Maite UBIRIA

Egitarau aberatsa prestatu du Bizik hamar urteko ospakizunarentzat

Hamar urteko ibilbidea ospatuko du Bizik asteburu honetan Baionan prestatutako ekimenean. “Aktibismo zoriontsuaren” tokiko ikurra bilakatu den mugimendua geroz eta esparru gehiagotara heltzen da. Etorkizunari begira itzala zabaltzeko nahia adierazi du.

Hamar kandelak ufatzeko gogoeta eta besta uztartuko ditu Bizi!k. @GuillaumeFAUVEAU
Hamar kandelak ufatzeko gogoeta eta besta uztartuko ditu Bizi!k. @GuillaumeFAUVEAU

2009ko ekainaren 4an eratu zenetik, justizia sozial eta ekologikoaren aldeko Bizi! mugimenduak bere ibilbidea egin du. Euskal Herrian sortu bazen ere, tokiko borrokak (Euskal Herriko Laborantza Ganbera aitortzeko kanpaina, AHT burdinbide berria edo urre meategien aurkako dinamikak) eta borroka globalak (Alternatiba Tourretik hasita eta Macronen potretak lapurtzeko kanpaina bukatuz) uztartu ditu mugimenduak, Garako artikuluak azaldu duenez.

Hamar urte hauetan, Ipar Euskal Herrian alternatiba ekologiko, ekonomiko eta sozial andana bat sortu da: Eusko moneta, Txirrind’ola bizikleta tailer parte hartzailea, I-Ener energia berriztagarriaren ekoizlea (Enargia hornitzailearekin batera) eta berriki, Konpontxoko konponketa-kafea. Bizi!k ekimen horiek guztiak hauspotu ditu, «Euskal Herria burujabe» leloa irudikatzen duen proiektu orokorrago baten baitan kokatuz.

Besteak beste, elikadura, garraioa, energia edo kultura erdigunean jarri nahi dituen «burujabetza erreala» defendatu du taldeak, bizi baldintza duinak izateko bermeak «tokiko garapenak baizik ez dituelako sortu».

Bakegintzan ere ekarpena

Bere baitan abertzaleak eta hala ez direnak ere batzen ditu bere komunikazio tresna guztietan euskara eta frantsesa baliatzen dituen taldeak. Bere lan domeinu nagusiak ekologia eta justizia soziala badira ere, bakegintzan ere bere ekarpena egin du Bizi!k.

2016an, Bizi!ko sortzaileetariko bat, Txetx Etxeberri, Luhuson atxilotu zuten gizarte zibileko beste hainbat ordezkariekin batera ETAren armagabetzearen aldeko ekimen bat burutzen ari zelarik.

Orduan ez zen posible izan, baina handik hilabete batzuetara, gizarte zibilaren eskutik gauzatu zen ETAren armagabetzea. 2017ko apirilaren 8an bururatu zen armagabetze egunean mugimendu altermundialistako kideek papera aktiboa jokatu zuten.

Azkenaldian, larrialdi klimatikoa salatzeko Europan osoan abian eman diren dinamikak tokiko aldarrikapenekin uztartu ditu mugimenduak, hala nola klimaren aldeko martxen bitartez.

Egitaraua

Hamar urte hauetan emandako borrokaren uzta islatuko du taldeak Baionan prestatu duen bestaren bidez.

Hiru egunez luzatuko den ospakizuna, gaur 19.00etan abiatuko da, hitzaldi, bertso saio eta aperitif alaitu batekin. 22.30ean, ‘Irrintzina, le cri de la génération climat’ filma emanen dute.

Larunbatean, mugimenduaren bilakaera bertatik bertara ezagutzeko parada eskainiko dute, hala nola mugimenduaren baitan egun jarduten duten 21 talderen lan moldea erakutsiz. Horrekin batera, bertako ekoizpenak ezagutarazteko eta bistan da dastatzeko aukera izanen da, besta giroan.

Denbora berean, hainbat hitzaldi proposatuak dira. Geneviene Azam eta Corinne Morel unibertsitate irakasleek egungo krisi klimatikoari aurre egiteko estrategiak jorratuko dituzte.

Bestalde, Joseba Azkarraga soziologoak eta Alazne Intxauspe gizarte zientziak eta enpresari buruzko ikasketak egin ondoren baserrira itzultzeko parioa egin zuen andoaindarrak Euskal Herriko metamorfosi soziala eta hautu ekologikoaren bideak marraztuko dituzte, ekofeminismoaren ekarpena baztertu gabe.

Igandean, azkenik, desobedientzia zibil eta bortizkeriari gabeko «ekintza alai eta aldarrikatzaile» batekin abiatuko da eguna, eta eguerdian bazkari erraldoia izanen da Patxa plazan.

Hemen egitarau osoa