentea lehen aldikoz joan den maiatzean ikusi dut”.

Biltzar nagusia egiteko datarik ez

“Haurtzaindegirako elkarte bat bada, baina bi lagun baizik ez daude”, erantsi du Etchebarnek. Hots, presidentea eta bere ama. Urtarrilean bi burasok taldean sartzeko desmartxak egin omen zituzten eta hilabeteak behar izan ziren erantzun bat ukaiteko. Geroztik, burasoek biltzar nagusi bat galdegin dute, bereziki zuzendariaren kanporatzeaz azalpenak eskatzeko. Benjamin Gomesek tarte bat hartzeko hitza eman badu ere, oraingoz ez du datarik proposatu.

“Istorio hau ulertzea zaila da. Veronique Goenaga perfektua izan da haurrekin, nire alabak hastapenetik onartu zuen. Hemen ez denetik, bere portaeran nabaritu zaio”, dio Sandrine Etchebarnek. Bestalde, zuzendari ohiaren hitzetan, kasuari segimendua eginen dio eta ez du geldirik egoteko asmorik.